Garbitzaileen greba Getxon

Zaramaren auzia eta EAJren ardura.

Erabiltzailearen aurpegia Ibon Rodríguez Larrinaga 2015ko mar. 31a, 18:27

Hilabetez luzatuko da garbiketa eta hondakinen bilketako langileen greba, eta egun hauetan alkate eta EAJren aldetik langileen eta enpresaren arteko gatazka dela esan ohi dute, eta, gehien jota, eta oposizioko alderdiak eskatuta, bitartekari lanak soilik egin dezaketela esan dute. Baina hori ez da egia.

Egoera honen lehen erruduna eredua da, pribatizazioan oinarritutako eredua, PNV-k, PP-k eta PSE-k bezala, berea egin duten modelua. Gure kaleetako zarama biltzen dituzten langileek Getxorako egiten dute lan, Getxoko gure kaleak garbitzeko lanean ari dira, eta, beraz, Getxoko langileak dira. Udal langileak ez badira pribatizazioaren ondorioz udalak bere ardurak beste batzuen eskuetan utzi nahi izan dituelako da.

 Pribatizazioa saltzen digute bide bakarra balitz bezala, eta hori ez da egia. Funtsean pribatizazioa diru publikoa esku pribatuetara bideratzeko “iruzur” legala da, eta “eredu” horretan galtzaileak eta irabazleak beti berdinak. Irabazleak enpresa zehatz batzuk, eta bidean Udalak eta Alkateak bere ardurei jaramonik ez. Galtzaileak betikoak; lehengoak, hiritarrak, gure dirua gutxi batzuen esku uzten da eta ez da izaten zerbitzua hobetze aldera, gauza horiek ez direlako inoiz gertatzen, eta bigarrenik, langileak, beren lan-baldintzak baitira urratzen direnak behin eta berriro.

 Krisi garai honetan pribatizazio eredu txar horri udalen “kudeaketa ona” kontzeptu okerra gehitu zaio. Okerra esaten dugu, kudeaketa ona ez baita prezioa merketzea, baina EAJ-k hori saldu nahi digu. Behin eta berriro entzuten dugu kontratu hau edo bestea aurreko urteetan baino merkeagoa lortu duela udalak, baina galdera garbia da: merketze horren ondorioak nork pairatzen ditu? Inork pentsatzen du enpresak irabaziak murriztuko dituela? Merketzearen ondorioak langileen bizkarrera jausten dira beti, langileen lan baldintzak okerrera joaten dira eta hiritarrok dugun zerbitzua txarrera egiten du. Langileek PP ren eraso bortitza jasan zuten txarto deitutako lan-erreformaren ondorioz, eta ondoren EAJ-k, erreforma horretaz baliatuz eta beren “kudeaketa ona” kontzeptua aitzakiaz, gehiago zigortzen ditu.

 Beraz, Landa alkate jauna, EAJ-ko kideak, bai, ardurak badauzkazue. Kontratuaren arabera langileen baldintzak bermatu daitezkelako eta ez duzuelako egin; ardura duzue merke eta ona gauza bera delako saldu nahi diguzuelako. Baina zuen ontasunak langileen galerak dira. Ardura zuzena daukazue zuek bultzatzen duzuen pribatizazio sistemaren ondorio zuzena delako eta badagoelako kudeaketa egiteko beste era bat, kudeaketa publiko zuzena. Ez da langileen eta enpresen arteko liskarra, eredu txar baten ondorioa da, EAJ-k eta PP-k bultzatzen duzuen egiteko moduaren ondorioa.

 Zaramak ikusi ditugu orain... baina etorriko dira beste batzuk, pribatizazio eredua ustelduta dagoelako, eta beste batzuk datozenean, alkateak eta EAJren zinegotziek esango dute ez dela beren arazoa, baina jakin badakigu beraiek sortutako arazoa dela.  

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun