Kultura 2008-07-27 19:14

Aixerrota lepo bete dute gastronomo eta parrandazaleek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Getxoko Aixerrota auzoko zelaiak bete-beteak ageri ziren ostiralean, paella lehiaketaren inguruetara hurbildutako milaka lagunak direla medio. Itxas Argia talde antolatzailearen arabera, gainera, lehenengo aldiz 30.000 parte hartzaileen marka hautsi zen. Antolakuntzak jarritako toldoen pean zein zonalde ez ofizialean edo "Bronx", ezaguna den moduan, paella egiteko hamaika modu xelebre asmatu edo ohiko modu goxoei tinko eutsi egin zioten. Paellarik hoberena, zalantzarik gabe epaileen arabera, Piperrak koadrila algortarrarena izan zen, 53. edizioko lehenengo saria eraman zuena, iaz eta 2006an ere egin bezala. Ohikoa denez, festara ez ziren falta gizarte eragileak eta, besteak beste, Bizarra Lepoan euskara elkarteko (argazkian), Berdintasuna etorkin boliviarren taldeko eta Esaiteko postuak ikusi ahal izan ziren. Bestalde, arroza, alkohola, ikurrina, edalontzi berrerabilgarriak, batez ere Sopela eta Larrabasterratik ekarritakoak, eta presoen eta atxilotuen aldeko ikurrak eta pankartak bazter guztietan izan ziren. Argazki gehiago ikusteko sakatu hemen.
  Kultura 2008-07-23 20:55

Plazen izenak gora behera galbiderik ez da izango Algortako San Inazioetan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Uztailaren 29tik abuztuaren 2ra arte ospatuko diren Algortako San Inazio jaietan, "Plaza del Baile" izenekoan egingo dira kontzertu nagusiak eta bertoko arkupeetan izango da jai batzordeko txosna. "Plaza de los Enanos" delakoan, berriz, musika ekitaldi txikiagoak eta bertso saioak egingo dituzte. Bestalde, "Plaza del Tilo"-k ohiko trikitixa emanaldia eta jota eta arin-arin txapelketa hartuko ditu. Eta "Plaza de la Estacion" izango da ekitaldi anitzen topaleku, txosna gunetik hurbil. Izan ere, antzina udaletxea eta orain udal liburutegia hartzen duen plazaren izenaren inguruan, Koldo Iturbe Getxoko Kultur zinegotziarekin edukitako tirabira "umorez" hartu nahi izan dute jai batzordeko kideek eta jai esparru garrantzitsuenei aspaldi erabilitako izenak jarri dizkiete. "Darabilgun jai ereduari heldu genionetik 'Txiki-Otaegi plaza' erabili izan dugu beti, egitarau eta liburuxketan. Udaletik, baina, 'San Nikolas' jartzea agindu ziguten, izen ofiziala horixe dela argudiatuta", azaldu dute San Inazioetako antolatzaileek. Telletxe (izen ofiziala, Algortako Geltoki plaza) eta Kasino (izen ofiziala, calle Orobio) erabiltzeko, ordea, arazorik ez dute jarri tokiko agintariek. Izenak gora eta behera, goizetik gauera gozatzeko bost egun izango dituzte txiki zein handiek. "Liburuxkan ekitaldi bakoitza zein lekutan den jakiteko mapa ere edukiko dute algortarrek. Beraz, galbiderik ez dago", adierazi dute bromatan jai batzordetik. Argazkian, Peru Isasik irabazi du aurtengo kartel lehiaketa "Giro aparta" izeneko lanarekin.
  Kultura 2008-07-22 17:11

Getxoko Udalak espainieraren aldeko manifestuarekin bat egitea eskatu du PPk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Getxoko Udalbatzak espainieraren aldeko manifestuarekin bat egin dezan mozioa aurkeztu du, ostegun honetako bilkurari begira, Alderdi Popularrak. Idazkia, eufemismoz "Hizkuntz Komunaren Aldeko Manifestua (espainieraz)" izena duena, ekainaren 23an aurkeztu zuten Fernando Savater eta "El Mundo" egunkariko eta UPD eta PP alderdietako kide diren edo hurbil dauden 20 bat unibertsitateko irakasle, idazle eta aktorek. Bertan azaltzen denez, "Estatuko hizkuntz ofizial guztiak espainiarrak badira eta erakundeen babesa merezi badute ere, bakarra da guztiontzat komuna, nazio lurralde osoan ofiziala eta, beraz, haietariko bakarra –gaztelania– ezagutua izateko behar konstituzionalaren jabea da (...). Hots, asimetria dago hizkuntz espainiarren artean baina horrek ez du esan nahi injustiziarik (?) dagoenik". Gainera, "herritarren hizkuntz eskubideen" aitzakiapean, espainieraren pribilegioak mantentzeko eta hizkuntz gutxituen normalizazioa ezinezkoa egiteko hainbat lege-neurri eskatzen du manifestuak. Argazkian, Marisa Arrue Getxoko PPren bozeramailea, artxiboko irudi batean.
  Kultura 2008-07-21 21:20

Irlandarrek zabalduko dute gaur Getxoko Folklore Jaialdia

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Gaur gauean hasiko da Getxoko Dantza eta Folklore Jaialdiaren 24. ekitaldia. Ohi bezala, saioak Biotz Alai plaza algortarran izango dira eta 22:00etan hasiko dira, sarrera doan. Aurten, Irlandako Absolutely Leglessen, Algortako Itxartu Taldearen eta Eslovakiako Maj Folklore Taldearen saioez gozatu ahal izango dute ikusleek. Esan bezala, lehenengo jardunaldian Absolutely Legless taldeko irlandarrek dantzatuko dute. Euren jarduera 1997an abiatu zuten, Edinburgon. Eskarmentu handiko musikariz eta dantzariz osatua, talde sutsu horrek nazioartean lortu du ospe handia, bere saio berritzaile eta biziez baliatuta. Bi oinketa-dantza mota interpretatzen dituzte, gogorra eta leuna, alegia. Taldekideek euren koreografia propioak egiten dituzte, betiere tradiziozko sustraiak mantenduta. Beste alde batetik, Getxo eta Sopela udalerrietan gaur ospatzen hasi diren XIV. Itsas Joko Atlantikoak direla eta, asteazkenean saio berezia izango da jaialdian, Bretainiako Kevren an Avorig taldearen eskutik. Horiek kalejira egingo dute Algortako erdigunean, 20:00etatik aurrera. Argazkian, Irlandako Absolutely Leglessen taldeko dantzariak.
  Kultura 2008-07-19 12:57

Kroazia eta Esloveniarako bidaia irabazi duenaren bila dabil Leioako Maritxu Teilagorri

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Maritxu Teilagorri Leioako txosna batzordeak leioaztar, uribekostar eta inguruko herrietako auzokide guztiei jakinarazi nahi die Leioako jaiak finantzatzeko, sustatzeko eta hobetzeko egindako bidaia-zozketaren zenbaki irabazlea 1.356 izan dela. Izan ere, pasa den asteartean, uztailak 15, ONCE itsuen elkarteko zozketan 65.356 zenbakia saritu zen eta Maritxu Teilagorriren zozketetan agertzen den bezala, txartelako azken lau zenbakiekin bat egiten zuen, "milakoen '0' eta '1' zenbakiek ONCEko milako bikoiti eta bakoiti guztiak ordezkatzen dituzte, hurrenez hurren". Gauzak horrela, 1.356 txarteleko jabeak hilaren 25era arte dauka Maritxu Teilagorrirekin 650 089 122 telefonoren bidez harremanetan jartzeko, bi pertsonentzako Eslovenia eta Kroaziarako 15 eguneko bidaia egin nahi badu. Irteera abuztuaren 2an izango da eta busez eta kanpin dendaz izango da. Era berean, taldeak eskertu die leioaztar eta bisitari guztiei jai herrikoi, euskaldun, partehartzaile eta parekideak babestu eta sustatu izana. Argazkian, Kroaziako Primorsko-Goranska eskualdeko Matulji herriko irudia, Maritxu Teilagorrik zozketarako erabili zuena.
  Kultura 2008-07-15 15:02

Larrabasterrako jaiak direla eta hurrengo egunotan motelago ibiliko da UKBERRI.NET

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Bihar, asteazkena, hasi eta igandean amaituko diren Larrabasterrako Karmen jaietan murgilduta izango da UKBERRI.NET. Izan ere Uribe Kosta eta Erandioko agerkari digital hau Sopela eta Larrabasterrako Txosna Batzordearen kide da. Hain zuzen, horrek sortutako konpromisoak zein festa horietan digital hau mantendu ahal izateko txosna jartzeak eragindako lanak direla eta, albistegi digital euskaldunaren jarioa motelagoa izango da egun hauetan eta, horregatik, barkamena eskatu nahi dizuegu webguneko irakurle fidel zareten guztioi. Hala ere, horrek ez du esan nahi elkar ikusiko ez dugunik. Txosnagunera hurbiltzea besterik ez duzue horretarako. Beraz, Larrabasterrako jaietan elkarrekin izango garelakoan, ondo pasa! Bestalde, gogoratzen dizuegu komunikazio proiektu hau lagundu nahi baduzu, aukera daukazuela bai bazkide eta laguntzaile egiteko zein txosnan laguntzeko. Azken horretarako prest bazaudete, bidaliguzue mezu bat posta elektroniko honetara: ukberrinet[abildua]ukberri.net
  Kultura 2008-07-14 21:14

Umorez beteriko bertso jaialdia izango da etzi Algortan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Asteazken honetan, uztailak 16, Bertso Jaialdi Mundiala ikuskizunaren 10. ekitaldia ospatuko da Algortako Biotz Alai plazako karpan. Algortako Bertsolari Eskolak (ALBE) antolatutako saioa 22:00etan hasiko da, sarrera doakoa delarik, eta Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Amets Arzallus, Sustrai Colina eta Fredi eta Xabi Paya bertsolariak arituko dira. Planteamendu ausarta, gai bereziak, umorea eta sorpresak dira jarduera honen ezaugarri nagusiak. Oraingo honetan ALBEko Peio Unzurrunzaga arituko da gai-jartzaile lanetan. Maila handiko bertsolarien partaidetzarekin batera, publikoaren partaidetza behar duten sorpresa eta jarduera ugari izango dira Bertso Jaialdi Mundialean, ikuskizun dibertigarria eta originala dena.
  Kultura 2008-07-12 22:55

GetxoJazzeko Talde Lehiaketa Suediara joan da

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Suediako Kristian Brink Quartet-ek (argazkian) irabazi du Getxoko 32. Nazioarteko Jazzaldiaren Talde Lehiaketa. Bigarren saria Flux talde danimarkarrarentzat izan da eta talde horren baxu-joleak, Jesper Thornek, eskuratu du bakarlari onenari ematen zaion saria. Publikoaren sariari dagokionez, ikus-entzuleek Ondrej Pivec Organic Quartet talde txekiarra saritu dute eta horren liderra, Ondrej Pivec organo-jolea, hautatu dute bakarlari onena. Kristian Brink Quartetek estilo eta eragin musikal anitzeko jazza interpretatzen du eta berdin-berdin jotzen dituzte melodia ederreko baladak zein erritmo indartsu, azkar eta biziak. Laukoteak soinu liluragarria dauka, ildo argikoa, erritmo eta pultsu musikal ugari eta interesgarrikoa, eta bertako kideek maisutasunez jotzen dituzte konposizio guztiak. Taldea Estokolmoko Royall College of Music eskolaren baitan sortu zen, horietako ikasleak baitziren taldekideak. Ordutik hona, jarduera interesgarria garatu du taldeak eta iaz lehenengo saria eskuratu zuten talde gazteentzako Young Nordic Jazz.
  Kultura 2008-07-12 20:55

Archie Sheppek emango dio amaiera GetxoJazzi iluntzean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Getxoko Nazioarteko Jazzaldiaren XXXII. edizioak bere azken arnasa emango du iluntzeko 22:30ean, Archie Sheppen saxo-jolearen eskutik, jazzik sortzaileeneko figura esanguratsua, hain zuzen ere. Free jazz estiloaren erakusle, eskarmentu handiko musikari horrek konpromiso handia erakutsi du afroamerikarrekiko bere jardueran zehar eta horien problematikak salatu ditu musikaz baliatuta. Kontzertua Biotz Alai plazan izango da, 22:30etik aurrera eta, ordubete lehenago, Talde Lehiaketako irabazlea jardungo da. 60eko hamarkadako musikari esanguratsuenetariko bat da Archie Shepp (1943, Fort Lauerdale, Florida) eta garai horretan protagonizatu zituen bere unerik gogoangarri eta erreferentzialenak, banda berritzaileetan parte hartuta. Horietan bide berriak ireki zituen jazzean, musika afroamerikarra erabilita. Musika mota horrek, free jazz edo avant-garde kazz izenekin ere ezagutzen denak, sistemarekin eta justizia sozialarekin pozik ez dagoen belaunaldi bat du hizpide.
  Kultura 2008-07-11 23:10

Txapel Reggae jaialdiak hartuko du bihar Armintzako portua

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Armintzako jai batzordeak antolatuta, Armintza Txapel Reggae jaialdia burutuko da bihar, larunbata, gaueko 10:30etik goizeko 6ak arte. Armintzako portuan, Euskal Herriko (Early Reflections, Revolutionary Brothers&King Konsul eta Zelata Batuke Blokua), Aragoi (Jah Sta), Herrialde Katalanak (Sukko) eta Gaztelako (Cañaman) taldeak arituko dira, guztiak kalitate nabarmenekoak eta guztiak ere Reggae estilokoak, Zelata Batuke Blokua batukadalariak izan ezik. Ohikoa den legez kontzertua doakoa izango da. Jaialdia 1990ean hasi zuten asteburu bat iraun eta akanpada gunea zuela, baina antolatzaileen nekea eta bisitari batzuek eragindako arazoak tarteko 1999an bertan behera utzi zuten. 2004an, berriz, egungo formatuan (egun bakarreko kontzertua eta akanpada gunerik gabe) birsortu zuten Txapel Reggae eta bihar bere bosgarren ediziora helduko da. Argazkian, Jah Sta aragoiarrak / Ricondelkalamar.
  Kultura 2008-07-11 22:24

Erromeria eta sokatira Goiherriko jaietako protagonistak izango dira gaur eta bihar

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Erandioko Goiherri auzoan San Kristobalen aitzakiapean atzo abiatutako jaiek aurrera darraite. Ohiko asto proben ostean gaur erromeriari egokituko zaio plaza betetzea. izan ere, gaueko 11:00ak aldera Trikizio taldeak izango du oholtzatik goiherritarrak eta bisitariak mugiarazteko ardura. Baina bihar izango da benetako arduren eguna, gutxienez auzoko Goiherri A sokatira taldeko zortzikotearentzat. Arratsaldeko 18:00etatik aurrera, eta auzokide guztien begibistan, goiherritarrek Lur Gaineko Euskadiko Sokatira Txapelketako 600 kiloko txapela jokatuko dute Laukizko Gaztedi taldekoen kontra. Bi taldeak berdinduta ailegatu dira azken tiraldira, sailkapen nagusian 9na puntuekin amaitu baitzuten eta berdinketa apurtzeko egindako bi saioetan tiraldi bana irabazi dutelako. Orain arte goiherritarrek 640 eta 680 kiloko txapelak eskuratu dituzte aurten. Auzo ohorea defendatu ostean, gaueko 11:00etan erromeria doinuak bueltatuko dira landetara, Sugan taldeari esker. Igandean, jaiak bukatzeko, puzgarriak eta asto probak izango dira goiz eta arratsaldez. Argazkian, Trikizio taldeko kide bat / Roser Ortiz.
  Kultura 2008-07-11 18:56

Sanferminak ospatuko dituzte iluntzean Erandion

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Azken urteotan egin bezala, aurten ere Erandioko Hegoalde kultur elkarteak antolatuta, Sanferminak ospatuko dira gaur Erandioko Altzaga auzoko herriko tabernan. Bertan, iluntzeko 20:00etatik aurrera, eta "erandioztarrak! Gora San Fermin" ohiko aldarriaren ostean, Mendebaldeko Sanfermin hauei hasiera emango dien txupinazoa jaurtiko dute. Eztanda entzun bezala, jaia hasiko da, entzierro txikiak eta askaria edo "meriendica" tartean izango direla. Urtero lez, antolatzaileek eguneko koloreak diren zuria eta gorria baliatuz, prakak eta kamiseta zuria jarri eta gerriko gorria janztera deitu dute. Zapatei buruz ezer ez badute aipatu ere, argazkikoa bezalakoa ondo geldituko litzateke. Argazkia: Caravinagre.
  Kultura 2008-07-11 16:41

Zinema Gaurik Laburrenak izango dira astelehen eta asteartean Algortan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Aurten ere, zinemazaleek Gaurik Laburrenak film laburren emanaldiez gozatu ahal izango dute. Ohi bezala, zuzendari gazteen hainbat film labur biltzen dituen ekimena Algortako Biotz-Alai plazan izango da, astelehenean eta asteartean, hots, uztailaren 14an eta 15ean. Uztailaren 14an, astelehenean, gaztelaniazko filmak proiektatuko dira eta biharamunean, asteartean, euskarazkoak. Emanaldiak 22:00etan hasiko dira eta sarrera doakoa izango da. Getxoko Kultur Etxeko kideek gogoratu dutenez, "Gaurik Laburrenak nahitaezko hitzorduak dira film laburren zaleentzako. Bertan, eskaintza interesgarri batez goza dezakete, mota ezberdinetako filmak erakutsiko direlarik. Gainera, ekimen honek paregabeko ekimena da zuzendari berriak bultzatzeko. Honen bidez, zinegile gazteek bere azken lanak aurkezteko parada dute". Argazkian, Izibene Oñederra azkoitiarra, "Hezurbeltzak" animazio esperimentaleko filmaren zuzendaria / Andresare.
  Kultura 2008-07-11 15:52

Kontseiluaren arabera, "euskararen normalizazioaren erritmoa onartezina da"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri "Euskal Herrian euskararen normalizazioaren erritmoa onartezina" dela azaldu dute gaur Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko ordezkariek, IV. Inkesta Soziolinguistikoaren emaitza orokorren balorazioa (pdf) egitean. Baieztapen hori frogatzeko, datuen proiekzioa azaldu dute Xabier Mendiguren eta Kontseiluko beste kideek: "Iparraldean hizkuntza galbidean dago, Nafarroan erritmo honetan 834 urte beharko ditugu eta EAEn 175 urte". Euskalgintzako elkarte gehienak batzen dituen nazio erakundearen aburuz, "urte hauetan guztietan, herri-mugimenduak egin duen lan eskerga ongi islatzen da datuotan. Ezagutzari dagokionez, Helduen Euskalduntze Alfabetatzearen lanez eta Hezkuntza Sistemaren bitartez azken 15 urteotan lortutakoa oso agerikoa da. Bestalde, erabilerari buruz zabaltzen ari den mezua "guztiz okerra" dela adierazten dute datuek Kontseiluaren iritziz: "aukerak dituenean euskaldunak oso kopuru altuetan erabiltzen du euskara. Aukera faltan dago arazoa eta aukera horiek ez baditugu, hizkuntza politikaren desegokitasunaren adierazlea da". Argazkian, pasa den apirilaren 24an hainbat euskaltzalek Getxoko udaletxearen aurrean egindako elkarretaratzea.
  Kultura 2008-07-11 12:55

Arturo Sandovalen erritmo latinoak nagusituko dira gaur GetxoJazzen

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Erritmo latinoak ailegatuko dira iluntzean, Getxo udalerriko jazzaldira, Arturo Sandoval artista kubatar ospetsuaren eskutik, egun nazioarteko jazz eszenaren tronpeta-jole onenetariko bat, alegia. Kontzertua 22:30ean izango da Biotz Alai plazan eta, ordubete lehenago, 21:30ean, Talde Lehiaketako saioa hasiko da bertan, Flux talde danimarkarraren eskutik. Eguna borobiltzeko, publikoa dixie erritmoez gozatzeko aukera izango du Algortako Telletxe plazan, 18:00etan, Broken Brothers Brass Bandarekin eta, 19:30ean, Getxo Antzokiko plazan burutzen den Hirugarren Milurtekoa ataleko saioan, Jeronimo Matrin Trio hirukotearekin. Dena den, Algortatik kanpo jazz ibiltaria izango da goizeko 12etatik aurrera Bizkaiko Zubiaren inguruetan.