Kultura 2008-06-02 21:56

Zaparradek ez dituzte eskulangintza zaleak kikildu

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Larunbat eta igandean izandako euri-jasari irmo eutsi zion asteburuan Areetako Xake plazan ospatu den Getxoko XXV Eskulangintza Azokak. Getxoko Kultur Etxeak egindako kalkulu baikorraren arabera, 20.000 bat pertsona bildu dira artisauen inguruan eguraldi kaxkarrari aurre eginez. Lehenengo egunean, ostiralean, aurreko ekitaldietan baino jende gehiago bildu zen bertan. Larunbatean eta igandean bereziki eguraldi txarra oztopo bilakatu zen bisitarientzat eta, iaz gertatu zen bezala, azokaren esparrua ez zen bete; hala eta guztiz ere, "bisitari kopurua ez zen makala izan", udal teknikariek jakinarazi dutenez. Ohi bezala, Euskal Herriko eskulangileez gain, nazioarteko ordezkaritza zabal izan zen. Besteak beste, Irlandako, Italiako, Portugalgo, Frantziako, Gaztelako, Herrialde Katalanetako, Asturiaseko eta Andaluziako artisauek parte hartu dute azokan. Horrela, bada, eskulangintza zenbait eratan ikusteko eta ulertzeko aukera izan dute bisitariek.
  Kultura 2008-05-30 21:51

Kultur eta kirol ekitaldiz bete dute uda Barrikan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Udarako jarduera ugari antolatu ditu Barrikako Kultura Sailak. Horrenbestez, larunbat honetan, maiatzak 31, jumping tailerra (argazkian) egingo dute, 11:00etatik 13:00etara, udaletxean (liburutegi zaharra). Ekainaren 10ean, berriz, Umeskola egitasmoaren bigarren hitzaldia emango diete 3 urte baino gutxiago dituzten umeen gurasoei, 10:00etatik 12:00etara. Egitarauarekin jarraituz, hilaren 15ean, igandearekin, Barrikako XX. Kanpoko Margo Lehiaketa izango da. Eta 20tik 24ra bitartean, San Juan jaiak ospatuko dituzte. Besteak beste,. nekazal azoka eta herri bazkaria izango dira horien barruan. Bestalde, 12 eta 18 urte bitarteko neska-mutil barrikoztarrek kanoa, surfa, snorkela... praktikatzeko aukera izango dute uztailaren 7tik 11ra egingo den Gazte Astean. Lehenago, Uda Txiki egitasmoan esku hartzeko aukera izango dute, ekainaren 30etik uztailaren 11ra bitartean, 3 eta 8 urte bitarteko haurrek . Astelehenetik ostiralera, 9:30etik 14:00ra izango da horren ordutegia.
  Kultura 2008-05-30 18:35

Seat 600 autoen topalekua izango da bihar Algortako Portu Zaharra

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Larunbat eta igande honetan ospatuko dute Euskadiko Seat 600 autoen XIV. Eguna. Hain zuzen ere, Algortako Portu Zaharrean egingo dituzte biharko ekitaldiak. Horrenbestez, 16:00etatik aurrera izango dute izena emateko aukera parte-hartzaileek. 17:30ean, berriz, Areetako Berantzagi dantza taldeak saioa eskainiko du. Ondoren, 18:30ean, Seat 600 autoek ibilalditxoa egingo dute udalerrian barrena, Areetako Xake plazan eta Anaitasun kalean geldialdia eginez. 20:30ean sardina-jana egingo dute Portu Zaharrean. Azkenik, 22:00etan hasita, Igeretxe hotelean izango den afari eta dantzaldiarekin emango diete bukaera larunbateko ekitaldiei. Seat 600 autoen lagunen Bizkaiko elkarteak antolatzen du urtero topaketa. Argazkian, Seat 600 autoak iaz Algortako Portu Zaharrean.
  Kultura 2008-05-30 18:19

"Zetazeak" antzezlana eskainiko du iluntzean Itzubaltzeta gaztetxeak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Pasa den maiatzaren 16an Itzubaltzeta / Romoko Itzubaltzeta gaztetxeak abiatutako antzerki programa bereziarekin jarraituko du gaur, 21:00etan, "Zetazeak" antzezlana dela medio. Izan ere, data horretara arte antzerki emanaldiak hilero eman zituen aurrera zentro sozialak, baina ikusleek egindako harrera bikainari esker, maiztasun hori bikoiztea deliberatu egin zuten antolatzaileek. Horrela, maiatzaren 16an, "La ruleta" Zaragata konpainiaren gaztelerazko antzezlana eskainiko zuten, gaur , berriz, euskarazko "Zetazeak" antzeztuko du Antzerkiolatik sortutako izen bereko konpainiak, eta Sanjuanak bitarteko programazioari amaiera emateko, berriz, La Calvario konpainiak dantza eta antzerkia bilduko ditu "Ariketa" lanean, ekainaren 20an. Argazkian, Miren Gaztañaga aktoreak "Ariketa" lanean jardungo du.
  Kultura 2008-05-30 15:08

Udako ikastaro eta barnetegietarako matrikula zabaldu du AEK-k

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri AEK-k dagoeneko zabalik du matrikula epea udan euskara ikasi nahi duen ororentzat, euskaltegi eta barnetegietan aukera ezberdinak eskainiz. Ikastaroak uztailean, abuztuan edota irailean izango dira herri euskaldunetan kokatutako barnetegietan eta AEKren euskaltegietan. Guztira, AEK-k 100 bat euskaltegi izango ditu zabalik Euskal Herri osoan, herritik oso urruti alde egiterik ez eta egunean bost orduko ikastaro trinkoa egin nahi duten ikasleentzat. Ikasturtean zehar ikasitakoa finkatzeko, euskararen hastapenak ezagutzeko edo 3. maila zein EGArako azterketa prestatzeko parada izango dute edozein mailatan matrikulatutako ikasleek, etxetik oso hurbil. Baina uda opor garaia dela aprobetxatuz atseden egun horiek euskara ikasteko, eta aldi berean Euskal Herria ezagutzeko, lagunak egiteko eta ondo pasatzeko erabili nahi dituzten pertsonek eta familiek ere ez dute aukerarik faltako. Edozein zalantza argitzeko, eskualdeko euskaltegietara jo edo 902 362 294 telefonora dei daiteke. Argazkian, udako ikastaroen irudia.
  Kultura 2008-05-30 12:13

Maskaradak emango die hasiera gaur Lamiakoko jaiei

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Ostiral honetan, maiatzak 30, Lamiako auzoko kaleetan barrena ibiliko dira, Mari, Aker, Inguma eta beste hainbat pertsonai mitologiko; San Maximo jaiei hasiera emanez. 17:30etik aurrera eta gaua bitartean, magiaz beteko dituzte Leioako inguru horretako txoko guztiak. 1978tik hona, Euskal Herriko mitologiaren antzezpena egiten du ia urtero Lamiako Maskarada kultur elkarteak, urte bakar batean huts egin zuela. Alde batetik, jentil mitologiaren eta kristautasunaren arteko borroka uztartzen dute. Eta bestetik, auzoari berari izena ematen dion Lamiaren istorioa. Horrez gain, paella lehiaketaren hirugarren edizioa, haurrentzako jolasak, herri kirolak eta beste hainbat jarduera egongo dira asteburuan zehar. Izan ere, igandera arte luzatuko dira Lamiakoko jaiak. Argazkian, Mari eta Sugaar dantzan Lamiako maskaradan / Goi Herri dantza taldea.
  Kultura 2008-05-29 22:03

Astelehenean abiatuko dute Areetako ludotekarako bazkidetza kanpaina

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Getxoko Udalak ekainaren 2tik 20ra arte izango du zabalik Areetako ludotekarako 2008/09 ikasturterako izena emateko epea. Bere lehenbiziko hilabeteetan zerbitzua 5 eta 12 urte arteko umeei eskaini bazai ere, irailetik aurrera 10 urte artekoetara mugatuko da, udal iturriek jakinarazi dutenez. Gainera, toki kopurua 100 barik 85koa izango da, "zerbitzuaren kalitatea hobetu eta erosotasunez lan egin ahal izateko". Bazkideek 2008ko irailaren 8tik 2009ko ekainaren 30ra arte izango dute ludoteka zerbitzua erabiltzeko aukera. 2009ko uztaila eta abuztuan bai bazkideek bai bazkide ez direnak sartu ahal izango dira bertara. Informazio guztia eta izena emateko orria 5 urtetik 10 urtera bitarteko umeak bizi diren Getxo udalerriko etxeetara igorri da. Edozelan ere, inskripzio orriak herritarrentzako arreta bulegoetan daude eskuragarri. Argazkian, ikastaro honetan Areetako ludotekan eskainitako ikuskizunetako bat.
  Kultura 2008-05-29 19:56

Getxoko Eskulangintza Azokari ekingo diote bihar 115 artisauk Areetan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Bihar, ostirala, hilak 30, Eskulangintza Azoka hasiko da Areetan. Aurten 25. urteurrena ospatuko du azokak eta bertan 115 artisauk parte hartuko dute. Ohi bezala, Areetako Xake plazan jendaurrean paratuko dituzte 97 artisauk beren lanak eta beste 4 eskulangilek erakustaldiak egingo dituzte. Gainera, Ibaiondo kalean kokatutako gastronomiaren gunean beste 14 artisau jardungo dira. Iaz bezala, karparik ez da egongo eta aire zabalean izango da azoka. Bestalde, sarrera doakoa izango da. Azoka igandean amaituko da eta honako hau izango du ordutegia: 11:00etatik 14:30era eta 17:00etatik 21:30era. Larunbatean, 22:00etan itxiko da. Aurtengo azokan hainbat espezialitate erakutsiko dira: zeramika, bitxigintza, ehuna, harriak, metala, larrukigintza eta landare-zuntzaz eginiko lanak. Argazkian, iaz egindako zura erakustaldia.
  Kultura 2008-05-28 19:49

Zortziko Gazteen Txapelketa antolatu du Ondarreta Abesbatzak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Areetako Ondarreta abesbatzak Zortzikote Gazteen Lehiaketa antolatu du Getxo udalerrian ezkutuan dauden ahotsak entzunda gozatu ahal izateko. Getxo udalerriko eta inguruko herrietako 17 urtetik gorako gazte guztiek parte hartu ahal izango dute, baldin eta abestea atsegin badute eta guztira zortziko talde bat osatzen badute. Lehiaketaren helburua, “herriko abesbatzak gazteekin hornitzea da, gazteak era honetako taldeetara hurbiltzen ez direnez, belaunaldien txandakatzea arriskuan egon daitekeelako”, aipatu du gaur ekitaldiaren aurkezpenean Koldo Iturbe Getxoko Udaleko Kultura zinegotziak. Ondarretaren ordezkariak, Jose Ramon Rebatek, bere aldetik, lehiaketaren inguruko gorabeherak eskaini ditu. Zortzikoteek ekainaren 27ra arte izango dute izena emateko epea. Argazkian, abesbatzaren kideak iaz Areetako Txurruka kaian / Ondarreta abesbatza.
  Kultura 2008-05-27 20:09

Kultur Errota zirkuituak 1.500. emanaldia eskainiko du etzi

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Bizarra Lepoan, Berbots eta beste dozenaka euskara elkarteen kultur zirkuituak bere 1.500. emanaldia eskainiko du etzi, osteguna, Eibarren. Baina ez da euskal kulturaren zirkuitu honek aurten izango duen zenbaki borobil bakarra, 2008 honetan 10 urte ere beteko baititu. Hori dela eta ospakizun bikoitza eta, zer esanik ez, ostegunean emanaldi berezia egingo dute, Ander Lipus antzerkilariak beren-beregi prestatutakoa. Urtero, bataz beste, 200 bat emanaldi eskaintzen ditu Euskal Herri osoan, herriz herri, Topaguneak sorturiko Kultur Errota. Formatu txikiko baina kalitate handiko ikuskizunek osatzen dute Kultur Errotaren eskaintza. Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak bazkide dituen euskara elkarteen lana errazteko sortu zuen 1998an: urtean birritan, federazioak 120 ikuskizunez osatutako katalogoa luzatzen die elkarteei, bakoitzak bere herrian egokien jotzen duen programazioa osatzeko. Argazkian, gaur goizean egindako 1.500. emanaldiaren aurkezpena / Joxe Rojas.
  Kultura 2008-05-26 23:35

Ostiralera arte dago Areetako Andres Isasi Musika Eskolan izena emateko aukera

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Ostiralera arte egongo da zabalik Areetako Andres Isasi Udal Musika Eskolan (argazkian) 2008-2009 ikasturterako izena emateko epea. Eskolan sartu ahal izateko gutxieneko adina 4 urtekoa da. Musika eskolan hainbat ikasgai daude: biolina, biola, biolontxeloa, kontrabaxua, gitarra, baxu elektrikoa, txirula, oboea, fagota, klarinetea, saxofoia, tronpa, tronpeta, tronboia, bonbardinoa, tuba, perkusioa, pianoa, txistua, akordeoia, panderoa, alboka, trikitixa, txalaparta eta kantua, hurrenez hurren. Gainera, "oso garrantzitsua" deritzote taldean jotzen ikastea, eta hori dela eta, korda taldeak, bandak, gitarra taldeak, fanfarria, akordeoi taldeak, abesbatzak, jazz konboak, eta hainbat ganbera musikako taldeak sortzea errazten dute. Halaber, musikoterapia ere irakasten da zentroan, bereziki hezkuntza behar bereziak dituzten ikasleei zuzenduta. Dagoeneko Getxo udalerriko 4 eta 11 urte bitartean dituzten umeei bidali die informazioa Udal Musika Eskolak, bertoko eskaintza ezagutzera emateko. Izena eman nahi dutenek Andres Isasin bertan edo www.getxo.net webgunearen bitartez egin dezakete.
  Kultura 2008-05-26 22:19

Film laburren hiruburua izango da Astrabudua larunbatera arte

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Erandioko Film Laburren V. Zinemaldia heldu da gaur Astrabuduako Josu Murueta kultur etxeko pantailara eta ez da larunbatera arte joango. Tartean, 30 lan, gehienak gazteleraz, ikusi ahal izango dute zaleek, umorea eta dokumentala generokoak guztiak. Edozein kasuan kalitatea bermatuta dago, antolakuntzako kideek lan nekeza izan baitute aurre selekzioa egiten, 250 lan baino gehiago batu baitituzte, umorezko, dokumentalentzako eta eskoletako sariak eskuratzeko lehia bizian. Gainera, inguruko profesional bikainekin solastatzeko aukera izango da. Gaur, adibidez, Fernando Velazquez musikari algortarrak ireki du zinemaldia. Josu Murueta musika eskolan irakasteaz gain, "El orfanato", "Bosque de sombras", "Agujeros en el cielo" edo "La zona" filmeen musikaren egilea da eta Goyaren bat irabazteko hautagaia izan da. Bihar, berriz, D4D enpresako kideek hiru dimentsioen inguruan solastatuko dira. Argazkian, Leonen jaio eta Barakaldon finkatu den Saturnino Garcia aktorea ostiralean izango da Astrabuduan / Arabafilms.
  Kultura 2008-05-25 14:09

Urdulizko Andramarietarako kartel lehiaketa deitu dute

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Andra Mari jaiak iragarriko duen kartela hautatzeko lehiaketa antolatu du Urdulizko Kultur Etxeak. Lanak postaz zein zuzenean entregatu ahal izango dira Urdulizko kultur etxean (Aita Gotzon, 16 - 48610 Urduliz), ekainaren 14ko 14:00ak arte. Irabazleak 400 euro jasoko ditu. Bestalde, ekainaren 17tik 30era bitartean, kultur etxean egingo den erakusketan herritarrek aukeratzen duten lanaren egileak 100 eurotako saria lortuko du. Eta beste saririk jaso ez duen urduliztar baten obrarik onenaren egileak, beste horrenbeste. Hilaren 27an, 13:00etan, emango dute ezagutzera epaimahaiaren erabakia. Argazkian, inguruko herri gehienetan burutzen dira jaietako kartela aukeratzeko lehiaketak, tartean Algortako Saninazioetarako.
  Kultura 2008-05-25 13:13

Umetxoentzako euskarazko udalekuak egingo dituzte Lemoiz, Urduliz eta Gorlizen

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Aurten ere euskarazko udalekuetan parte hartzeko aukera edukiko dute Lemoiz, Urduliz eta Gorlizko 3 eta 5 urte bitarteko haurrek, nork bere herrian, Uribe Kostako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuaren eskutik. Lehenengo bi udalerrietan ekainaren 30etik uztailaren 24ra bitartean izango dira. Gorlizkoak, berriz, uztailaren 1etik 24ra bitartean. Ordutegia berbera izango da toki batean zein bestean: 10:30etik 13:30era. Udalekuetara joan nahi duten 3 eta 5 urte bitarteko neska-mutilen gurasoek edo tutoreek udalerri bakoitzeko kultur etxeetara hurbildu beharko dira izena ematera, maiatzaren 27ra bitartean (Urdulizkoek bertoko kultur etxe berrira joan beharko dute). Behar izanez gero, zozketa egingo da izena ematen duten guztien artean eta zozketaren emaitzak Mankomunitateko web orrian argitaratuko dira. Informazio gehiago, 946 762 674 telefono zenbakian (goizeko 9:30etik 13:00etara, Iratxerengatik galdetu) eskuratu daiteke. Bestalde, 6 eta 12 urte bitarteko uribekostarrek ere asteartera arte daukate Plentziako euskarazko udalekuetan izena emateko. Argazkian, hainbat ume udalekuez gozatzen.
  Kultura 2008-05-24 21:43

Gorpuzti eguna ospatuko dute bihar Algortako Portu Zaharrean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Usadio zaharrari eutsiz, aurten ere Gorpuzti eguna hartuko du igande honetan, maiatzak 25, Algortako Portu Zaharrak. Aurrekoetan bezala, meza atari zabalean entzuteko aukera izango dute Etxetxu plazara bertaratutakoek, eguerdiko 12etatik aurrera. Horren ostean, 13:00etan, ohiko sardina jana egongo da bertan eta, sabela bete bitartean, Biotz Alai abesbatza algortarraren emanaldia entzun ahal izango dute guztiek. Arratsaldean, berriz, Los Txikis bilbainada talde entzutetsuak izango du jaialdiari amaiera emateko ardura. Arratsaldeko 7etatik aurrera eskainiko dute saioa. Bitartean, Erandion Landan ostegunean abiatu ziren Gorpuzti jaiak eta bihar bertan emango zaie amaiera. Hala ere, oraindik badago zerekin gozatu. Besteak beste, gaur gauean, Kresala taldeak eskainiko du dantzaldia eta, ondoren, disko festa izango da. Bihar, berriz, Erandioko Udal Musika Bandak alaituko du goiza. Eta arratsaldez Atolon taldeak eskainiko du nagusientzako dantzaldia. Argazkian, Gorpuzti eguneko giroa Algortako Portu Zaharrean.