Dead Combo bikotea: fadoa eta bluesa nahastuz

Iker Rincon Moreno 2017ko ots. 16a, 12:00
Gonçalvesek eta Tripsek kontrabaxua eta gitarra baino ez dituzte behar oholtzara igotzeko. © DEAD COMBO

Musika Gertu zikloaren barruan, Dead Combo bikote portugaldarrak kontzertua eskainiko du, Kultur Leioako edaritegian, bariku honetan, otsailaren 17an. Pedro Gonçalves (gitarra, kontrabaxua eta ahotsa) eta Tó Trips (gitarra) musikariek 21:00etatik aurrera joko dute; sarrerak 5-10 euroan daude salgai.

Tajo ibaia, Lisboa hiria, Mediterraneo itsasoa, Afrika idealizatu bat edo Amerikako basamortua berbabide dituzte euren abestietan Dead Combokoek. Adituek diotenez, rock´n´rollaren indarrak kutsatuta, "urteetako musika lasaia" egiten dute; kontinenteak zeharkatzen dituzte, fadoa eta bluesa nahastuz.

Kultur Leioako arduradunen arabera, "huts egin ezin daitekeen saio" bihurtu dira bertoko edaritegian egiten diren formatu txikiko kontzertuak; 80 lagun baino ez dira sartzen aretoan. Ekainera arteko egitarauari dagokionez, martxoaren 17an izango da Musika Gertu zikloaren azken eko emanaldia; bariku horretan, Clara Peya pianista kataluniarrak joko du. Betiko legez, kontzertua 21:00etan izango da; sarrerak 5-10 euroan egongo dira salmentan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun