Hitza ematen dut

Erabiltzailearen aurpegia Ibon Rodriguez Larrinaga 2015ko eka. 15a, 11:17

Legeak hala behartuta hitza ematen dut. Horrela esan nuen larunbata 13an udaletxean zinegotzi izateko, legeak arrotz sentitzen ditudan konstituzio eta lege zapaltzaile mordo onartzera behartzen nauelako herritarrek agindutakoa egin ahal izateko.

Beti gustatu izan zait emandako hitza betetzea, konpromisoa hartuta bete egin behar da, baina oraingoan gauzak zailak jarri dizkidatela uste dut, edo gutxienez emandako hitz horrek ñabardura asko dauzkala.

 Hitz ematen dut kalean zein udaletxean bide demokratiko eta baketsuen bitartez lan egingo dudala konstituzio arrotz hori eta berari lotuta dauden lege zapaltzaile guztiak deuseztatzeko.

 Hitz ematen dut Getxoko talde guztien eskariak, kritikak eta proposamenak entzuteko, aztertzeko eta, Getxoko herriaren onerako badira, aurrera ateratzeko prest egongo naizela.

 Hitz ematen dut herritarren abotsak, haiek hala nahi izanez gero, nire ahots izango direla. Getxoztarron nahiak nire nahiak, eta pertsonen ongizatea nire ongizatea.

 Hitz ematen dut herritarren partaidetza eta erakundeen gardentasuna ardatz izango direla nire jardunean.

 Hitz ematen dut euskal preso guztiak etxean egon arte lanean segituko dudala, gure herri handi eta txiki honen normalizaziorako eta elkarbizitzarako oinarrizkoak direlako.

 Hitz ematen dut biktima guztien aitortza eta errespetua bultzatuko ditudala, euren erabilera petrala salatuz. Herri honen etorkizuna aurrera begiratzean datzalako, elkarbizitza eraikitzeko jasandako eta eragindako sufrimendu guztiak aitortuz, berriro antzeko zerbait gerta ez dadin.

 Hitz ematen dut, fracking, AHT, edota zementozko antzeko nahi guztien aurrean lurraren emankortasuna defendatuko dudala. Gure ingurugiroaren aniztasunean eta osasunean baitatza gure bizimoduaren etorkizuna.

 Hitz ematen dut gure hizkuntza eta kultura defendatuko dudala, beste leku batzuetan jaiotako getxoztar anitz guztien kultura eta bizipenak gurearekin uztartuz, gizarte anitz eta solidarioa sortzeko.

 Hitz ematen dut lan baldintzen eta langileen eskubideen kontrako eraso guztien aurrean kokatuko naizela, neoliberalismoari aurre eginez eta aberastasuna gutxi batzuen esku utzi beharrean gizarte osoan zabaltzeko.

 Hitz ematen dut zapaldutako herriekiko elkartasuna bultzatu eta praktikatuko dudala. Emakumeen eskubideen alde egingo dugula, emakumeen eskubideak nire eskubideak direlako eta gizarte honen etorkizuneko sostengua direlako.

 Hitz ematen dut Getxo ezkerrera eramateko ahalegin guztiak egingo ditudala, baina horretarako zuen guztion laguntza beharko dut, eta hala espero dut, kritikak, proposamenak, ekarpenak, eskariak jasotzea, hain zuzen.

 Eta bukatzeko, honetan ez dut hitzik eman behar, jakin badakidalako inoiz erratuko naizela, akatsen bat egingo dudala. Orduan beharko ditut zuen kritikak, zuen indarrak eta babesak egindako akatsak zuzentzeko.

Hitz ematen dut, nire EH Bildukideek, Arantzak, Maitek eta Oierrek ematen duten bezala, herriko kaleetan, tabernetan, ekitaldietan, borroketan, elkarteetan topatuko gaituzuela.

 Mila esker guztioi eskaini diguzuen konfiantzagatik, eta eskaini ez diguzuenoi… hori da hurrengo lau urteotarako dugun beste erronka.  

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun