Inauguratu dute EHUko Arboretumeko espezieen seinaleztapen berria

Iker Rincon Moreno 2018ko uzt. 19a, 20:51
Arboretumeko plaka bat, artxiboko irudian. © EGOI MARKAIDA - EHU

EHUko Ilustrazio Zientifikoko graduondoko ikasleek ikasturtean plakak sortu eta 14 seinale ipini dituzte, Leioako campuseko Arboretumen.

Hala, espezie bakoitzaen gaineko informazioa eman dute, irudi eta testuakaz. Helburua da esperientziarekin segitzea eta, apurka-apurka, panel berrien bidez, Arboretumen dauden 130 zuhaitz motak identifikatzea.

EHUko Arboretumeko zuhaitzen ezaugarriak identifikatu eta ezagutzea, aurrerantzean, errazagoa izango da. Zientzia eta Teknologia Fakultateko Ilustrazio Zientifikoko graduondoko ikasleek sortu dituzten zeramikazko plaka batzuen bidez, espezie bakoitzaren xehetasunen berri ematen da. Oraingoz, 14 plaka ipini dira, baina ideia da zabaltzen joatea eta bertan dauden 130 espezie baino gehiago identifikatzea; 1.700 zuhaitz baino gehiago daude. Seinaleak zeramika serigrafiatuzkoak dira, eta landutako zurezko euskarri baten gainean daude. "Hau hasiera izan da, baina ez da horretan geratuko; izan ere, helburua da esperientziagaz jarraitzea eta, plaka berrien bidez, Arboretumeko espezie denak identifikatzea”, esan du Beñat Zaldibar graduondoko zuzendariak.

Ikasturte honetako ikasleek eta arduradunek, Esther Domínguez fakultateko dekanoak eta Patxi Juaristi Bizkaiko Campuseko errektoreordeak bisita egin zuten atzo, panelak ezagutzeko. Lehenengoa EHUren Honoris Causa Doktoreen basoaren aurrean dago; "2000. urtean sortu zen; bereizgarri hori jasotzen dutenek, bertan zuhaitza landatzeko aukera dute", gogorazi zuen Javier Loidi Arboretumeko arduradunak. Seinale berrietan zuhaitzen izena, zuhaitz osoaren marrazkia eta beren hostoen gaineko xehetasunak dituzten marrazkiak, loreak eta fruituak ageri dira, azalpenakaz. Gainera, EHUren logoa eta egilearen izena ere agertzen dira. "Proiektu horregaz, zalantza barik, unibertsitateak eta campusak irabazten dute", esan zuen Patxi Juaristik.

Paseoan, ikasleek seinaleak sortzeko prozesua gogorarazi zuten: "Prozesua gogorra eta zaila izan da; landa-lana egin behar izan dugu, espezieei xehetasunez behatu eta gero irudiak zorroztasun zientifikoz prestatzeko argazkiak egin", ekarri zuten gogora ikasle-talde batek eta Vega Asensio irakasleak, atzealdean duela 40 urte ukitu bako Atlantikoko baso naturala utzi ondoren; horrela eutsi zaio basoari, mota horretako baso bat egoera naturalean nolakoa den ikusi ahal izateko; Arboretumeko altxorretako bat da.

Ikastaro aitzindari baten lehen promozioa

Aurtengoa EHUko eta Estatu espainiarreko Ilustrazio Zientifikoko graduondoaren lehen unibertsitate-promozioa da; izan ere, titulu aitzindaria da.  Zalantza barik, ikastaroa oso sendoa izan da ikasleentzat.  "Zientzia eta Teknologia Fakultateak prestakuntza zorrotza eta handinahia planteatu du, eta ikasgelak ere gainditu ditu. Esperientzia praktikoak egin dituzte, besteak beste, plaka hauek sortzea, eta, horien bidez, euren ezagutzak, gaitasunak eta trebetasunak aberasteaz gainera, aukera izan dute ilustrazio zientifikoaren zeharkako eta askotariko diziplinako funtzioa hurbiltzeko eta ezagutzera emateko ere", adierazi zuten arduradunek.

Jarduera praktiko horrez gainera, ikasleek zenbait gairen gaineko bost erakusketa egin dituzte, Getxo Aquarium-erako, Pint of Science-rako, BermeoTuna World Capital-erako, Zientzia eta Teknologia Fakultaterako, Plentziako Itsas Estaziorako eta Euskal Esperientziak Zientzia Zabalkundean 2018rako. Halaber, Euskadiko Biologoen Elkargo Ofizialaren "Biogaia" aldizkariaren 2018ko apirileko edizioaren azala eta kontrazala ere egin dute, eta graduondoko Batzorde Akademikoko kideek idatzitako "Abriendo Brecha en la comunicación de la ciencia visual" artikuluaren barruko irudiak egin dituzte.

EHUko iturriek azaldu dutenez, Ilustrazio Zientifikoaren helburua zientzia eraginkortasunez transmititzea da, ezagutzak gure adimenari ulertaraztea, ez gure begiei: "Modu horretan, ideia lehenago barneratzen da, ezagutzak denbora gehiagoz mantentzen ditugu eta mezuak gehiago konbentzitzen gaitu". Taldeak, 14 plaken atzoko ibilbidea amaitzear zegoela, atzean utzi zuen Euskararen Espirala. "Hura euskara unibertsitatean ikasketarako hizkuntza gisa sartu zeneko 30. urteurrena ospatzeko sortu zen; 79/80 ikasturtean sartu zen. Sinbologia handia du; espezieak zaharrenetatik modernoenetara landatuta daude, bost kontinenteetakoak dira eta espezie endemikoak dira, lurralde txikian daudenak, Euskararen lurraldean", azaldu zien bertaratutakoei Javier Loidi Arboretumeko arduradunak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun