Kultura alternatiboa ere beharra

Erabiltzailearen aurpegia Armando Llamosas 2016ko api. 25a, 21:36

Esparru tradizional batean bizi gara. Abangoardia ez gara, ez Bizkaian, ez Euskal Herrian, ez Espainian. Historiagatik, atzerapenagatik, tradizionalak gara. Hala ere, kanpoko ekimen alternatiboren bat ikusten dugunean, ondo baloratzen dugu.

Egun hauetan, Getxoko Txorimalo gaztetxeak 10. urteurrena ospatu du. Nahita nahiez, bertako kultura alternatiboa gaztetxeetan, eta haren zirkuituetan, egon da arlo askotan. Jakina, beste leku batzuetan ere sortzen da, ofizialki bultzatuta: laguntza ekonomikoa, azpiegiturak… horretarako dago administrazioa. Ona eta ezinbestekoa.

Horrela izanda ere, kultura leku askotatik sor, esperimenta eta zabal daiteke. Horregatik, kultuak diren lekuak: Frantzia, Alemania, Britainia Handia, leku alternatiboak bizitzen uzten dute; are eta gehiago, askotan, gida turistikoetan eskaintzen dizkigute. Askotan kale egin arren, noizbehinka zerbait berezia sortzen da, eta beti tokiko kultura aberasten dute. Beti.

Zoritxarrez, bertako gizartea, politizatuegia dena, etsaiez beteta dago. Guk kontrolatzen ez dugunez, etsai bihurtzen dugu; beraz, itotzen saiatzen gara. Kukutza, sortzeko zentro garrantzitsua zena, orain orube utzita auzo utzita batean besterik ez da; kulturari dagokionez behintzat, basamortu kulturala. 

Bertan Kukutza ez dugu. Zoritxarrez, gure herriak txikiak dira, eta gure udalek etsai eta arazo besterik ez dute ikusten. Ze ondo legoke gaztetxe horiek bere ekitaldiekin herria beteko balute! Ze ondo legoke udalek bultzatuko (edo utziko) balute zentro horietako sorkuntza eta programazioa, noizbehinka arazok sortu arren! Azken finean, taberneroekin ere arazoak dituzte, eta, hala eta guztiz ere, etsaiak ez omen dira.

(Orijinala: Hiruka, 56; 2016ko apirilaren 20a)

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun