Beste Gabon-gau bat Olentzero ikusi barik

Erabiltzailearen aurpegia Jon Urraza 2016ko abe. 16a, 17:20

Gizarteak emozioak gordetzeko aholkatzen digu. Musikari pedante batek, larregi mozkortzen omen zelako, edaten etzuela esan zigun “artistok pertsona arruntek baino sentsibilitate handiagoa daukagu” (sic). Marlon Brando bezalako artista bikainek aldiz, ez dizkiete euren bulkada emozionalei oztoporik jartzen, eta bere erakargarritasun, morbo eta talentuaren gainetik, mahai gainean zegoen pastel dozena, arrapaladan irentsi zuela txunditu omen zuen Tennessee Williams.

Ustezko artista sentsible lurtarron mundura etorrita, 24ko poteoan, aspaldiko lagunak ikusi eta pizten doakizun emozio sorta xurgatu beharrean, xurgatzen duzuna birra da, eta aldiz, barre, malko, urduritasun, premia eta besarkadei ateak zabaldu. Ondorioz, familia politikoarengana afaltzera pozik eta (dexente) emozionatuta heltzen zara; sartu bezain laster, aitaginarrebak ardoa eskaintzen dizu: barrura. Zeure sentsibilitate gainezkatua eta desio eno-gastronomikoak ase, eta lehengusu politiko eta koinatarekin barreak bustitzen jarraitzen duzu.

Azkenik, Layton-ek agindu bezala, emozionalki ondo kargatuta zaudenean gatazka pizten duzu: amaginarrebarekin ustekabeko debate bat suertatzen da, berotzen zara eta zure zintzotasun guztia isurtzen duzu. Philip Seymour Hoffmanek, aktore ona izateko inportanteena, norberaren sentipenekin zintzoa izatea zela zioen, zuk beraz, afaltzen amaitu baino lehen, zintzotasuna zeure ezaugarririk nabarmenena dela demostratuko duzu, baita hanka barruraino sartu ere.

Ondoren, turroia serbitzen duten bitartean, animoak baretzeko asmoz eta bide batez, Brando imitatuz neurririk gabe jandakoa apur bat jaisteko ere, sofan etzango zara eta familia politiko osoaren aurrean erridikulu handia eginez, lokartuta gelditu…

Sentsibilitate artistikoa.

Andy Hansonen dosia

Jon Urraza
aktorea
HIRUKA 80 zbkia. paperezkoa 2016-12-16

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun