Leioako Elkarrizketa eta Elkarbizitzarako Mahaiak urteko lehenengo bilera egingo du astelehenean

Iker Rincon Moreno 2017ko ots. 8a, 12:05
Elkarrizketa eta Elkarbizitzarako Mahaia, aurreko bilera batean. © LEIOAKO UDALA

Leioako Elkarrizketa eta Elkarbizitzarako Mahaiak astelehenean, otsailak 13, egingo du 2017ko lehenengo bilera; 2009an sortutako partaidetza-foroa 19:00etatik 20:30era elkartuko da, Kultur Leioako erakusketa-aretoan. Udal-iturriek nabarmendu dutenez, edozein leioaztarrek parte har dezake horretan, 946 072 576 telefono zenbakira deituta eta Mahaiaren datu-basean izena emanda. Hortik aurrera, deialdia bidaliko zaio, eta parte hartu ahal izango du.

Mahaiaren helburu nagusia "herri mailako bizikidetza sustatzea da; baina, ondo pentsatuz gero konturatzen gara bizikidetzan gauza guztiek dutela eragina. Horregatik, hain zuzen, asko izan dira tratatu diren gaiak: etorkinak, gazteria, jakien soberakinak, genero-berdintasuna, haurrak eta bere papera komunitatean…", azaldu dute agintari leioaztarrek.

Hemendik aurrera, Elkarrizketa eta Elkarbizitzarako Mahaia udalerri-mailan hobekuntzak lortzeko partaidetza-foroa izango da: "aztertuko dugu zer ikusten dugun txarto eta nola konpondu ahal dugun", adierazi du Leioako Udalak. "Hobetzeko proposamenak dagozkionari proposatuko zaizkio, Udalari, elkarteei, komertzioei…, edota Mahaiaren beraren ekintzak eragin ditzakete", amaitu dutenez.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun