Kultura  Plentzia 2017-05-09 13:14

Azoka agroekologikoa egingo dute domekan, Plentzian

Uribe Kostan sortu berri den Txakinarto kontsumo-taldeak azoka agroekologikoa antolatu du domekarako, hilaren 14rako. Bertan, taldean kontsumitzen dituzten produktuak erakutsiko dituztela iragarri dute antolatzaileek. Hitzordua 11:00etan jarri dute, Plentziako Ontziola plazan.

Goizeko 11:00etatik hasita, kontzertuak, kontsumo-taldearen bideo-aurkezpena, pintxo-potea eta tailerrak egongo dira, besteak beste, Plentziako Ontziola plazan. Azokak 15:00etara arte iraungo du.

Txakinarto kontsumo-taldeko kideek jakinarazi dutenez, azokan honako produktuak dastatu eta erosi ahal izango dira: esnekiak, barazkiak, pasta, ogia, marmeladak, pizzak, bizkotxoak eta bertako garagardoak. "Den-denak osasuntsuak, ingurugiroa errespetatuz ekoiztuta, eta hurbilak", azaldu dute.

Azokak iraungo duen bitartean, Plentziako musika-talde bik kontzertua eskainiko dute. Hala, 11:30ean Ilbet taldea taularatuko da; ondoren, Busker Juicek hartuko du lekukoa, 13:30ean.

Antzineko azoken izpiritua berreskuratu guran, egun horretan baserritarrez jantzita joatea proposatu dute antolatzaileek.

Txakinarto kontsumo-taldea

Txakinarto kontsumo-taldeak eredu sozial eta ekonomiko jasangarri eta solidarioaren alde egiten du, "ingurugiroa, dibertsitatea eta bertako produktuen alde". Hala, batetik, kalitatezko produktu ekologikoak ipintzen dituzte herritarren eskura; eta, bestetik, eskualdeko ehun ekonomikoa indartu gura dute.

Txakinartu plataforma irekia izateko asmoz sortu da, Plentzia eta inguruko udalerrietan kontsumo-eredu berriak sortu eta sareak sustatzeko, "bizitza sozial eta kulturalean ere gure ekarpena eginez".

2017/05/14 11:00

Ontziola plaza Plentzia

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa