Metro Bilbaok Plentziako geltokia ixteko asmoa duela salatu dute

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko aza. 11a, 18:48
Gaur 19 urte bete dira Bilboko metroa ibiltzen hasi zenetik. Bertoko langileak, baina, ez daude ospakizun askotarako. 2015eko apirilean, Aste Santuarekin, hasiko omen dira Urdulizko trenbide pasagunea lurperatzeko lanak. Eta horien ondorioz, "bi urtez edo", Plentziako eta Urdulizko bidaiariek autobusez egin beharko dituzte Sopelako geltokirainoko joan-etorriak, Metro Bilbaoko enpresa batzordeak azaleratu duenez. ELA, CIM, CCOO, UGT, LAB eta ESK sindikatuek salatu dutenez, "geltoki horien erabiltzaileentzat nahikoa eragozpen eta gainera Metro Bilbaoko zuzendaritzak langileak kendu nahi ditu Plentziako geltokitik, neguko hilabeteetan". Ondorioz, "ez da informaziorik, bezero-arretarik, ez eta txartelak erosteko laguntzarik emango 16 hilabetez gutxi gora behera", langileen ordezkariek salatu dutenez. Argazkian, urteurrena baliatuz, "azaroaren 11n, 11:00etan" egin dute kontzentrazioa Metro Bilbaoko langileek, Plentziako geltokiaren aurrean.
"Langilerik ez egoteri geltokiaren inguruko foru errepidean eta geltokirako sarbideetan ere zirkulazioaren segurtasun handirik ez dagoela gehitzen badiogu, Plentziako geltokia inolako zerbitzurik gabeko geraleku bihurtuko da bi negu luzez", diote Metro Bilbaoko enpresa batzordetik. Egun hiru langile egoten dira bertan txandaka eta horiek tokiz aldatuko dituzte, sindikatuen arabera. Hain zuzen ere, enplegua bermatzeaz gain, zerbitzuaren kalitatea da ELA, CIM, CCOO, UGT, LAB eta ESKren kezka nagusia: "Plentziako geltokiak eta bizilagunek geltokiko langileak behar dituzte zerbitzua jasotzeko, bai zerbitzua normalean ari denean bai, eta are gehiago, trenen ordezko autobus-zerbitzu luze hori bezalako egoera degradatuan". Hori dela eta, informazioa, bezero-arreta, txartelak erosteko laguntza... emateko , Plentziako geltokia "erabilgarri" egotera konprometitzea eskatu diote Metro Bilbaoko zuzendaritzari.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun