Saioa Sanchez preso berangoztarra zigor ziegan dute

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko api. 12a, 22:50
Saioa Sanchez Iturregi berangoztarra eta Fleury-Merogis diren beste lau preso politiko emakumeak zigor ziegetan dituzte beren bizi baldintzak aldarrikatzeko egindako protestengatik. Etxerat elkarteak salatu duenez, "azken aldian euskal presoek espetxe horretan eskubide murrizketak eta probokazioak jasan behar izan dituzte, eta espetxeko zenbait presozainen eta zuzendaritzaren jarrera aldatzeko borrokan hasi dira". Gauzak horrela, Saioa Sanchez eta beste espetxekideek plantoa egin zuten patioan pasa den asteartean. Protestaldiaren ondorioz espetxeko zuzendaritzak euskal preso politikoei 8 eguneko zigorra ezarri zien zigor ziegetan, baina zigorra apirilaren 17ra arte luzatuko da, zuzendaritzak zigor ezberdinak gehitu dizkielako. "Mitard"-era zigortu ostean, 22 ordu "ziega hotzetan" pasa behar dituzte eta beste bietan "eguzkiak berotzen ez duen 10 metro karratuko patioan" egon daitezke, Etxeratek zabaldu duenez. Zigor ziegetan ez dute oherik, eta lo egiten saiatzeko koltxoiak lurrean jarri behar dituzte. Halere, presozainek orduro ziegako argia pizten dute euskal presoak esnatzeko, "eta horren ondorioz presoek ezin dute lorik egin" laburbildu dute egoera senideen elkartekoek. Argazkian, Saioa Sanchez preso berangoztarraren irudia.
Etxerat elkarteak zabaldutako datuen arabera, Saioa Sanchezekin batera dauden emakumeak honakoak dira: Marina Bernado katalana, Ainhoa Ozaeta, Itziar Plaza eta Ekhine Eizagirre zarauztarra dira. Azken presoari beste zigor bat gehiago ezarri diote. Zehazki, 21 egunez bisitak kristala eta interfonoa dituen mintzatoki batean egin behar izango ditu. Izan ere, orain hilabete inguru, bisita baten ostean biluztean Zarauzko presoak istilua izan zuen eta horren ondorioz zigortu egin dute. Ekhine Eizagirrek "ez du zigorra onartu eta borrokaldiarekin jarraitzeko bisitei uko egitea" erabaki du, Etxeraten arabera. Apirilaren 21era arte ez du bisitarik izango eta aldi berean zigor ziegetan egongo da.

Saioa Sanchez Iturregi 2007ko abenduaren 5ean atxilotu zuten Chateauneuf de Randon herrian (Lozere, Frantzia), Asier Bengoa gasteiztarrarekin batera, ETAko kideak zirelakoan. Iazko apirilean, preso berangoztarrari 28 urteko kartzela-zigorra ezarri zizkion Parisko Justizia Auzitegiak, horietatik Sanchezek gutxienez zigorraren bi herenak, 18 urte eta zortzi hilabete, espetxean bete beharko ditu, epaiaren arabera. Mikel Carrera Saroberekin batera, 2007ko abenduaren 1an Capbretonen Raul Centeno eta Fernando Trapero guardia zibilak hil zituela frogatutzat jo zuten epaileek.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun