Udal hauteskundeak 2015

Motxiladunen turismoa erakarri nahi du Getxoko PSE-EEk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko abe. 29a, 23:59
Sei hilabete baino gutxiago falta dira datorren maiatzaren 24ko udal hauteskundeetarako eta alderdi gehienak ari dira jada beren posizioak hartzen. Getxoko PSE-EEren kasuan, Jose Luis "Txefo" Landa Artetxe aukeratu zuten alkategai pasa den azaroaren 30eko primarioetan. Orain dela egun batzuk, maiatzean aurkeztuko duen programa sozioekonomikoaren lehen zirriborroa plazaratu zuen Txefo Landak, Algortako Portu Zaharrean erdara hutsean egindako agerraldian. Zerrendatutako ildoak izan ziren hiritarren parte-hartzea, tokiko merkataritza, Ibarbengoako industrialdea, maila ertaineko turismoa, espekulazioaren aurkako neurriak, Emakumeen Etxea eta Algortako Portu Zaharrerako babesa. Agerraldiak Getxoko PSE-EEren batasuna irudikatu zuen, bertan aurreko alkategaia, Luis Almansa, eta primarioetako arerioa, Agus Ruiz, Landa babestuz agertu zirela. Argazkian, "Txefo" Landa.
Getxoztarren bizi kalitatea hobetzeko asmoz, hainbat proposamen aurkeztu zituen hautagai sozialistak, jakinda ere udalerri horretan eskumako alderdiak direla nagusi eta aginduak betetzeko hiritarren babes ugari beharko duela. Gauzak horrela, lehentasunezkotzat jo zuen udaletxea auzotarren parte hartzera zabaltzea, "hiritarrak jada ez direlako lau urtero bozkatzearekin konformatzen; dagozkien gaiez iritzia eman, eragin eta erabaki nahi dute". Bide horretan, Udalaren Antolamendurako Arautegia erreformatzea nahi du, besteak beste Hiritarren Parte-Hartzerako Arautegia eta Aurrekontu Parte hartzaileak bertan txertatzeko.

Bigarren lehentasuna tokiko merkataritza izango da, Landaren hitzetan: "beti sostengatuko ditugu establezimendu txikiak, herria dinamizatu eta biziago egiteaz gain enplegu kopuru handia sortu eta mantentzen dituzten auzoko dendak". Horretarako, beste ekimen batzuen artean, eskatu du egungo Merkataritza Mahaia aldatzea, Merkataritza Sektorerako Kontseilua bilakatu dadin. Horrek ahalbidetuko lieke oposizioko taldeei bertaratzea eta eskuduntza Udalbatzaren esku uztea.

Enpleguarekin jarraituz, Getxoko PSE-EEk Ibarbengoan industrialdea eraikitzearen aldeko apustua berretsi dute. Parke mistoa nahi dute bertan, kutsagarriak ez diren enpresa txiki eta ertainak hartuko lituzkeena, batez ere teknologia esparrukoak.

Motxiladunen turismoa

Gurutze-ontzietarako kaiei begira, alkategai sozialistak berretsi nahi du Getxok turismoa erakartzeko duen ahalmena, baina azken hamarkadetan jeltzaleek egin duten modutik aldenduz: "aldarrikatu behar dugu gurutze-ontzien turismorako sarbide gisa dugun posizio estrategikoa, gure irudia kanpoan sustatuz, bidaiarien abiapuntuetan. Baina ekimen turistikoak ezin dira zuzendu soilik erosteko ahalmen handia duen turismora ezta luxuzko hotelak eraikitzera ere". Alternatiba gisa, Aiboako institutu zaharrean gazte aterpea jartzeaz aritu zen, motxiladunak eta maila sozioekonomiko ertaineko turistentzat.

Berdinketa Arloari dagokionez, Getxoko PSE-EEk historikoki eskatu duen Emakumearen Etxea behingoz gauzatzeko ahalegina eskaini zuen, tratu txarrak pairatzen dituztenentzako harrera pisua aldarrikatzearekin batera. Era berean, bortxakeria matxista prebenitzeko neurri gehiago proposatu zituen.

Portu Zaharra

Hirigintzan, "interes publikoaren alde" mintzatu zen, "espekulazioen eta hiri-negoziotzarren aurka". Alde horretatik, Udal Etxebizitza Plana bultzatu eta alokairu sozialeko etxebizitzak eraikitzea proposatu zituen. Jorratu zuen azken puntua Portu Zaharra Birgaitze Integratuko Area izendatzeko beharra izan zen. Bere aburuz, "orain arte, Udal Gobernuak turismo ikuspegitik begiratu dio Algortako Portu Zaharrari, bisitariak erakartzeko gunea legez, bere xarmagatik, taberna eta jatetxe erakargarriengatik, laburbilduz, kostaldeko herri ikusgarria izatearren". Aipatutakoa egia izanda ere, "auzotarrak, bertan diren pertsonak, euren behar eta eskaerak, orain arte bigarren mailan gelditu dira eta gure asmoa da Birgaitze Integratuko Area izendapenetik aurrera hainbat prozedura martxan jartzea: hala nola, eraikinak hirigintza eta azpiegitura aldetik egokitzeko, etxebizitzen bizi baldintzak hobetzeko eta eraikinen akabera orokorra moldatzeko".

Hautagaiaren profila

Landa, 56 urteko filosofia irakasle algortarra, azken 15 urteotan Romo-Artatza institutuan jardun duena, udaletxera bueltatuko da, 20 bat urte beranduago. Izan ere, 1991 eta 1994 bitartean Euskadiko Ezkerrak lortu zituen zinegotzi bietako bat izan zen, alkateordetza eskuratuz bi urtez. 1993an, Euskadiko Ezkerra PSErekin batu zenean, Bizkaiko Ingurumen delegatu gisa lan egin zuen Jose Antonio Maturana sailburu sozialistaren taldean eta Patxi Lopezen Gobernuan ere Mendebaldeko Kantauriar Arroen Bulegoaren burua izan zen, URA agentziaren barruan. Bertatik arreta handia jarri dio Gobela ibaiari, besteak beste. PSE-EEren barruan ere badu eskarmentu handia: Bizkaiko Exekutibako kidea izan zen eta egun Algortako idazkari nagusia da. Bitartean, 2007an eta 2011n Getxoko udal hauteskundetarako zerrendetan agertu zen, baina bietan azkena, bigarren ordezko gisa.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun