Hirugarren urteurrena ospatuko du bihar Sekeko gaztetxeak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko api. 12a, 20:38
Sekeko gaztetxeak larunbat honetan, apirilak 13, ospatuko du hirugarren urteurrena. Gauzak horrela, egun horretarako, ekitaldi ugari antolatu ditu udaletxeko plazan zein errota zaharrean Gazte Asanblada Sopeloztarrak (GAS). 12:00etan hasiko dira ospakizunak, azoka agroekologiko batekin. Bertara gerturatzen direnek produktu ekologikoak erosteko aukera izango dute, beraz, udaletxe plaza inguruan. Txikienek ere zer egin izango dute larunbatean. Izan ere, 13:00etan, ipuin kontalaria eta haurrentzako jolasak egongo dira. 14:30ean familia-argazkia aterako dute, eta 15:00etan, berriz, herri-bazkaria egingo dute. Bapo bazkaldu ostean, 16:00etan, bertso saioa izango da, eta ordubete beranduago, Ttek elektrotxarangagaz gazteak tabernaz taberna bazterrak alaitzen ibiliko dira. 20:00etan ekitaldia izango da, eta orduan kontzertuari hasiera emango zaio, Bizardunak, Skandalo GZ eta Burhameak taldeen eskutik. Horrekin batera, bihar herriko ostalaritza lokalak ixteko ordua bi orduz luzatzea erabaki du Sopelako Udalak. Gauzak horrela, goizaldeko 2:30ean pertsianak jaitsi beharrean, 4:30ean ixteko baimena izango dute tabernek. Klub, disko-taberna, karaoke, pub edo antzeko establezimenduek, berriz, goizeko 6:30ak arte zabalik egoteko aukera izango dute. Argazkian, lehenengo urteurreneko irudi bat / © Gazte Asanblada Sopeloztarra.
Aipatu erabakia martxoaren 13ko 36/2012 Dekretuan oinarrituta dago (bigarrenez abenduaren 16ko 296/1997 Dekretua aldatzen duena), jendaurreko ikuskizun eta jolas jardueren ordutegiei buruzkoa, udal iturriek adierazi dutenez. Aipatu dekretu horretan zehazten den legez, Udalek jaialdi izaera duten antzeko gertakarietan ostalaritza lokalen ixteko ordutegia luzatzeko eskumena dute. "Luzapen honek hirugarrenei eragozpenik eragiten ez dielakoan, eta osasun publikoari edo herritarren segurtasunari loturiko arazorik sortzen ez dielakoan onartzen da", gaineratu dutenez.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun