Europako Ondarearen Jardunaldien arrakastaren ondoren

Erabiltzailearen aurpegia Armando Llamosas 2016ko aza. 16a, 19:41

Ondarearen Europako Jardunaldiak (OEJ-JEP) pasatu dira. Urtero, urriako kultura egutegia betetzen dute, eta, urtero, herritarren erantzuna itzela izan da. Askotan, parte hartzeko ekimen itxietan, epea ireki bezain laster betetzen dira. Hitzaldiak, txangoak, bisita gidatuak… Arrakastatsuak dira, dudarik gabe, eta hausnarketarako ere oso aproposak.
 
Batetik, hain arrakastatsua denez, hasierako tentsioa galtzen da, ekitaldi guztiak beteta daudenez, informazioa eta jardunaldien presentzia murrizten da, ia-ia desagertu arte. Ezin dugu ahaztu, ekitaldiaz gain, tentsio kulturala eta ondarearen protagonismoa mantentzea oso garrantzitsua dela. Nire herrian, adibidez, lehenengo astea behin pasata, ez dut ikusi kartelik, oharrik…ezer ere ez ardunaldien ekimenak, ordea, hilabete osoan zehar egin dira.
 
Beste alde batetik, eta jardunaldiek ageri uzten digutenez, milioiko galdera: Zergatik jardunaldietan egiten den ekimen bat oso arrakastatsua da, eta bi aste pasa ondoren, azaroan, lau katu joaten dira? Benetan bitxia. Triste dauden museoak edo gelak betetzen dira urrian; aldiz, bi hilabeteren ondoren, gai berberarekin, zazpi lagun besterik ezin dute bildu. Esan dezakegu Jardunaldiak ondo antolatuta daudela; egia da, baina bere efektuak, soilik, ezin du hainbesteko desberdintasuna azaldu.
 
Jardunaldiaren publikoa aztertu behar dugu, nongoa den, nora doan eta zergatik joaten dira; zein den bere interesa… Modu horretan hobeto ulertuko dugu gure kultura eskakizuna; hortaz, hobeto eskainiko dugu eta, nagusia, zabaldu egingo dugu. Aprobetxa dezagun OEJ-JEPren arrakasta, eta erabil ditzagun, egun batzuetatik urte osora bere onurak hedatzeko.
 
(Argitaratuta: Hiruka, 26 zk 2016/11/10 - 11/16)

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun