Presoen aldeko hamaika ekimen dira egunotan eskualdean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko abe. 26a, 19:24
Urteko Azken Ostirala hartuko dute gaur Euskal Herrian 200 herrik baino gehiagok. Preso eta iheslarien eskubideen aldeko ekimen hori aspaldidanik abiatu zuen Etxerat preso politikoen senide eta lagunen elkarteak, baita Uribe Kostan ere. Besteak beste, Algortan, Itzubaltzeta / Romon eta Leioan 20:00etan izango dira elkarretaratzeak, Telletxe plazan, Xake plazan eta Bulebarrean, hurrenez hurren. Ordu erdi beranduago, 20:30ean, kontzentrazioa burutuko dute Plentziako Astilleron. Hitzordu horietara ez dira faltako gazteak. Izan ere, Ernaik deituta dozenaka gazte batu dira "Denok ala inor ez!" dinamikaren baitako "11 konpromiso, askatasunerantz!" ekimenera. Algortan izan ezik, gaur goizean baraualdiari ekin diote aipatu herrietako gazteek, eskualdeko hiriburukoek azken ostiralarekin batera egingo dutela. Hamaika jarduera burutu dituzte. Bestalde, bihar, goizeko 11etatik aurrera, Algortako Sarek hartuko du Txiki eta Otaegi plaza. Bertan, hainbat mahai izango dira, mugimenduaren inguruko argibideak eman, Sarekide egin, argazkia atera, bideoa ikusi, dispertsioaren liburua jaso, iritzia bota, Urtarrilaren 10eko manifestaziora deitu eta materiala eskuratzeko aukera emango dutenak. 13:00etan, berriz, agerraldia egingo dute, Algortako SAREren oinarriak eta norabideak irakurri eta argazki kolektiboa egingo dutela. Ordu berean, 13:00etan, Basauriko kartzelaren aurrean presoen etxeratzea aldarrikatuko du Sortuk. Argazkian, hainbat gazte Itzubaltzetako baraualdian.
Gazte baraualdien egitarauak eta irudiak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun