Adiorik ez, gero arte baino!

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko abe. 30a, 01:12
2003ko azaroaren 8an jaio zen UKBERRI.NET, "Euskaldun Egunkaria"-ren "Bizkaia" gehigarriaren desagerpenak utzitako hutsunea betetzeko asmoz. 11 urteotan 20.000 istorio baino gehiago argitaratu ditu Uribe Kosta eta Erandioko euskarazko agerkari digitalak. Irakurtzen ari zaren hau UKBERRI.NETen azken albistea duzu. Hori dela eta, amaitu baino lehen, eskerrak eman gura dizkiegu, jarraitu gaituzuen eta lagundu diguzuenoi, berriemaileei... denoi mila esker! Baina, ez pentsa hau adioa denik. "UK" aldizkariarekin, Justuri irrati-egitasmoarekin eta euskalgintzako eragileekin batera, Uribe Kostako komunikazio-talde euskaldun berria sortu dugu: HIRUKA. Hiru euskarri izango ditu: atari digitala, paperezko astekaria eta irratia. Azken hori hilabete batzuk barru abiatuko da, baina agerkaria eta astekaria, urtarrilean bertan egongo dira sarean eta kalean. Argazkian, HIRUKA bultzatzen duten langile eta eragiletako batzuk "UK"n argitaratutako irudian / © Asier Mentxaka - "UK" aldizkaria.
Euskarazko komunikazio-talde berria sortzera doa Uribe Kostan: HIRUKA.

"UK" aldizkaria, UKBERRI.NET webgunea eta eskualdeko euskalgintzako eragile garrantzitsuenek bat egin dugu horretarako, eta kooperatiba bat sortuko dugu.

Kooperatibaren xedea

“Gure eremuko euskaldun eta euskaltzaleei komunikaziorako baliabide erakargarriak eskainiko dizkiegu euskarri desberdinetan, zuen eta gure konpromisoarekin eskualde euskaldunagoa eta soziokulturalki biziagoa bihurtzeko asmoz”.

Egitasmoaren ezaugarriak

• Ilusio handiz sortu den egitasmoa da, eskualdeko euskarari bultzada emango diola sinetsita. Uribe Kostan 100.000 euskaldun eta ia euskaldun gara; guri guztioi begirako egitasmoa eta eskaintza da, baita gu guztion bultzada ere beharko duena.

• Hiruka komunikazio-talde berriaren helburua:

“Uribekostarrei euskarazko komunikazio tresna integral, sendo, indartsu, multimedia eta kalitatezkoa eskaini gura diegu”.

• Berritasun ugari:

Paperezko eskaintza: "Hiruka" astekaria: "UK"ren hamaboskaritasuna baino, "Hiruka" astean behin kaleratuko da. A4 neurria utzi, eta "Hiruka" egunkari tabloidean izango da; zuri-beltzez baino, kolorez!

Interneteko eskaintza: UKBERRI.NET webgunea goitik behera berrituko da. Atari digital oso bat sortuko dugu, parte-hartzea bultzatuko duten komunitatea atalarekin eta beste zerbitzu berri askorekin ere bai.

Irratia: Uribe Kostarako euskara hutsezko irrati bakarra sortzeko asmoa dago.

Egitasmo berriak bultzatzaileak beharko ditu. Horretarako aukera bi:

A) proiektuan zuzenean eta barrutik parte hartzeko kooperatibako Bazkide eginez,

Bazkide Erabiltzailea:

• Pertsona Juridikoak....... 1.000 euro
• Norbanakoak .................. 100 euro
+ Urteko kuota .................... 30 euro

Bazkide Erabiltzaile izanda:

• Proiektua gidatuko duen Batzar Nagusiko partaide izatea.
• Errektore Kontseiluaren kide izateko aukera.
• Kooperatibak sortutako produktuen gaineko beherapenak eskuratzeko aukera izatea.

Bazkide Laguntzailea:

• Pertsona Juridikoak .......... 200 euro
• Norbanakoak ..................... 50 euro
• Instituzioak ................... 2.000 euro
+ Urteko kuota ..................... 33 euro

Bazkide Laguntzaile izanda:

• Proiektua gidatuko duen Batzar Nagusiko partaide izatea.
• Errektore Kontseiluaren kide izateko aukera.
• HIRUKAk egindako eskaintzez baliatzea, doan ala prezio murritzagoan.

B) egitasmoa bultzatzeko ekarpena eginez: laguntzaile soila, hirukalaguna izanda.

Laguntzaile soila izan zaitezke urtero ekarpen bat eginez. Ekarpenaren zenbatekoa zuk aukera dezakezu, gutxienekoa 35 euro izango da. Hirukalaguna izateak astekari berritua modu berezian jasotzeko eskubidea eta beste hainbat onurez baliatzeko aukerak ematen ditu.

HIRUKAren hurrengo aurkezpenak

Lemoiz, Barrika, Urduliz, Berango, Gorliz, Itzubaltzeta, Sopela eta Plentziatik igaro ostean, Gabonetako oporrak igarota, urtarrilean, jarraituko dute HIRUKA aurkezteko batzar irekiek.

Leioa
Urtarrilak 8, osteguna
19:30ean, udal euskaltegian

Astrabudua
Urtarrilak 8, osteguna
19:30ean, Josu Murueta kultur etxean

Algorta
Urtarrilak 15, osteguna
19:30ean, Villamonte kultur etxean

Altzaga
Urtarrilak 16, ostirala
19:30ean, posta zaharrean

Informazio gehiago: info[abildua]hiruka.info

Hirukaren bazkidetza orria (pdf)

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun