Plentziako Independenteak taldeko zinegotzi biek kargua utzi dute

Iker Rincon Moreno 2017ko urt. 31a, 11:27

Keltse Macías eta Txelu Gómez Plentziako Independenteak taldeko zinegotziek uko egin diote euren ardurei eta jakinarazi dute Gobernu-batzordean parte hartzeri ere utzi diotela. Hala, zinegotzi biek Kultura, Ekitaldiak eta Hezkuntza Arloko eta Kirolak arloko zinegotzigoei uko egin diete, hurrenez hurren.

Urtarrilaren 9ko osoko bilkuran EH Bilduko Maena Debaren ordez Haizea Agirianoren kargu hartzearen harira izandako desadostasunagatik hartu dute Independenteek erabakia. Agirianok 15.000 euro jasoko ditu zinegotzi izateagatik, modu partzialean liberatu gisa. Horren harira, Independenteek uste dute soldata hori "alkateorde izaerari" dagokiola soilik, "dedikazio osoa edo partziala duelako". EH Bilduren ustez, ordea, ordainketa justifikatzen duena "nork bere gain" hartutako zinegotzigoak suposatzen duen dedikazioa da, kasu honetan, Gizarte Gaiak, Enplegua, Berdintasuna, Gazteria eta Hirugarren Adina, "garrantzi espezifiko eta politiko handia duena".

Talde bien arteko tirabirak gero eta nabariagoak izan dira azkenaldian, halere, erabakia "ustekabean" hartu du koalizio abertzaleak. Zinegotzi biek agertutako argudioakaz "bat ez datorrela" adierazi du EH Bilduk, izan ere, "herri politika egiteko orduan talde bien arteko aldea handia" dela aitortu du.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun