Kultura 2008-05-24 01:13

Egun osoko jai herrikoia biziko du larunbat honetan Alonsotegik

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Athletic Futbol Taldeko ehunaka zale biltzen dituen Herri Norte Taldeak antolatuta, Alonsotegiko jaien egun nagusia ospatuko da bihar, larunbata, herriko kale, futbol zelai eta txosnagunean zehar. Eguna 12etan hasiko da futbol txapelketaren harira. Kanporaketak eta finalaurrekoak jokatuta, hirugarren txanda jokatuko dute elizateko tabernetan. Auzokideak, jokalariak, txosnetako kideak eta bisitariak ezagututa, babajan herrikoia egingo da, 15:00etan. Sarrerak oraindik erosi ez duenak Alonsotegiko herriko tabernan egin dezake, 10 eurotan. Bazkalostean, berriz, futbito txapelketaren finala jokatuko da. Gauari dagokionez, Bilboko Suspenders-ek, Madrilgo Devorados por el odio-k eta Frantziako Scarface talde mitikoak joko dute txosnagunean. Argazkian, HNTko kideak San Mames futbol zelaian / Blog Futbolero.
  Kultura 2008-05-23 22:09

Herriko bost musika taldek joko dute Sopela eta Larrabasterrako jaietan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Identidad Oculta, Patada en la papada, Rise to Fall (argazkian, Alain abeslaria), Ossyris eta Orugha taldeek joko dute Sopelako San Pedro eta Larrabasterrako Karmen jaietan. Aipatu taldeek Etsaiak, Gose, Betagarri, Acido C, Cherry Boppers, Esne Beltza, Deskontrol, The Locos eta Segismundo Toxicomano taldeekin joko dute, Sopelako Gazte Informazio Bulegoak jakinarazi duenez. Aipatu bulegoak maiatzaren 8an zabaldu zien herriko musika taldeei jaietan jotzeko maketa edo CDa aurkeztu eta izen-ematea, iragarriz kopuru handia izanez gero zozketa egingo zutela. Azkenean bost talde baino ez dira izan aurkeztutakoak eta guztiak sartu dituzte udalerriak dituen bi jai nagusietan. San Pedro jaietako lehen egunean , ekainaren 26an, osteguna, Identidad Oculta eta Patada en la Patada Etsaiak taldearekin batera joko dute, txosna gunean. Ostiralean, Rise to Fall bandaren txanda izango da, Gose taldearekin batera. Sopelako kontzertuen egitaraua Betagarri eta Acido C taldeek burutzen dute, hilaren 28an, larunbata, Udaletxeko enparantzan.
  Kultura 2008-05-22 20:27

Hile bukaeran 115 artisau izango dira Areeta eta Itzubaltzetan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Maiatzaren 30etik ekainaren 1era bitartean izango da aurtengo Getxoko Eskulangintza Azoka; "Euskal Autonomia Erkidego osoko handiena, hain zuzen ere", udal iturrien arabera. Feriaren 25. urteurrena den honetan, 115 artisauk parte hartuko dute: horietako 97k Areetako Xake plazan erakutsiko dituzte euren lanak, beste 4k erakustaldi gunean jardungo dute etengabe eta gainerako 14ak Itzubaltzeta / Romoko Ibaiondo kalean kokatutako gastronomia gunean izango dira. Iaz bezala, ekitaldia estalperik gabe egingo da, partaideen salmenta-postuak artisau-herrixka moduan multzokatuta. Horrenbestez, 11:00etatik 14:30era eta 17:00etatik 21:00etara (larunbatean 21:30ak arte) egongo da zabalik azoka. Sarrera dagokionez, doakoa izango da. Argazkian, jostailugintza postua iazko azokan.
  Kultura 2008-05-22 13:20

Umore Azokaren baitan argazki maratoia egingo dute larunbatean Leioan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Leioako Argazkilarien Elkartearekin (LEIAR) lankidetzan, Argazkigintza II. Maratoia egingo dute larunbat honetan, maiatzak 24, gaur hasi eta igandera arte luzatuko den Leioako Umore Azokan. Hartara, argazki rallyaren gaia "Leioako Umore Azoka" izango da eta, horretan parte hartzeko, izena eman beharko da Kultur Leioako 1. solairuan, egun berean, 10:00etatik 11:00etara edota 17:00etatik 18:00etara bitartean. Lehiaketan parte hartzeko, umeek (14 urtera artekoek) 2,50 euro ordaindu beharko dituzte; LEIAR argazki taldeko bazkideek (bazkide txartela erakutsi beharko da), berriz, 4 euro; eta gainerakoek, 5 euro. Parte-hartzaile bakoitzak bere argazki-kamera eramango du. Aukeratutako eta saritutako argazkiekin erakusketa bat egin da, antolatzaileek jakinarazi dutenez. Argazkian, aurtengo Umore Azokan parte hartuko duten Euskal Herriko antzerki taldeetako ordezkariak.
  Kultura 2008-05-21 22:56

Balendin Txiki II. Bertso Paper Lehiaketaren sariak jaso dituzte Getxoko ikasleek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Pasa den maiatzaren 13an, asteartean, Balendin Txiki II. Bertso-Paper Lehiaketako sariak eman zituen Algortako Bertsolari Eskolak (ALBE). Egun hori baliatu zuen, VI. Euskal Eguna eta VIII. Getxoko Bertsolari Gaztetxoen Jaialdia ospatu baitziren, elkarrekin. Sariak banatzean, Amets Arzalluz eta Sustrai Kolina bertsolari famatuek Getxo udalerriko zazpi ikastetxetako Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako neska-mutilak toreatu behar izan zituzten, hauek bihurriak izan baziren ere adarka ez zirela hasi. "Zer botatzen duzu faltan zure herrian?" gaiari bertso paperen bidez emandako erantzun borobilenak San Nikolas ikastolako Nerea Abandorenak izan ziren, bere atzean Markel Azkue (Andra Mari) eta Iñigo Gandarias (Zubileta) izan zirela. Argazkian, irabazleak bere sariekin / Nahikari Ayo - ALBE.
  Kultura 2008-05-21 22:23

Leioako herrigunera jaitsiko da aurten Txitxiburruntzi Eguna

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Bi urtez Txitxiburruntzi Eguna San Bartolome auzoan ospatu ondoren, ekainaren 8an ospatuko den aurtengo edizioa Leioako udaletxeko plazara jaitsi egin du Berbalamiñe euskara taldeak. Horretarako arrazoia izan da iazko kokalekuan burutzen ari diren herri lanek jaia bere osotasunean burutzea oztopatuko luketela. Dena den, elkarteak "aurreko urteetako edizioak oso arrakastatsuak" izan zirela gogoratu eta datozen urteei begirako bere asmoa euskal giroko jai honekin San Bartolome auzoan jarraitzea dela argitu dute. Izan ere, Berbalamiñek gogoratu duenez, Txitxiburruntzi Egunaren bidez, "gure herriko aspaldiko ohiturari" heltdu nahi izan diote, "aspaldi Txitxiburruntzi egunez leioaztarrok herriko auzo batean bildu eta bertan trikitixa doinu eta jai giroz egun pasa egiteko ohitura" baitzuten. Bestalde herri bazkarirako txartelak dagoeneko salgai daude, ekainaren 4ra arte, Mastitxu eta Lamia AEK euskaltegietan zein ohiko tabernetan. Argazkian, iazko Txitxiburruntzi Eguneko irudi bat. Argazki gehiago ikusteko sakatu hemen.
  Kultura 2008-05-21 18:38

Lamiakoko Maskaradaren 30 urteko historia azalduko dute bihar jendaurrean Leioan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Leioako Plaza Gorrian dagoen Kurkudi kultur taldeko egoitzak hartuko du bihar, osteguna, Ion Goldaraz Lamiako Maskarada kultur elkarteko kidea. Goldarazek hitzaldia emango du bertan, 1978 urtean jaio zen eta urtero maiatzaren azken ostiralean antzeztu den Lamiakoko kultur emanaldirik garrantzitsuena eta eskualdeko euskal kulturaren ekimena erreferentzialaren nondik norakoak eta urteotan izandako istorio eta anekdotak azaltzeko. Gainera, hilaren 30ean ospatuko den aurtengo edizioan egin diren berrikuntzak ere azalduko ditu Ion Goldarazek. Hitzaldia arratsaldeko 8etan izango da. Bide batez, oraindik ikusteko parada izan ez duenak Lamiakoko Maskaradari buruzko erakusketa ikusi ahal izango du, hilaren 31ra arte Kurkudin egongo dena. Argazkian, Mari eta Sugaar dantzan Lamiakoko maskaradan / Goi Herri dantza taldea.
  Kultura 2008-05-21 11:14

Bere harremana euskaldundu duten bikoteen bila dabil Soziolinguistika Klusterra

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Soziolinguistika Klusterrak euskal herritarron hizkuntz ohituren aldaketari buruzko ikerketa bat egiten dihardu eta berau garatzeko herritarren laguntza eskatu du. Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eskatuta abiatu zuen Soziolingustika Klusterrak bere egitasmoa. Izan ere, euskara etxean transmititzeak duen garrantzia kontutan hartuta, hizkuntz ohituren aldaketan eragiten duten faktoreak aztertzea da Klusterraren xedea. Horretarako, hizkuntz ohitura aldatu duten bikote batzuen azterketa egin nahi dute eta hori dela eta bikote horiek topatzeko laguntza eskatu dute azterketaren arduradunek. Argazkian, nesken bikote bat / Reshi.
  Kultura 2008-05-21 09:09

Itzubaltzetako Ibar nagusien etxeak hamaika jarduera antolatu du ekainerako

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Itzubaltzeta / Romoko nagusien etxekoek ekainari dagokion bazkideei zuzendutako jardunen gaineko egutegia plazaratu berri dute. Izan ere, hilaren 5erako Bilboko Itsas Museora bisitaldia antolatu dute, hilaren 20an Gernikako Batzar Etxea bisitatuko dute eta 26an Gesaltza-Añanara kultur txangoa antolatu dute. Naturarekin lotutako ateraldiak ere ez dira faltako, hala nola, Irunberriko Arroilatik mendi-ibialdia hilaren 10ean eta Cangas de Onisen egonaldia ekainaren 23tik 27ra. Ekainean bertan ere beste jardun batzuk antolatu dituzte, berbarako, Ibar nagusien etxeko abesbatzaren ikasturte amaierako saioa hilaren 18an, eta 3an eta 17an dantzaldia zentroan bertan. Horrez gain, ekainaren 9an areto dantzetarako izen-emate epea irekiko da, hasiberrien zein hobetze mailetan, eta 2008-2009 ikasturteko margo eta eskulan lantegietarako ere. Argazkian, Ibar nagusien etxeko hainbat bazkide XX urteurrenari buruzko bideoari so, 2007ko azaroaren 21ean.
  Kultura 2008-05-20 21:32

Jaietarako pertsonai lehiaketa antolatu dute Sopela eta Larrabasterrako txosnek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Sopela eta Larrabasterrako Txosna Batzordeak jaietako pertsonaia eta aldi berean erakundearen irudia izango den logotipoa aukeratzeko lehiaketa zabaldu du herritarren artean. Lanak aurkezteko epea ekainaren 2ko 19:00etara arte, astelehena, egongo da zabalik nahi duten parte hartzaile orok nahi beste lan entregatu ahal izango duela. Gaia Sopela eta Larrabasterrako jaietako pertsonaia eta Txosna Batzordearen irudia izan behar bada ere, teknikoa eta koloreei dagokienez erabat libre izango da artisten hautua. Logotipoak Sopelako udaletxeko sarreran utzi ahal izango dira, beti ere egilearen sinadura edo markarik gabe. Bestalde, artistaren datuak (izen-abizenak, adina, helbidea, telefonoa eta lana) zehazten dituen orria gutunazal itxi batean sartuko dira. Lana zein datuen kartazala, beste gutunazal batean sartuko dira, zeina "Sopela eta Larrabasterrako Txosna Batzordearen logo lehiaketa" jarriko duen. Argazkian, Sopelako txosna bat iazko jaietan.
  Kultura 2008-05-19 23:28

Algorta eta Itzubaltzetako Mintza Eguna prestatzera deitu ditu berbalagunak Egizuk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Egizu Getxo Euskaldun! elkarteko kideak buru belarri dabiltza ekainaren 14ko Mintza Eguna prestatzen. "Lana banatzeko momentua iritsi da. Euskal Herriko hainbat lekutatik 300 lagun baino gehiago etorriko zaizkigu jai egun honetara. Horregatik zure laguntza behar dugu", adierazi dutenez. Gauzak horrela, astearte honetarako, maiatzak 20, lan taldeak osatzeko bilera deitu dute, 20:00etan, Algortako Aldai kulturgunean (Itxasgane). Bertan azalpen guztiak eman eta lana banatuko dute. Izan ere, Mintza Eguneko hamaiketakoa ere denon artean egingo dute. "Horretarako 50 patata tortilla behar ditugu. Tortilla bat edo gehiago egiten animatzen bazara, deitu edo idatzi egiguzu", aipatu dutenez. Argazkian, Rozio Luces Egizuko dinamizatzailea aurreko prentsaurreko batean.
  Kultura 2008-05-17 18:22

Bost neska eta mutil bat lehiatuko dira arratsaldean Ipar Uribeko txapelagatik

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Itxaso Paya egungo txapelduna, Jone Uria, Arrate Illaro, Olatz eta Miren Ibarluzea (argazkian, Fikako kanporaketa irabazi ondoren) eta Peru Vidal norgehiagokan arituko dira arratsaldean Ipar Uribeko VII. Bertsolari Txapelketa irabazteko. Hitzordua 18:00etan izango da, Areetako Andres Isasi musika eskolan, Aitzol de Castro leioaztarrak gaiak jarriko dituela. Pasa den astean Fikan egindako kanporaketan Miren Ibarluzea baino ez zen sailkatu, atzean Ekaitz Larrazabal "Katxo" bezalako faborito bat gelditu dela. Horrela, puntuak puntu, bost emakume eta mutil bakarra izango dira kantari Areetan. "Historikotzat" jo du Itxaso Paya txapeldunak gertaturikoa. Izan ere, 1994an eta 1997an, Uribe Kostako txapelketetan ez zen neskarik izan parte hartzaileen artean. 2000n, berriz, Miren Loizagak eta Goizalde Atxutegik hartu zuten parte, azken honek kanporaketa bat irabazi egin zuela. 2002an, Miren Loizaga eta Miren Ibarluzea izan ziren finalean. 2004an Ibarluzea baino ez zen sartu finalean eta 2006an, jauzi handia eginez, Itxaso Payak txapela janzteaz gain, beste hiru neskek hartu zuten bere lekua finalean. Gaurkoan, ordea, bost izango dira, txapelketara sartu ziren zazpi nesketatik. Mutilek, berriz, ordezkari bakarra izango dute, Peru Vidal, 13 parte hartu badute ere.
  Kultura 2008-05-16 22:49

Belgikako dantzariak arituko dira bihar Getxoko Sanisidroetan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Larunbat honetan, maiatzak 17, udaletxean egingo die harrera Koldo Iturbe Kultur zinegotziak Itxas Argia dantza talde getxoztarrak antolatzen duen Herrien Jaialdian parte hartuko duten bi taldeei, Itxas Argia berari eta La Compagnie Folklorique Fanny Thibout et les Tiesses di Hoye talde belgikarrari, hain zuzen. 11:00etatik aurrera, erakustaldi txiki bat egingo dute bertan talde bietako dantzari eta musikariek. Getxoko Sanisidroetan egin ohi du Herrien Jaialdia Itxas Argiak. Ekitaldia 21:00etan hasiko da jaialdia, Andra Mariko udal kiroldegian, eta sarrera dohakoa izango da. Argazkian, iaz Danimarkako eta Aragoiko (argazkian / Ilanda.eu) dantza taldeekin batera aritu zen Itxas Argia.
  Kultura 2008-05-16 18:40

"La ruleta" antzezlana eskainiko du iluntzean Itzubaltzeta gaztetxeak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Gaur hasi eta hilabete baten epean, hiru antzezlan eskainiko ditu Itzubaltzeta / Romoko Itzubaltzeta gaztetxeak. Izan ere, orain arte antzerki emanaldiak hilero eraman ditu aurrera zentro sozialak, baina ikusleek egindako harrera bikainari esker, maiztasun hori bikoiztea deliberatu egin dute antolatzaileek. Horrela, gaur iluntzeko 9etan, "La ruleta" Zaragata konpainiaren gaztelerazko antzezlana eskainiko dute. Bi aste beranduago, maiatzaren 30ean, berriz, euskarazko "Zetazeak" antzeztuko du Antzerkiolatik sortutako izen bereko konpainiak. Sanjuanak bitarteko programazioari amaiera emateko, berriz, La Calvario konpainiak dantza eta antzerkia bilduko ditu "Ariketa" lanean, ekainaren 20an. Argazkian, Miren Gaztañaga aktoreak "Ariketa" lanean jardungo du.
  Kultura 2008-05-14 23:15

Bihar hasiko dira Getxoko Sanisidroak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Aurreko asteburuan hainbat ekitaldi egon ziren arren, ostegun honetan, maiatzak 15, emango zaie hasiera Getxoko San Isidro jaiei. Aurten udalerri osoan da jai eguna biharkoa eta, hori aprobetxatuz, igandera bitartean, ekitaldiz beteriko lau egun prestatu ditu jai batzordeak. Horrenbestez, ordu erdi lehenago, Malakate plazatik abiatuko den txistulari, buruhaundi eta hankapaluen kalejirari jarraipena emanez, 19:30ean irakurriko dute bertsoz jantzitako pregoia Geroa ikastola eta Andra Mari ikastetxeko neska-mutilek. Hala ere, aurretik meza, luntxa eta aurreskua (12:00); idi probak (17:00); eta haurrentzako jarduerak (12:30) egongo dira. Lehen aipatu pregoi irakurketa kiroldegi atzeko parkingean egingo dute, ospakizun gehienak bezala. Izan ere, iaz txiki gelditu zitzaien eliza ondoko landa, jaiak antolatzearen ardura hartuta berri zeukaten lagunei. Bada, orain urte bete lan txukuna egin bazuten, aurtengoan ez dira etxeko lanak egin barik gelditu. Izatez arrakastatsuak diren ohiko ekitaldiak mantentzeaz gain, egitaraua osatu eta indartu egin dute; batez ere kontzertuei dagokionez. Besteak beste, EH Sukarrak joko du aurten Getxoko San Isidroetan. Argazkian, Agurrako txistulariak iazko jaietan.