Presoen aldeko gala egingo du Sekeko gaztetxeak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko aza. 20a, 11:37
Bihar zortzi, hilaren 28an, presoen aldeko gala ospatuko du Sopelako Sekeko gaztetxeak, hirugarren urtez. Gaztetxeko asanbladak azpimarratu duenez, gatibu sopeloztarrak "urrun egon arren gure babesa eta beroa sentitu dezaten" da ekimenaren xedea. Ildo horretan, eskualdeko eta Euskal Herriko eta makina bat herritan bezala Etxerat elkarteak hileko azken ostiralean Sopelako udaletxe plazan deituta duen elkarretaratzean parte hartzera deitu dute gazteek. Iluntzeko 8etan izango da hori. Kontzentrazioa amaituta, herritik zehar arituko dira musikatutako poteoa dela medio. 22:30etik aurrera, Sekeko gaztetxeak hartuko ditu ekimenak, hurrenez hurren, galaren ekitaldia bera, herriko tabernariek egindako pintxoen dastaketa librea eta presoei postalak bidaltzeko propio egingo den photocall-a. Horren ostean, gau osoan zehar musika eta hainbat ezusteko izango dira, Sekekoko kideek iragarri dutenez. Eguna heldu bitartean bi ohar egin dituzte gaztetxeko partaideek. Alde batetik, ospakizunerako bakoitzak dituen trapurik onenak bilatu eta 28an janzteko eta, beste aldetik, gau horretan entzungo den musika guztien gustukoa izan dadin hurbiltzeko asmoa duen lagun bakoitzak abesti bi proposa ditzala eskatu dute. Horretarako, sekekogaztetxea@gmail.com posta elektronikora idatz daiteke. Argazkian, Sopelako Etxeratek euskal presoen alde egindako mobilizazio bat.
Sopelako presoen aldeko 3. galaren egitaraua

- 20:00etan, udaletxeko plazan azken ostiraleko kontzentrazioa.

- 20:30ean, poteo musikatua herritik zehar.

- 22:30ean, ekitaldia gaztetxean eta herriko tabernetako pintxoak musu-truk.

- 23:00etan, photocall presoei postalak bidaltzeko.

- Ostean, gau guztian zehar, musika eta hainbat sorpresa izango dira!

Ekimeneko kartela

gali
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun