Uribe Kosta jaietan 2015

Protesta animalista deitu du biharko Esnatu Leioak

Iker Rincon Moreno 2015ko ira. 8a, 12:40
Idi-proba baten artxiboko irudia. © JOSU ASTRAIN

"Animaliak torturatzea ezin da jaia izan" goiburupean, elkarretaratzea deitu du biharko, eguaztena, Esnatu Leioa alderdiak. Kontzentrazioa Avanzadako bulebarrean egingo dute, 19:00etan, Ondizko jaietako idi-proba egiten den bitartean. Ez da lehenengo aldia Esnatu Leioak salaketa hori egiten duena. Pasa den abuztuan, Santimamiko idi-probetan eta San Bartolomeko asto-dematan el­karretaratze bana egin zuten, animaliei "tratu txarrak" eman zaizkiela arbuiatzeko. San Bartolomen, liskarrak izan ziren aldekoen eta kontrakoen artean. Animalistek Internet bidezko sinadura-bilketa ere hasi dute, udalerriko jaietan horrelako herri-kirolarik gehiago programa ez dezaten. Eskaera honakoei zuzendu diete: alkatea, Leioako Udala, Leioako PSE-EE eta Leioako Udal Prentsa Bulegoa.

Ekimenaren kartela

Hildako idiak

Leioatik kanpo, abuztuan beste hainbat gertaera izan ziren, animaliak da­ra­biltzaten herri-kirolei eragin diena. Hilaren 6an jakin zen euskal erakundeak, idi-probetako lurralde federazioakaz batera, arautegi berri bat lantzen dabiltzala idi-probetan dopin-azterketak hobetzeko. Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasunerako sailburuak eman zion horren berri, idatziz, Eusko Legebiltzarrari, PPk egindako galderari erantzunez. Izan ere, Erandiogoikoko iazko jaietan drogatutako idi biren heriotza Kultura Batzordean aztertu zen, pasa den otsailean, eta bertan EAEko Herri-kirolen arduradunek eskatu zuten arautegia berritzea eta bitarteko gehiago ematea.

Ildo berean, aurtengo abuztuaren 14an, PACMA alderdiak salatu zuen aste akabu horretan iazkoak bezalako idi-probak izango zirela Erandion, nahiz eta Erandiogoikoko jaien egitarauan aurten horrelakorik ez egon.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun