Bidaia

Erabiltzailearen aurpegia Eduardo San Andres 2016ko mai. 11a, 22:54

Bidaia zoragarri baten kondaira

Denak zihoazen espazio-ontzi berberan. Haien memorian ez zegoen gordeta bidaiaren abiapuntua, eta noiztik zebiltzaten bidaiatzen ere ez. Batzuk, ameslariek, betidanik egon zirela zioten, gehienek ez zioten bere buruari galdera hori egiten. Bidaide eta tripulazio ugari zegoen ontzian, eta batzutan elkarbizitza ez zen erreza, argudioak eta borrokak ere sortzen ziren sarritan, baina, nolabait, euren arimaren sakonean, denek zekiten elkarlana ezinbestekoa zela bidaia portu onera eramateko. Egia esan, gauzak ez zeuden txarto antolatuta, elikagaiak ekoizteko gune bereziak zeuzkaten, toki aproposak hildakoen gorpuak gordetzeko... eta horri esker bidaiak jarraitzen zuen.

Baina une arriskutsuak ere egon ziren tarteka, arazoak hain larri bilakatu ziren noizbait, ezen bidaiaren patua kolokan geratu zen batzutan, ontziaren motoreak matxuratzeko arriskuan ere egon zirelarik. Ezbeharra saihestea ezinezkoa zirudienean, ordea, azken momentuan tripulazioko mekanikariek arazoa konpontzen lortu zuten. Jendeak oraindik gogoratzen zuen hotzikara batekin azken gertaera hori. Benetan gertu egon zen istripua...

Eta ume bat. Ume bat leihotik begira. Begirada espazio zabalean. Baita ametsak ere. Umea ez da konformatzen, eta eskuetan daraman kandela bazter ilunetara gerturatzen du behin eta berriro, mamuak eta bildurrak uxatzeko edo. Espazio-ontziak bere bidaia jarraitzen duen bitartean, bere iskanbilak, komeriak, borrokak, pozak, tristurak eta istorioak haien antzezlana jokatuz, itxaropen apalak, bere eskuan Zientzia eutsiz, iluminatzen gaitu.

Espazio-ontziaren izena Lurra zen, eta helmuga, ezezaguna. Agian, izarretara. Etxera.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun