Urriko programazioa igandean abiatuko du Berango Antzokiak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko urr. 3a, 14:08
Igande honetan, urriak 5, abiatuko dute ikasturte berria Berango Antzokian. Programazioa txikiei zuzendutako pelikulen zikloarekin hasiko da, doakoak izango direnak. Ikasturte berriaren hasierak antzerki eta dantza erakustaldiak, flamenkoa, pailazoen ikuskizuna eta Berangoko Nagusien Etxeko Lagun Beti taldeak antolatutako topaketa korala barneratuko ditu. Horrenbestez, etzi, 18:00etan, “Ernest eta Celestine” pelikulak umeentzako euskarazko zinearen zikloaren agenda zabalduko du. Animaziozko film luzean izen horiek dituzten protagonistak diren bi sagutxoen istorioa kontatzen da. Txikienei zuzendutako hurrengo filmak Yogui hartzak Estatu Batuetako Yelowstone parkean igarotako abenturak azaltzen ditu. Umeentzako emanaldirik garrantzitsuena urriaren 26an izango da, Txirri, Mirri eta Txiribiton juniorren “Dantzan” ikuskizunarekin. Argazkian, Berango Antzokia / © Berangoko Udala.
Herriko antzokiaren programazioak Ana Rosa Terceroren eta Udal Dantza Eskolaren dantza erakustaldia barneratuko du. Ekintza honetan sormen dantza, gaur egungo dantza eta dantza klasikoa ikusi ahal izango dira. Urriaren 25ean ere jardunaldi garrantzitsua egongo da, Berangoko eta Astrabuduako jubilatuen elkarteetako abesbatzen saio bereziarekin.

Urriaren 11n Candela Entsegu Zentroak doakoa izango den flamenko emanaldi bat eskainiko du Berango Antzokian.

2014ko urriko programazioa Berango Antzokian (pdf)

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun