Plentziako ikastetxean batuko dira bihar garraioko begiraleak eta jolastokietako zaintzaileak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko urt. 21a, 17:52
Aste honetako hirugarren greba eguna izango dute asteazken honetan, urtarrilak 22, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako eskola garraioan eta jolastokietan diharduten 500 langileek. Eusko Jaurlaritzarekin akordiorik lortu ezean, greba mugagabea abiatuko dute hilaren 27tik aurrera ELA, LAB, UGT eta CCOO sindikatuek. Biharko mobilizazioen artean, Bizkaia mailan, Plentziako ikastetxe publikoan egingo dute mobilizazioa, 16:30ean. LABek salatu duenez, langileen soldatak "2009-2010 ikasturteaz geroztik izoztuak" dituzte. "Hala ere, kontratatzen dituzten sektoreko enpresek ez dituzte bereak izoztu, Eusko Jaurlaritzak, ikasturtez ikasturte, dagozkion diru-partidak handitu baititu. Diru publikoaz ari gara, eta enpresetako langileen artean banatu beharko litzateke. Baina diru banaketa hau enpresaren irabazietan bakarrik islatzen da", gaineratu du sindikatu abertzaleak. Negoziatzen ari diren edukiok honakoak dira: hitzarmenaren indarraldia 2009-2010 ikasturtetik 2014-2015 ikasturtera; lan erreforma gotortzea, hau da, enpresei kosturik ez eragitea; eta soldatei dagokienez, egun eskolako jantokien hitzarmenaren %95ean daude beharginak eta %97,5era areagotzea eskatzen dute. Argazkian, grebalari talde bat Eusko Jaurlaritzaren Bilboko egoitzaren aurrean atzo / © ELA sindikatua.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun