Lemoizko zabortegia zabaldu dute berriro, hiri-hondakinak hartzeko

Iker Rincon Moreno 2016ko ots. 9a, 17:20
Lemoizen dagoen Jatako hondakin biltegia. © BYCAM.

Bizkaiko Foru Aldundiak Jatako zabortegira bideratuko ditu Artigasekoak (Bilbo) jaso beharreko hiri hondakinak, behin-behineko neurri gisa, azken horren edukiontzia betetze mugara iritsi delako. Aldundiak jakinarazi duenez, astelehenean, hilak 8, hasi ziren zaborra Lemoizeko zabortegira eramaten, eta bederatzi hilabetez egongo da indarrean neurria, Bilboko zabortegian edukiontzi berria egiten duten bitartean.

Jatako zabortegia 2014ko urtarrilaren 1etik egon da geldirik, eta aurrerantzean Bizkaiko hiri hondakinak hartuko ditu, bederatzi hilabetez, Tratamendu Mekaniko Biologikoa jaso ondoren.

Bizkaiko Foru Aldundiaren oharrak ez du zehazten zein izango den lekualdatutako hondakin kopurua. Hala ere, "El Correo" egunkariak zabaldu duenez, egunean 450-480 tona artean jasoko du Jatako zabortegiak, Aldundiko Ingurumen saileko ordezkari batek egunkari horri aitortu dionez. Hala, bederatzi hilabetez aurreikusten denez hondakinok Lemoizeko biltegira eramatea, astearen bost egun eta erditan (astelehenetik zapatu eguerdira bitarteko erreleboetan), denera 100.000 tona zabor inguru hartuko ditu Jatako zabortegiak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun