Iritsi da Euskararen Ginkanaren finala!

Erabiltzailearen aurpegia Euskaltzaleen Topagunea 2017ko urt. 25a, 14:07
Euskararen Ginkana. TOPAGUNEA

Euskararen Ginkanaren finala urtarrilaren 28an izango da Donostiako Ekogunea parkean, goizeko 12:00etan. Urko Aristi kazetari eta aurkezlearen gidaritzapean, lau proba burutu beharko dituzte finalistek; puntu gehien jasoko duen taldeak bereganatuko du 3.000 euroko saria.

Urtarrilaren 3an hasi zuen bidea, bosgarren urtez, Euskararen Ginkanak, Kutxa Ekoguneak Azkue Fundazioagaz elkarlanean antolatuta eta Euskaltzaleen Topaguneak koordinatuta. Izaera askotariko 27 taldek hasi zuten 3.000 euroko saria lortzeko lehiaketan ibilbidea; astez aste probak burutzen joan dira, puntuak lortu eta finalera iritsi ahal izateko.

Bosgarren edizio honen gai nagusia hizkuntza-praktika ekologikoa da; lehiakideak gainditu beharreko probak eta galderak izan dira hizkuntzen garapen jasangarrirako lagungarri gertatzen diren hiztun eta hizkuntza-komunitateen ekimen eta praktikei lotuak. Horrela, gaiari buruzko ezagutza jaso dute partaideek eta burututako proben bidez ezagutza hori zabaldu dute, ikusgai baitaude aipatu probetan sortu dituzten bideoak bai Euskararenginkana.eus webgunean eta baita sare sozialetan ere.

Euskal Herriko hainbat txokotako partaideek osatu dituzte taldeak, eta izaera ezberdinetakoak dira: euskara elkarteak, aisialdi taldeak, hedabideak, mintzapraktika taldeak, kultur egitasmoak, ikasle taldeak, aisialdian edota hezkuntzan ari diren eragileak eta beste hainbat. Denek komunean dutena da saria irabaziekotan euskararen aldeko proiektu bat sustatzeko erabiliko dutela dirua, horrela jaso dute lehiaketan izena ematerako momentuan egin zituzten eta ginkanaren webgunean ikusgai dauden aurkezpen bideoetan. Gainera denak euskaraz eta euskaragaz dibertitzeko helburuagaz bat etorri dira.

Fase bi izan ditu lehiaketak: lehen fasean, 6 proba gainditu behar izan zituzten lehiakideek. Proba denetan lortutako puntuak eta puntu gehigarriak batuz, puntu gehien metatu dituzten lau finalistak honakoak dira:

Elgeta taldea (Elgeta): Elgetako mintzapraktika-taldeko lagunek osatzen dute taldea eta saria irabaztekotan mintzalagun proiektura bideratuko dute.

Izartu taldea (Durango): Aisialdi-taldea da eta nerabe eta gazteei zuzenduriko aisialdi-eskaintza euskalduna sustatzea da beraien helburua, saria irabaziz gero.

Xapo taldea (Azpeitia-Goizueta): Azpeitia eta Goizuetako bost gaztek osatzen dute taldea eta saria Seaska eta AEKren artean banatuko lukete beraien proiektuak garatu ditzaten.

Mintzamendipintxopotepraktika taldea (Lizarra): Lizarrako mintzalagun-talde bateko kideek osatzen dute taldea eta sariagaz Lizarran 48 ordu euskaraz ekimena antolatzea gura dute.

Zoriondu gura ditugu talde parte-hartzaile denak eta batez ere arestian aipatu ditugun lau talde finalistak.

Finala zuzenean ikusi nahi duen edonork aukera izango du, beraz herritar oro gonbidatu gura dugu larunbatean Ekogunera etorri eta goiz dibertigarri bat pasatzera.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun