Kultura 2008-11-13 10:35

Magia saioak izango dira larunbat guztian zehar Algortan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Getxoko Udalak, Bilboko Magoen Elkartearen (AMABI) laguntzaz, adin guztietarako hainbat magia emanaldi antolatu ditu larunbat honetarako, azaroak 15, Algortako Telletxe plazan. Lehenengo saioa, euskaraz eta umeei zuzenduta, Tor magoaren eskutik izango da, 12:30etik aurrera. Arratsaldean, 18:00etan, Balbi magoak adin guztietarako ikuskizuna eskainiko du eta 20:30ean, nagusientzako bat, Iñigo eta Taylor magoek. Saio bakoitza bukatzean “Magia hurbiletik” izenburuko erakustaldiak egongo dira. Halaber, egun osoan zehar, David magoak “Arte Global” izeneko lana erakutsiko du. Argazkian, trukuak egiteko gauza ugari erabiltzen dituzte magoek.
  Kultura 2008-11-13 10:16

Asteburuan dohakoa izango da Getxo Aquariumean sartzea

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Kirol Portuko Getxo Aquariumean eta udal bela eskolan egingo da asteburu honetan, hilaren 15ean eta 16an, Espainiako Itsas Akuariozaleen I. Batzarra. Ehun lagun inguru, guztiak arrainontzi baten jabeak direla, ekimen horretan bilduko dira Getxo Aquarium gaur egun kudeatzen duen enpresak eta sektoreko saltoki espezializatu batek antolatuta, Getxoko Udalaren laguntzaz. Iberiar penintsulako leku askotatik, hala nola, Cadiz, Malaga, Huelva, Sevilla, Bartzelona, Lleida, Girona, Gipuzkoa, Araba eta Bizkaitik etorritako zaletuak dira. Horietako askok, gainera, izen handia daukate zaletasun honetan, udal iturriek aipatu dutenez. Topaketari begira, asteburu osorako egitaraua antolatu dute. Ikastaroak, hitzaldiak, mahainguruak eta beste hainbat jarduera ludiko osagarri prestatu dituzte batzarraren harira. Jarduera hauek parte hartzaileentzat izango badira ere, ekitaldia baliatuta Udalak ateak zabalik jardunaldia antolatu du, eta hortaz, asteburu osoan zehar akuarioan sartzea dohakoa izango da bisitari guztientzako. Argazkian, hainbat zinegotzi akuarioan, aurreko batean, aditu baten azalpenei adi / Urtzi Altube - Ilanda.eu.
  Kultura 2008-11-12 13:59

Kameratoia izena hartuko du aurten Topagunearen Ikus-entzunezkoen Rallyak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Azken hiru urteotan egin duen bezala, aurten ere Euskal Herriko Ikus-entzunezkoen Rallya antolatu du Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak. Bideo-lehiaketaren laugarren edizioa abenduaren 13an izango da, Donostian, Tabakaleraren instalazioetan. Sortu zen unetik bertatik oso harrera ona izan du Ikus-entzunezkoen Rallyak, Topaguneko arduradunek diotenez. Hori dela-eta, "denbora honetan berez hartzen joan den izaera azpimarratzeko", izen propioa ere hartuko du aurten: Kameratoia. "Izenak oso ondo islatzen ditu ekimenaren ezaugarriak: alde batetik kamera dago, azken finean bideo-lehiaketa baita; eta bestetik, maratoia, lehiaketa horixe izaten baita bertan parte hartzen dutenentzat", azaldu dutenez. Izan ere, hamar orduko epea ematen zaie parte hartzaileei, goizeko 9etatik arratsaldeko 7ak arte, egunean bertan ezagutuko duten gaia eta euren lanetan derrigorrez agertu behar diren zenbait ezaugarri emanda, hiru minutuko bideo baten istorioa asmatu, irudiak grabatu, editatu eta jendaurrean aurkezteko. Argazkian, hainbat gazte grabazioa egiten Ikus-entzunezkoen Rallyaren iazko edizioan / Topagunea.
  Kultura 2008-11-12 13:26

Uribe Kosta eta Erandiotik hurbilago egongo da urtarriletik aurrera euskara hutsezko Hamaika telebista

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Atzo aurkeztu zuten Bilboko Itsas Museoan Hamaika Bilbo euskarazko lurreko telebista digitala. Hamaika Taldeak eta Ibaizabal Kultur Elkarteak 2007an sortutako Bilbo Handia Ikus-entzunezkoak SA enpresa da proiektuaren sustatzailea, eta Iñaki Uria zuzendari nagusia. Tokiko telebista digital berriak urtarrilean hasiko ditu emisioak Bilbon, egunez bi orduz gutxi gora behera. Ondoren etorriko dira Donostia eta Gasteizko telebista euskaldunak, azkenik, Arrigorriaga, Basauri, Galdakao, Ezkerraldea, Enkarterriak, Uribe Kosta, Txorierri, Mungialdea eta Hego Uribera hedatzeko. Egitasmoak 500.000 euroko inbertsioa izan du, eta orain 600.000 euroko kapital handitzea hasi dute, eragile gehiagok proiektuarekin bat egin dezan. 200 eta 1.000 euroko akzioak eros ditzake nahi duenak. Argazkian, apirilaren 9an euskara hutsezko Interneteko Ibaizabal telebista bilbotarra aurkeztu zuten.
  Kultura 2008-11-12 12:55

Azaroaren 21erako bilera irekia deitu du Sopelako Aitxu! euskara taldeak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Azaroaren 21ean, ostiralarekin, batzar orokorra egingo du Sopelako udaletxeko sarreran, Aitxu! euskara taldeak. Hurrengo hilabeteetan egingo dituzten ekimenei buruz hitz egitea da asmoa. Hala ere, sopeloztar guztiak deitu dituzte bileran parte hartzera. Ordua 19:30ean jarri dute. Bitartean, hilaren 30ean, igandearekin, Urdulizko Mendiondo errotara egingo dute berbatxangoa. Horrenbestez, autoa azken udalerri horretako eliz ondoan aparkatu eta bertatik abiatuko dira 9:30ean, jabeak berriztatutako errotara 11:00ak aldera heltzeko. Diotenez, ordu beteko ibilbide erraza da. Behin txangoa bukatuta, umeentzako talo tailerra eta dastaketa (4 euro) izango dira Larrabasterran; 13:30ean. Baita sagardoa eta giro onarekin gozatzeko aukera ere. Argazkian, Aitxu! euskara taldeak Sopelako udaletxeko plazan egindako erromeria.
  Kultura 2008-11-12 12:30

Euskarazko software libreari buruzko ikastaroa antolatu dute Erandion

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Azaroaren 18tik abenduaren 9ra arteko astearteetan (biak barne), euskarazko software libreari buruzko ikastaroa emango dute Bekoa ikastetxean, Erandioko Udalaren Euskara Zerbitzuak antolatuta. Gauzak horrela, oraindik ere badute izena emateko aukera horretan parte hartu nahi dutenek. Erandioztarrek 10 euro ordaindu beharko dituzte ikastaroan apuntatzeko. Kanpokoek, berriz, 12 euro. Batzuek zein besteek, udaletxean (Irailaren 23a plaza) bertan dagoen Euskara Zerbitzura jo edo 944 890 128 telefono zenbakira deitu beharko dute izena emateko. Esan bezala, eskolak asteartero izango dira, 18:30etik 21:00etara bitarteko ordutegian. Argazkian, hilaren 5ean, Publikatu.com iragarki sarea eta Arraytxiki web laborategia aurkeztu zituzten Donostian. Ondoren, fish&txips topaketa egin zuten / Arraytxiki.com.
  Kultura 2008-11-12 09:57

Azaroaren 29an berbalagunen arteko futbito txapelketa egingo dute

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Azaroaren 29rako, larunbatarekin, futbito txapelketa antolatzen ari dira Deustu, Barakaldo eta Bilboko Zazpi Kaleetako berbalagunek. Elkarte bakoitzetik talde batek parte hartuko du, txapelketa jolastu, eta ondoren, partehartzaileak afaltzera joango dira. Torneoaren irabazleek afaria dohainik izango dute. Gauzak horrela, taldea osatu eta izena emateko gonbitea luzatu die udalerriko berbalagunei Egizu Getxo Euskaldun! euskara taldeak. Horretarako, 619 935 541 telefono zenbakira deitu edo egizugetxo[abildua]gmail.com e-posta helbidera idaztea besterik ez dago, hilaren 19a baino lehen. Bestalde, sendabelarren ikastaroa antolatzen ari da Bilboko Lizardi Mintza taldeak, Abante kulturgunea eta Topagunearen laguntzarekin, Egizukoek jakinarazi dutenez. Azaroaren 24an eta 26an, eta abenduaren 1ean eta 3an izango da Abante kulturgunean, arratsaldez. EHNE sindikatuak emango du eta 10 euro balio du. Hilaren 18ra arte eman daiteke izena hemen: http://www.lizardimt.com webgunean edo 695 714 360 telefono zenbakian. Argazkian, Sestao eta Barakaldoko berbalagunekin batera bizikletan ibiltzera joan ziren azaroaren 1ean berbalagun getxoztarrak / Egizu!
  Kultura 2008-11-11 18:16

Kultura aniztasunaren onuraz jabetzeko antzezlana eskainiko diete Leioako eskola-umeei

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Leioako Udalaren Gizarte Zerbitzuek bi antzerki saio antolatu dituzte, Biluts elkartearen laguntzaz, Lehen Hezkuntzako 5 eta 6. mailako ikasleei kultura ezberdinen arteko harremanak ekartzen dituzten onurak erakusteko asmoz. Eskola-umeek Vuela Bonita taldearen “Babel Mundua” izenburuko obra ikusteko aukera edukiko dute azaroaren 13 eta 14an, hau da, ostegun eta ostiral honetan, Mercedarias ikastetxeko areto nagusian. Emanaldi biak euskaraz izango dira eta, guztira, ia 300 neska-mutilek gozatuko dute antzezlanaz, tokiko iturriek nabarmendu dutenez. Izan ere, Leioako San Bartolome, Artatza, Altzaga, Lamiako, Txomin Aresti eta Betiko hezkuntza zentroetako ikasleak ere hurbilduko dira Mercedariasera. Horretarako, bi autobus jarriko ditu Udalak. Ekimenerako 4.500 euro jarri ditu tokiko erakundeak. Argazkian, "Babel Mundua" antzezlana.
  Kultura 2008-11-11 17:35

Hiru emakumeren margolanak daude ikusgai Sopelan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Sopelako udaletxeko sotoak Bilboko El Pincel taldeko hiru margolariren lanak hartu ditu. 27 koadro dira guztira, akuarelak eta oleoak denak, hainbat gairi buruzkoak. Marta Camiñak Bilbori buruz duen ikuspegia erakusten dute batzuek, ibaiari nagusitasun osoa emanez. Begoña Zumalakarregik paisaiak eta ardandegiak ditu atsegin, mendietan lortzen baitu inspirazio-iturria. Erakusketak Itziar Martinezen oleoak ere biltzen ditu, pertsonen gaineko argi eta itzalei buruzko kolore bizi eta beroekin. Hiru ibilbide ezberdin dituzte artistok, baina astean behin, gutxienez, Bilboko El Pincel aretoan biltzen dira, Rosa Valbuenaren gidaritzapean. Hiru emakumeek afizioz margotzen dute. "Gustatuko litzaiguke horretatik bizitzea, baina gure lanekin tartekatu behar dugu”, diosku Martinezek. Camiñarentzat, berriz, “ihesbidea da, egunerokotik aldentzeko erabiltzen dudana. Koadro bat marrazteak egunean egin dezakedan beste ezerk baino gehiago ematen dit". “Egunen batean akuarela-egilea naizela esatea gustatuko litzaidake”, dio Zumalacarregik. Horregatik, akademian margotzeaz gain, guztiek etxean edo estudioetan dute orain hamar urte hasi zuten abentura honetan jarraitzeko txokoa. Ez da Sopelakoa hiru margolariek egin duten lehen erakusketa, hainbat saiotan esku hartu baitute, bakarka zein lagunduta. Argazkian, Marta Camiñaren "Barcos" izenburuko lana.
  Kultura 2008-11-11 14:13

Arto Tunçboyaciyan musikari armeniarrak joko du ostiralean Leioan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Munduko Musikak zikloarekin jarraituz, ostiral honetan, azaroak 14, Arto Tunçboyaciyan armeniarraren doinuak entzungai egongo dira, Kultur Leioan, 21:00etatik aurrera. Armenian Navy Banden liderraren bakarkako lanek Anatoliako eta Armeniako sustraiko musika aztertzen dute, sorkuntzarako eragin berriekin eta bizitzari ilusioz begiratuta. Ospetsua da folk avant-gardearen eszenan, eta Europako artisten 200 disko baino gehiagotan hartu du parte –artista horien artean, World Music delakoaren izenik ospetsuenetako batzuk daude: esate baterako, Sezen Aksu turkiarra eta Eleftheria Arvanitáki greziarra–, eta, AEBetan, jazzaren figura handi askorekin kolaboratu du; esate baterako, Chet Baker, Al Di Meola edo Joe Zawinulekin. 2007tik, mundu osoko musikariak hartzen dituen “Continental Breakfast” proiektuan sartuta dago. Emanaldirako sarrera 12 eurotan egongo da. Hilaren 28an, berriz, Mafalda Arnauth musikari portugaldarrak eskainiko du saioa, toki eta ordu berean. Argazkian, Arto Tunçboyaciyan.
  Kultura 2008-11-11 13:55

Haurrentzako ipuin kontalariak izango dira astelehenean Plentzian

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Azaroaren 25ean, asteartearekin, izango den Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira, euskarazko ipuin kontalari saioa antolatu du astelehenerako (hilak 17) Plentziako Kultur Etxeak. Goñi Portal aretoan, 18:00etan hasita, Apika taldearen "Akabo!" ikuskizunaz gozatzeko aukera eduko dute 6 eta 12 urte bitarteko haurrek. Abenduaren 19tik 28ra, berriz, bigarren eskuko mendirako materialaren azoka jarriko dute Goñi Portalen. Hain zuzen ere, azaroaren 19tik 28ra bitartean eraman behar izango da bertara salgai jarri nahi diren gauzak: kranpoiak, pioletak, sokak, mosketoiak, espresak, katu oinak, arnesak, kanpin dendak, motxilak, galtzak, zamarrak, betaurrekoak, liburuak, botak, eskiak, eskularruak, kamisetak, txapelak, bastoiak, erlojuak, altimetroak, ortobox-ak, aterkiak, argazki kamerak, labanak... Kultur iturriek azaldu dutenez, "nahi duen guztiak ekar dezake mendiarekin erlazionatutako etxean daukan edozein gauza. Goñi Portalen uzten du, gero, guk bitartekari bezala egingo dugularik bere materiala salmentan jarriz. Materiala dakarrenak jartzen die prezioa bere ondasunei". Saltzen ez diren gauzak abenduaren 22an eta 23an jaso ahal izango dituzte jabeek. Argazkian, Apika taldearen ipuin kontalari saioa.
  Kultura 2008-11-10 22:52

Gabonetan Sopuerta Abentura parkera egingo dute irteera Plentzian

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Datozen Gabonetan hainbat aisialdi ekintzatan parte hartzeko aukera izango dute haur eta gaztetxoek Plentzian. Besteak beste, abenduaren 29rako, astelehena, Sopuerta Abentura parkera txangoa antolatu du bertoko Kultur Etxeak. Goizeko 9:30ean aterako dira herritik, 14:00etan etxera bueltatzeko. Izena ematen duten neska-mutil guztiekin bi talde osatuko dituzte: bata 5 eta 7 urte bitarteko umeekin; eta bestea 8 eta 10 urte artekoekin. Horrenbestez, plentziarrek 15 euro ordaindu beharko dituzte eta bost euro gehiago kanpokoek. Bitartean, urtarrilaren 5ean eta 7an, kometa tailerra egingo dute Goñi Portal kultur aretoan, 10:00etatik 13:00etara, 8 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzenduta. Ikastaroa 10 eurotan aterako zaie udalerrian erroldatuei eta 12 euro gainontzekoei. Aipatu bi ekintzetarako, azaroaren 17ra arte dago izena emateko aukera. Argazkian, bi ume zuhaitzetatik zintzilik, Sopuerta Abentura parkean.
  Kultura 2008-11-10 22:30

Dagoeneko bigarren astean da Lutxanako Azaro Kulturala

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Orain aste bete abiatu zen, Lutxanako eskola zaharrean, Tirante Plataformak antolatutako Azaro Kulturalaren zazpigarren edizioa. Gaur, pailazo tailerrari hasiera eman diote. Asteazkenera bitartean, Le Galeon antzerki taldeko Espe Lopezek emango du ikastaroa, 17:00etatik 20:30era. Ostiralerako, berriz, saio bikoitza prestatu dute: batetik "La vida en un pueblo ocupa" hitzaldia izango da 19:00etan; eta 22:30ean, "Bi-RSS" musika eta antzerki ikuskizuna eskainiko du La Ressistens taldeak. Larunbatean ere antzerki saioa egongo da. Oraingo honetan, "El desbordamiento" obra taularatuko du, 20:00etatik aurrera, Aborigine taldea. Ondoren, 23:00etan, EP's Sixties taldeak emango du kontzertua. Azkenik, igandean, "Soy especial" antzezlana eskainiko du Vuela Bonita Corporation taldeak, bigarren asteko saioei bukaera emanez. Argazkian, hilaren 15ean taularatuko duten "El desbordamiento" antzezlana.
  Kultura 2008-11-10 13:52

Asteburuko artisautza azoka "arrakastatsua" suertatu da Leioan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Asteburuan ospatu zen Leioako artisautza azokaren 29. edizioa "arrakasta izugarria" izan duela adierazi dute antolatzaileek. Eguraldiak lagun izanda, lagun asko bildu zen Boulevardean Euskal Herriko gastronomia eta artisautzaren produkturik onenak erosteko zein dastatzeko. Udal iturrien arabera, hain ona izan da bisitarien harrera egun bietan, hau da, larunbatean zein igandean, ordutegiak luzatu behar izan zituztela goizez zein arratsaldez. Horretaz gain, "artisau guztiak oso pozik" azaldu dira aurtengo salmentekin: “publikoaz gain salmenta asko ere izan ditugu aurten, eta egungo egoera ekonomikoarekin oso albiste ona dugu hau”, adierazi zuten parte hartu zuten artisau batzuek. Argazkian, artisau azokaren iazko edizioa.
  Kultura 2008-11-10 12:53

Algortako Portu Zaharrera egindako bisitetan 600 lagun baino gehiago izan dira

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Bukatu berri diren Ondarearen Europako Jardunaldietan, 623 pertsonek parte hartu dute Algortako Portu Zaharrera egindako antzeztutako bisitetan, udal iturriek emandako datuen arabera. Aurtengo egitarauan “Getxoko Aixerrota” eta “Portu Zaharra eta bertakoen lanbideak” erakusketak ere egon dira; baita gaueko “Akordaten naz” dokumentalaren eta aintzineko argazkien ikus-entzunezko proiekzioak, txalaparta eta bertso saio tematikoak, kalejirak eta sardina jana ere. Aitor Soloeta Ekonomia Sustapena eta Turismo zinegotziak adierazi duenez, “jardunaldi hauen arrakastak Getxok duen potentzial turistikoa agerian utzi du. Aurten, Portu Zaharra eta Aixerrota izan dira zabalkundearen helburu, gure ondarearen eta turismoaren 'bitxi' bi, eta izandako arrakastak udalerriko auzokideen zein bisitarien interesa pizten dituzten gune bereziak sustatzen lan egiten jarraitzen bultzatzen gaitu”. Tokiko agintariaren ustez, “azpimarratzekoa da Portu Zaharrak izan dezakeen garrantzia, guztiok udalerriaren sustapen turistikoan murgiltzen bagara. Argazkian, bisitetako bat.