Unibertsitatera sartzeko proba egiten dabiltza 9.887 ikasle, EHUn

Iker Rincon Moreno 2016ko eka. 8a, 15:47
2009ko ekainaren 10eko irudia, non hainbat ikasle azterketa bat egiten dabiltza EHUko Leioako campusean. © EHU

Euskal Autonomia Erkidegoan Batxilergoa aurten bukatu duten 9.887 ikaslek gaur hasi dituzte unibertsitatera sartzeko probak, EHUn; iaz baino % 3,5 gehiagok (9.552 matrikulatu ziren proba egiteko 2015ean). Horietatik 6.808 neska-mutilek euskaraz egingo dituzte azterketak. Batxilergoko ikasleez gainera, goi mailako heziketa ziklo bat egin duten eta fase espezifikora besterik aurkeztuko ez diren beste 723 ikasle (horietatik 315ek euskaraz egingo dute) gehitu behar dira. Lanbide Heziketako 651 ikasle matrikulatu ziren iaz probak egiteko, beraz igoera %11koa izan da.

Probak hiru egunetan zehar egingo dira, barikura arte, eta fase bi izango ditu: orokorra eta espezifikoa. Fase orokorrak Batxilergoa amaitzean ikasleek graduko unibertsitate-ikasketa ofizialak egin beharreko heldutasuna eta oinarrizko trebetasunak dituzten ala ez neurtzea du helburu, EHUko iturriek adierazi dutenez. Honako bost azterketez osatuta dago: Gaztelania eta literatura; Euskara eta literatura; Filosofiaren historia edo Historia; Atzerriko hizkuntza eta Batxilergoko 2. mailako modalitateko ikasgai baten azterketa, ikasleak gura duena. Gai bakoitzak 0 eta 10 bitarteko nota jasoko du, eta fase honetan gehienez 10 atera daiteke.

Batxilergoko notaren eta fase orokorreko kalifikazioaren artean egindako batez besteko nota haztatuan (%60 Batxilergoari dagokio eta %40 fase orokorrari) 5 puntu edo gehiago lortuz gero. proba gainditutzat joko da, baldin eta ikasleak fase orokorrean gutxienez 4 puntu lortu baditu.

Fase espezifikoa

Fase espezifikoa borondatezkoa da eta haren helburua da neurtzea ikasleen ezagutzak eta arrazonatzeko gaitasuna arlo jakin batzuetan; alegia, unibertsitatean egin gura dituen ikasketakaz zerikusia daukaten arloetan. Fase honek aukera ematen dio ikasleari fase orokorrean lortutako kalifikazioa hobetzeko. Zati espezifikoan ikasle bakoitzak Batxilergoko bigarren mailako modalitateko edozein gai aukera dezake, fase orokorrerako aukeratu duena izan ezik. Gehienez lau gairen azterketak egin ahal izango dituzte fase espezifiko honetan. Eta, gehienez, 4 puntu eskuratu ahal izango dituzte. Gai bakoitzari 0 puntutik 10 puntura bitartean emango zaio, gutxienez 5 bat lortzen bada hartzen da kontuan, eta azkeneko nota aterako da borondatezko bi nota onenak eta haztatzeko parametroak biderkatuz. Haztatzeko parametroen baloreak 0,1 eta 0,2 dira eta unibertsitateak ezartzen ditu gaiak hautatutako graduarekin duen harremanaren arabera.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun