Lorezaina

Erabiltzailearen aurpegia Ibon Rodríguez Larrinaga 2017ko urt. 31a, 12:01

Goizeko 8ak dira. Kafea hartzen nagoela leihotik ikusi dut lorezaina. Egunero dabil mimoz eta maitasunez loretxoak zaintzen, belarra txukuntzen. Lana baino gehiago pasioa dario bere aurpegiari. Kepa du izena, urteak daramatza herriko parkeak eta lorategiak zaintzen, eta urte horietan hainbat enpresatan aritu da. Udalarentzat lorezaintza zerbitzua irabazten duen enpresarentzat egin ohi du lan. Berdin dio izena, Kepa, eta Keparen lankideak, enpresaz enpresa dabiltza, udal lana egiten dute, baina ez dira udal langileak.

Herriko inguru honetan hiru urte daramatza Kepak lanean, enpresa bakoitzak gune desberdinak egokitzen baitizkie langileei. Baina ni bizi naizen tokia txukundu zutenetik, Kepa ari da bertan lanean. Esan behar dizuet ez zutela ingurua txukundu eta urbanizatu ni bertaratu nintzelako,zaharren egoitza berria jarri zutelako baizik. Pribatua da bai, IMQ delakoa da jabea, eta IMQk landatu zituen edadetuentzako belar eta lorezko hesiak. Eraiki eta gero, akordioa egin eta Aldundiari alokatu zizkion aittite-amamantzako oheak eta udalari eman berdegunea,; harez geroztik ari da Kepa etxe azpiko loreekin berbetan.

 Egunkariak dio udalak urte betez luzatu duela parkeak eta lorategiak zaintzeko zerbitzua kudeatzeko kontratua. Urtebete gehiago egongo da Kepa enpresa berean leiho azpiko lore irudiak egiten, gero auskalo.

 Tartean-tartean, arinago ateratzen naizenean, hitz batzuk trukatzen ditugu, gaur bezala. Baina gaur, Kepa, zahartuta ikusi dut. Lunbalgiak eta gripeak jota dagoela esan dit baina baja ez duela hartu nahi. Alaba txikia unibertsitatean du eta bajan gutxiago irabazten dela eta dirua soberan ez dagoela. Ihartzeko bidean dagoen geranio zahar bati begiratu dio; “libre emango diot geranio horri” iragarri eta, enpresak botatzeko agindu diola esan dit, “hemen daukat berria, gaztea landatzeko. Baina nik geranio hori ez dut botako”, Kepak, “hiru urte hauetan nirekin izan da. Etxera eraman eta zainduko dut, hotz eta eguzkitik babestuta; ondo zainduta eta geriztatuta bizitza luze eta oparoa du honek oraindik”, xuxurlatu dit irriño batekin”.

Agur esan behar izan diot, lanera garaiz iritsi behar, eta metroan Kepa ezin burutik kendu egon naiz. Bizitza osoa bere maitasun guztia jarri du gure herria, loreak, eta lorategiak zaintzen eta oraindik ez du lortu zaindua izateko eskubidea. Udal langilea ez den udal langilea da Kepa.

Ilunabarrean, etxera itzuli naizenean, manifestazioa zegoen leiho azpian, egoitza aurrean. Lan baldintza duinak eskatzen zituzten emakume langileek, zaintza duinak eskatzen zituzten egoitzako erabiltzaileen senitartekoek. Belar gainean ari ziren, Kepak zaindutako lorategian, geranio gaztea zapaltzen. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun