Plentzia izango da piraguazaleen hiriburua gaur eta bihar

Iker Rincon Moreno 2016ko eka. 11a, 09:15
Piraguazaleak Plentziako hondartzan. © PLENTZIA PIRAGUISMO TALDEA

Zapatu honetan, hilaren 11n, Plentziako itsasadarraren igoera eta jaitsieraren 26. edizioa egingo dute dozenaka piraguistek. Domekan, berriz, Plentzia-Billano-Plentzia zeharkaldiaren 15. edizioan parte hartuko dute hamaika kirolarik, eguraldi aurreikuspenei adi. Izan ere, 2013an, galerna sortu zen bat-batean: lau piragua irauli, eta arraunlariek sustoa hartu zuten; ez zitzaion inori ezer gertatu, hala ere. Proba biak Plentziako Piragua Taldeak antolatzen ditu, Bizkaiko eta Euskadiko Federazioakaz batera.

Zapatuko itsasadarreko igoera eta jaitsiera baliagarria izango da Euskadiko Ibaietako XVIII. Koparako. Estropada goizeko 10:30ean aterako da. Domekan, ordea, ordu erdi beranduago. Itsas kayaken Euskadiko XII. Koparen hirugarren proba izango da itsas zeharkaldia.

Plentzia Piraguismo Taldea 1990ean jaio zen, Itsasadarrean piraguismoa sustatu gura zuten gurasoen ekimenez. Udalak eta Aldundiak zenbait piragua eman zizkieten, baita etxola bat utzi ere Errotabarrin, gaur egungo futbol-zelaian. Mendea amaitu aurretik, Udalak hondartzako pasealekuko oraingo lokala utzi zien. Lekua aldatu zuten garaian, desadostasunak sortu ziren klubeko bazkideen artean; guraso batzuek Barrikako taldea sortu zuten.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun