Euskadiko Piraguismo Txapelketa

Erabiltzailearen aurpegia Inaki Eguzkitza 2017ko ots. 27a, 09:29

Datorren domekan, martxoaren 5ean, Euskadiko Piraguismo txapelketa Irunen.

Datorren domekan jokatuko da Irunen, Bidasoa ibaian, Euskadiko Piraguismo Txapelketa, Euskadiko Txapelketa edo. Izan ere, Nafarroako taldeek eta Iparraldekoek ezin izango dute parte hartu txapelketa horretan.

Txapelketari dagokionez, gaitza egingo zaie Uribe Kostako hiru taldeei dominen lehian ibiltzea. Izan ere, giputzak tantatxu bat gorago dabiltza, kirol-mailaren aldetik, besteak baino. Datuek ere horrelaxe izan beharko litzatekeela diote. Gipuzkoan 800 bat kirolari daude federatuta, Bizkaian 261 eta Araban 100 bat. Hala ere, barrikoztarrak, getxoztarrak eta plentziarrak gogotsu joango dira ondo pasatzeko asmoarekin, eta dominaren bat badakarte ondo, eta ez badakarte ondo ere bai.

Dena den, irakurle, jakin ezazu hiru taldeetako ateak zabalik dauzkazula kirol polit hau ezagutu gura baduzu. Adin guztietako arraunlariak gabiltza, ume, gazte zein heldu (berrogei, berrogeita hamar, hirurogei… urteetakoak ere bai). Andrazkoak, zoritxarrez eta betiko legez, apurtxu bat gutxiago gizonezkoak baino. Beraz, ez daukazu aitzakiarik: zapatuak, domekak edo edozein astegun pasa dezakezu uretan kirola egiten eta naturaz disfrutatzen.

ETORRI gure klubetara eta ondo pasako duzu!

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun