Azaroaren 25a Uribe Kostan

Aurton ere eraso matxistei aurre egingo diete Leioako ikasleek

Iker Rincon Moreno 2016ko aza. 24a, 16:00
Azken sexu-erasoa salatu zuten leioaztarrek.

Udalerriko hainbat ikastetxetako neska-mutilek biolentzia matxista salatuko dute, azaroaren 25ean. Udalaren Berdintasun Saila hezkuntza-zentroakaz elkarlanean dabil, hainbat ekintza prestatzeko. Emakumeenganako Indarkeriaren kontrako Nazioarteko Egunean, leioztar denei zuzendutako kale-agerraldian parte hartuko dute ikasleek, besteak beste. Elkarretaratzea 12:00etan izango da, Boulevarden; Andrak emakumeen elkarteak ere parte hartuko du, ohi duen legez, Udalagaz batera.

Ekimenei jarraituz, ikastetxe denetan egingo dute tapoi-batzea ikasturte osoan; kartel-lehiaketa ere antolatu dute, jaietan erabiliko den eraso sexisten aurkako irudia aukeratzeko asmoz. Bestalde, emakumeenganako indarkeriaren kontrako pankartak, banderatxoak eta kartelak ipiniko ditu Udalak; horrez gainera, pegatinak eta egutegiak banatuko dituzte.

Amaitzeko, abenduaren 3an eta 17an, 10:00etatik 14:00etara, emakumeei zuzendutako autoestimu-tailerra eskainiko du Berdintasun Sailak. Horretan parte hartu gura dutenek izena eman dezakete, azaroaren 25a baino lehenago, Gizarte Zerbitzuen udal-bulegoan (Inaurratzaga, 1); bost euroko fidantza eskatuko zaie.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun