Munduko Ondarea izendatzea?!

Erabiltzailearen aurpegia Armando Llamosas 2016ko urt. 28a, 19:31

Hedabide batzuek Punta Begoña UNESCOK Munduko Ondarea izandatzearen asmoa argitaratu dute. Lasterregi ez da izango?

Hamaika ikusteko jaioak gara! Leku utzita, makro-hotela, geroari buruzko zalantzak... eta, bat-batean: "Punta Begoña UNESCOk Munduko Ondarea izendatzea nahi da".
Behin baino gehiagotan, esan dugu (hemen ere bai) Punta Begoña, kokapenagatik, historiagatik, monumentua izateagatik, Getxoko ondare nagusietarako bat dela. Beraz, balitz bezala tratatu beharko genuke: konpondu, zaindu, ikertu, landu, erakutsi eta haren baloreak zabaldu, bertakoek zein kanpokoek disfrutatzeko. Antzekoa izan behar zuen prozesuak, logikoa eta harritzen ez duen prozesua, edozein monumenturen bezalakoa. Horregatik, duela bi urte, ez guztiek, onartu genuen Punta Begoñari buruzko egindako plangintza, baina-k eta arazoak ikusi arren. Unibertsitateak, bermea emateaz gain, udalari itzalak kentzen bide zizkion. Hau da, seriotasuna zein konfiantza ematen zion.
Sentitzen dut. Punta Begoña ez da Munduko Ondarea, eta ez da izan behar. Zertarako? Ez du betetzen haien irizpiderik, eta ez da batere beharrezkoa. Ondarea zaindu eta ondo kudeatu behar dugu; ondare itzela baita, esanguratsua baita eta hiritarroi gutaz asko esaten baitigu. UNESCOren izendapenak balore gehiagorik ez dio emango. Burutazio hori, agian, turismo sakrosantua ekartzeko estrategian dago. Txarragoa. Punta Begoñak ez du merezi erabilera hutsal hori. Getxon ezin da dena gurutzaontzien menpe egon, batez ere, zentzua ez duenean.
Berriak beldurra eman zidan. Bide horretatik bagoaz, orduan bai, Punta Begoña arriskuan dago. Edo ez dakite zertan dabiltzan, edo ez dute baloratzen. Aukeratu. Norbaitek udalean erantzungo zuelakoan nengoen. Inork ez. Gai honi buruzko tentsioa galdu ei da. Berri txarra.

(HIRUKA, 46; 2016ko urtarrilaren 28tik otsailaren 3rako alean argitaratuta)

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun