Bagoi sozialaz

Erabiltzailearen aurpegia German Kortabarria 2016ko urt. 27a, 12:08

"Erabakitzeko eskubidearen trenak bagoi soziala behar du, bagoi instituzionalaz gain", esan zigun Juan Jose Ibarretxe lehendakariak urtarrilaren 19an lepo betetako Andres Isasi aretoan; areago, onartu zuen bagoi soziala falta izan zitzaiola karguan zegoenean gidatu zuen erabakitzearen aldeko saioari.

Etxera itzuli nintzenean, aipatu kontzeptuaren larregizko lausotasuna gogotan, aurkitu nintzen Enbata.info astekari jaso berrian gaiari zetozkiola iruditu zitzaizkidan Txetx Etcheverry-ren adierazpen batzuekin*: labur esanda, abertzaleen jarduna ezin dela identitate premiei erantzutera mugatu, hauek oso garrantzitsuak izanda ere, eta erantzun zehatzak eman behar dizkiela jendeak egunero pairatzen dituen krisi eta arazoei, hala nola, lana, osasuna, etxebizitza, garraioa, bizi baldintzak edota ingurugiroaren krisi eta arazoei. Horra hor, pentsatu nuen, bagoi sozialaren egitekoa: aipatu diren arazo eta krisiei erantzunak eratu ahala, identitate eta erabakitzeko eskubide hutsetik haragoko identitatea eta erabakimena eraikitzea. 

Instituzioen segizio izan nahi ez duen bagoi sozialak, ordea, traba egiten die teorian erabakitzeko eskubidea aldezten duten kudeatzaile politiko askori ere. Hori eman du aditzera, esaterako, Urkullu lehendakariak "alarmatuta" azaldu denean “ardurarik gabeko mugimendu sozialak” Kataluniako prozesuan izaten ari diren eraginagatik: utikan demokrazia parte-hartzailea!, ulertzen zaio ardurarik gabeko botere ekonomikoen tiraniaz inoiz alarmarik erakutsi ez duen agintariari.

Demokrazia parte-hartzailea garatu behar du, hain zuzen ere, bagoi sozialak, instituzioekin dialektikan, erabakitzeko prozesua bultzatzeko eta azkartzeko bere ikuspegia, exijentziak eta indarra jar ditzan. Instituzioen atoian joan ordez, lokomotorra izan behar du bagoi sozialak.

*http://www.enbata.info/articles/alternatiba-du-pays-basque-au-global-et-vice-versa

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun