Euskarazko udalekuak egingo dituzte Lemoizen

Iker Rincon Moreno 2016ko mai. 6a, 12:29

Astelehenean, hilaren 9an, irekiko dute Lemoizko euskarazko udalekuetan izena emateko epea. Hala, interesa dutenek, maiatzaren 20ra arte eman ahalko dute izena, Lemoizko kultur etxean edo euskera2@uribekosta.org helbide elektronikora izen-emate orria behar bezala beteta bidalita. Udalekuak ekainaren 27tik uztailaren 15era bitartean izango dira.

Lemoizko euskarazko udalekuak talde bitan banatuta egongo dira: 3 eta 5 urte artekoak eta 6 eta 12 urte artekoak. Guztira, 30 toki egongo dira, adin-tarte bien artean banatuta.

Udalekuak ekainaren 27tik uztailaren 15era arte izango dira, eta, aurten, gainera, neska-mutilek irteerak egingo dituzte. Lehenengo astean Oma basora joango dira, bertako zuhaitz margotuak ikustera. Bigarren astean, berriz, Pobal burdinolara hurbilduko dira, eta azkenik, hirugarrenean Bilbora joango dira. Halaber, nagusiek Euskararen Etxea bisitatuko dute; txikiek, berriz, Olabeagako pirata parkea.

Prezioei dagokionez, plaza arruntak 60 euro balioko du; familia ugariek, berriz, 40 euro ordaindu beharko dituzte eta diru-sarrerak bermatzeko errenta dutenek 20 euro.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun