1766ko matxinoak gogoan

Erabiltzailearen aurpegia German Kortabarria 2016ko api. 20a, 19:54

Apiril honetan bete dira 250 urte Azkoiti eta Azpeitiko matxinadatik, Iñigo Aranbarrik “Txanton Garrote agertokitik jaitsi zen eguna” liburuan gogora ekarri digunez. 1766an, Carlos III.ren pragmatika liberalizatzaile batek alearen kontrol publikoa kendu eta salerosketa librea ezarri ondoren, lur-jabe eta merkatariak garia eta artoa pilatzen ari ziren, prezioekin espekulatzen eta garestien sal zezaketen merkatuetara eramaten.

Apiril honetan bete dira 250 urte Azkoiti eta Azpeitiko matxinadatik, Iñigo Aranbarrik “Txanton Garrote agertokitik jaitsi zen eguna” liburuan gogora ekarri digunez. 1766an,  Carlos III.ren pragmatika liberalizatzaile batek alearen kontrol publikoa kendu eta salerosketa librea ezarri ondoren, lur-jabe eta merkatariak garia eta artoa pilatzen ari ziren, prezioekin espekulatzen eta garestien sal zezaketen merkatuetara eramaten. Goseak eta gose are handiagoaren beldurrak – “llegó el precio de la cosecha hasta no llegar el jornalero a ganar con su trabajo para solo pan”– eragin zuen matxinada hura, Gipuzkoako beste hainbat herritan eta Markina, Ondarru eta inguruetan ere erreplikak izan zituena.

Azkoiti eta Azpeitiko jauntxoek, matxinoen oldarrak kikilduta, kapitulazioak onartu behar izan zituzten eta, beste hainbat neurriren artean, gariaren eta artoaren gehieneko salneurria hitzartu. Herritarrek kantu eta dantzaz ospatu zuten garaipenak ez zuen luze jo; hezur eta mami ziren agintari eta jauntxoek 1500 gizoneko ostea bidali zuten eta Urola ibarrean preso-sokak hartu zuen soka-dantzaren lekua: “erbesteratzeak, kartzelaldiak, armadan egin beharreko zerbitzuak, isunak… 439 kondenatu agertzen dira azken nominan” (Aranbarri), tartean emakume eta adineko dezente; “Mozal” legearen aurrekaria ere ezarri zuen Diputazioak, bitxia bada ere, propio emakumeei zuzendua: que las justicias prendan también a cualquier mujer que hable contra estas providencias.

Merezi du aipatzea 1766an libertatearen eta aurrerapenaren izenean herri xehea xehatu zutenen buruetarikoak zirela euskaldun ospetsuen panteoian jarriak ditugun Peñafloridako kondea, Narrosko markesa eta besteren bat. Oligarkia ilustratuak jende arruntarekiko zuen erdeinuzko begiradari erreparatu dio, hain zuzen ere, Aranbarrik, bi gertaera kateatuz: Peñafloridako kondearen “El borracho burlado” operaren estreinaldia (1764) eta bi urte geroagoko matxinada. Operak burlaz irudikatzen du Txanton Garrote mozkortiaren eskarmentua Don Diego kaballeroaren eskutik; hordikeriaz gain, beste bekatu bat, are zigorgarriagoa, antzematen du Aranbarrik Txanton gizarajoaren jokabidean: txepetxa izaki, karrastarro edo urretxori dela sinetsi izana, hau da, “gizartean ez dagokion toki bat hartu nahi izatea”.

1766ko matxinadaren ondoren, olgetan irudikatutako eskarmentua benetan burutzen saiatuko dira Peñaflorida eta enparauak, jende printzipalari kontu eske aritu zaion jende bajuak larrutik ordain dezan ausarkeria. Erregearen ordezkariak den korrejidoreak apaldu beharko du haien suhartasuna –“los principales de las dos villas, y en especial los de Azcoitia, quieren y me piden ejecuciones prontas”, erreinuko legeek ez diotelako besterik gabe heriotza zigorra ezartzea baimentzen.

Bistan da Sociedad Vascongada de Amigos del País sustatu zuten Azkoitiko Zalduntxoek ez zituztela Euskalerria adina maite euskal herritarrak.

Liburuaren azala

Liburuaren azala

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun