Udalekuetarako begiraleen bila dabiltza Plentzian

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko mar. 10a, 10:23
"Plentziako uda 2010" egitasmoa prestatzen hasi da jada tokiko Udalak. Horren barruan, udaleku irekiak izango dituzte 5 eta 11 urte arteko umeek, uztailaren 1etik abuztuaren 31ra arte. Hori dela eta, begiraleak behar dituzte. Lanaldia astelehenetik ostiralera izango da, goizeko 10:30etik 13:30era. Horren truke, Bizkaiko Interbentzio Sozialeko hitzarmenaren araberako soldata jasoko dute interesatuta dauden gazteek. Baldintzen artean daude: 18 urte izan edota lanaldia hasi baino lehen betetzea; euskara maila ona izatea; eta azkenik, Aisialdiko Begirale agiria edo Irakasle eskola, pedagogia, psikologia, eta gizarte hezkuntza ikasketaren bat egiten aritzea, edo bestela, Heziketa Zikloak: kirol begirale edota gizarte kultur sustapena. Izena emateko epea martxoaren 31ra arte egongo da zabalik, Goñi Portal kultur etxean (Kale barria, 2). Bestela, postaz edo helbide elektronikoz (plentzia[abildua]bizkaia.org) ere egin daiteke. E-postaz bidali nahi izanez gero, hilaren 24a izango da azken eguna. Argazkian, hainbat neska-mutil hondartzako uretan / © Plentzia.net.
Ondokoak dira aurkeztu beharreko agiriak: izen-emate orria (pdf) eta bertan aipatuko dituzun meritu guztien ziurtagiriak. Datei dagokienez, behin izen-ematea eginda, apirilaren 15etik 20ra izango dira elkarrizketa pertsonalak. Onartuen behin-behineko zerrendak, berriz, maiatzaren 14an argitaratuko dituzte. Hile horren 17 eta 18an (9:00etatik 13:00etara) erreklamazioak egiteko aukera eman ostean, maiatzaren 21an plazaratuko dituzte onartuen behin betiko zerrendak. Zortzi egun beranduago, lana lortu dutenek plangintza bilera izango dute koordinatzaileekin.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun