Lan eremuko arrisku psikosozialen inguruko ikastaroa emango du Sopelako Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko api. 29a, 14:27
Atzo, apirilak 28, aldarrikatu zen Lan Osasunaren eta Segurtasunaren Nazioarteko Eguna. Testuinguru horretan, mobilizazioekin bat egiteaz gain, Sopelako Udalak lan eremuko arrisku psikosozialen inguruko ikastaro bat antolatu du herriko langile eta enpresentzat. Izan ere, lantegi handietako edota eraikuntza sektoreko arriskuak ahaztu gabe, EH Bilduren tokiko gobernuak arreta jarri gura die "goraka egin ari diren antsietateari eta estresari lotuak dauden patologietan". Horrenbestez, ikastaroan enpresen arduradunek eta langileek parte hartu ahal izango dute. "Enpresa arduradunek langileengan estresa sortu barik zelan kudeatu ikasiko dute, eta langileek berriz, euren lana antolatzeko eta estresa ekiditeko teknikak", azaldu dutenez. Ikastaroa ekainean izango da, debalde, eta adituak eskainiko dute. Informazio gehiago www.sopelaudala.org udal web orrian egongo da eskuragarri. Argazkian, atzo bi urte, lan istripuetan hildako langile sopeloztarrak omentzeko ekitaldia Sopelan / © Sopelako Udala.
Sopelako Udalak gogoratu duenez, 2013an 50 langile hil ziren Hego Euskal Herrian “lan-istripuen” eraginez. "Hauek ez dira kasualitate edo zorte txarraren ondorioa. Giza lana beste merkantzia batean bihurtu nahi dute, irizpiderik merkantilistetara lotuz. Lanak sortzen duen kostua gutxitu nahi da, sasi eraginkortasunaren izenean, balore etiko guztien gainetik", salatu du tokiko erakundeak.

Europa mailan egindako inkesta baten arabera, langileen %72k uste du lan eremuko estresaren kasua antolaketa eskasa edo segurtasun falta direla. Langileen %66ak lan egindako ordu kopuruari leporatzen dio, eta %59ak lan eremuan jarrera onartezinak pairatu dituela onartzen du, jazarpena kasu.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun