Iazko hezurrak: basakeriaren normaltasuna

Erabiltzailearen aurpegia German Kortabarria 2015ko ots. 20a, 13:00

Basatasunaren itzulera normaltasunaren itzulera baino ez da, esan du David Rieff historialari amerikarrak azken urtarrilean Parisen gertatutako hilketen harira. Munduaren -gizakion- basatasunaren normaltasunak ardazten du, hain zuzen ere, Unai Elorriagaren Iazko hezurrak liburu bikaina.

Bi planotan garatzen du Elorriagak bere narrazioa: batean, Irene Arriasen bizitzaren berri ematen digu, 1971ko urtarrilaren 25ean Borreguero doktorearen Algortako avenida del Ejércitoko klinikan jaio zenetik; beste planoa zabalagoa da, bortxaren mural moduko bat osatzen baitu munduan zehar, handik eta hemendik, bildu dituen odol eta samin puskekin. Aldian behin bi planoek bat egiten dute denboran edo espazioan: “Irene Arriasek amaren titiburua aurrenekoz harrapatzen asmatu zuen unean bertan, abiatu zuen estatu-kolpea Idi Amin Dada jeneralak Ugandan”, edota “segundotan heldu zen (Irene Arrias) Fadurarako tunelera. Handik hurbil, metro batzuetara, hil zuten Eustakio Mendizabal 42 urte lehenago”. Arriasen istorioa eta izugarrikerien katalogoa albaintzen doazen lau atalen tarteki gisa “atzerriko egunkarietan aurkitutako” zortzi narrazio sartzen ditu Elorriagak, ipuin ilunak, ospelak, hainbatetan Elorriaga berak euskaratutako Ádám Bodorren Artzapezpikuaren bisita eleberriko giro gozakaitza gogorarazi didatenak.

Ez da erraza Iazko hezurrak klasifikatzen, hari buruzko iruzkinek nabarmendu duten moduan. Nobela deritza eta bada, Irene Arrias alegiazko pertsonaiaren bizitza eta gorabeheren berri ematen baitigu. Askotariko iturrietatik jasotako  gertakari historiko bortitzen bilduma ere bada,  kontalariak maisuki aletu duena  dokumentazio lan eskergak ez dezan dorpetu  kontakizunaren jarioa.

Gizakion izaerari  buruzko saiakeratik ere badu liburuak: agintearen aurreko moldakortasuna, jokabide basatienak geure egiteko gaitasuna,  edota bestearekiko –urrutikoa zein gertukoa izan– enpatia arrasto txikiena ere ezabatzeko erraztasuna, agerian jartzen zaizkigun ezaugarriak dira;  Elorriagak ez du, baina, konklusiorik proposatzen,  barrenak harrotzeko moduko gertakariak kontatzen dizkigu, irakurlea hausnar-bidera bultzatuz. 

Orain artekoa gutxi balitz, gure herrian –batik  bat euskal komunitatearentzat– garrantzia handikoak izan diren gertakari eta bizipenen oroimena ere badakar liburuak: gerra eta gerra ostea, errepresioa, ikastolen sorrera eta garapena, ETA, Guardia Zibila eta enparauak, hildakoak –batekoak, bestekoak edota auskalo nongoak–… Algortan gertatutakoak kontatzen ditu Elorriagak –“benetan Algortakoa” den hain jende gutxi duen herriaren memoriak behar ditu horrelako ekarpenak–, baina banago asko direla Euskal Herrian oso antzeko bizipenak izan dituzten herriak. 

Idazkera garbia eta adierazkorra du Elorriagak. Euskara ulerterraza darabil, gure hizkuntzan irakurtzeko erreparoa dutenek ere hiztegi premiarik gabe irakurtzeko modukoa. Ez da, ordea, liburu erosoa, denbora-pasa edo ihesbiderako irakurketa,irakurlea larrimineraino astintzen duen literatura baizik. Espanturik gabe kontatzen dira izugarrikeria lazgarrienak ere, izugarrikerien egileek bere eginbehartzat dutena espanturik gabe betetzen duten moduan, berdin jaun kondeak Bereterretxe hiltzera bidalitako hirur dozenak , nola tutsien ehizan 9:00etatik 18:00etarako lan-ordutegi zehatza zintzo betetzen duten hutuen taldeek: Iazko hezurrak-en bortxa eginbeharra da, gehienbat, ez plazer iturri; kontatzen diren basakerietan ez dago sadismorik, hotzikara eragiten duen enpatia eza baizik.

Mundu berezia sortu du, beste behin, Unai Elorriagak, oraingoan ez kartoizko ezlekuan, Algortan jaio, hazi eta bizi den  protagonistaren inguruan baizik. Bortxak eta hark eragindako saminaren obsesioaz bizi da Irene Arrias, haietan du jarrita arreta eta haien ikuspegitik begiratzen du mundua, harik eta  hainbesteko grinaz arakatutako bortxak Arrias bera ere harrapatuko duen arte. Irakurlea pozik uzten duten amaiera borobilak maite ez omen dituen egilea zorrotz lotzen zaio printzipio adierazpen horri. Iazko Hezurrak-en amaiera latzak koherentzia ideologiko osoa du bortxaren nonahikotasuna erakutsi digun kontakizunean: basatasunaren normaltasuna, azken batean. Fikzioaren aldetik, ordea, behartu samarra –nolabaiteko deus ex machina– iruditu zait bortxaren arakatzaile obsesibo izatetik bortxaren biktima izaterainoko aldaketa gertatzen den modua.

Azkenik, iruditu zait hainbeste samin eta ankerkeria biltzen dituen liburuan umore printzak ere utzi dituela Elorriagak. Horietakotzat hartu dut, behintzat, protagonistaren Irene Arrias izen-abizenarekin egiten duen jolasa: grezierazko Bakea, batetik; Algortako erdi-erdian kokatutako ehorztetxearen Sarria izenaren aldaera, bestetik. Banago ez dela Elorriagak tartekatu duen bihurrikeria bakarra izango.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun