Politika 2008-04-14 22:42

Dozenaka lagunek eman diote azken agurra Javier Larreategi "Atxulo" ETAko kide historikoari

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Dozenaka senide, lagun eta herritar bildu ziren joan den larunbatean, apirilak 12, Gorlizko Astondo hondartza inguruetan, hiru egun lehenago minbiziak jota Bilbon hil zen Javier Larreategi Cuadra "Atxulo" ETAko kide historikoari azken agurra emateko. Ekitaldia xumea izan zen herenegun eguerdikoa: etxekoek hitza hartu eta Itzubaltzetako Bertso Eskolako lagunek egin zuten kantu ondoren; azkenean Larreategiren errautsak Kantauri itsasora botatzeko. Ezker abertzaleko aurpegi ezagunik ez zen falta izan ekitaldian. Bertan izan ziren Xabier Zubizarreta Arrasateko alkate izandakoa eta Koldo Gorostiaga eurodiputatu ohia, besteak beste. Parot doktrina aplikatu ostean, bilatu eta atxilotzeko agindua emanda duen Fernando Etxegarai "Pinki" auzokide eta preso ohi plentziarra ere bertan zen. Argazkian, Javier Larreategi “Atxulo” aulkian eserita, Fernando Etxegarai lagun minaren ondoan, honen ongi-etorrian, Barakaldon, urtarrilaren 6an / Etengabe.
  Politika 2008-04-11 15:02

Javier Larreategi "Atxulo" ETAko kide historikoari azken agurra emango diote bihar Plentzian

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Bihar, larunbata, goizeko 12etan, Javier Larreategi Cuadra "Atxulo" ETAko kide historikoari (argazkian, antzinako erretratu batean) azken agurra emango diote senideek, lagunek eta herkideek Plentziako Astillero plazan, gaur elizkizunak Indautxuko elizan egingo direla. Larreategi herenegun hil zen bere jaioterrian, Bilbo, minbiziak jota, 57 urte zituela. Militantzia politikoa zela eta, "Atxulo" 70. hamarkadaren hasieran, muga gurutzatu behar izan zuen bertan babesa hartzeko, baina Prefekturak kaleratze agindua eman zuen bere aurka 1972an. 1973an, Luis Carrero Blanco almirante eta Francoren ordezkoaren bizitzarekin amaitu zuen atentatuan, Ogro operazioa, parte hartu zuen, lehergailuak jartzeko tunela abiatzen zen pisua berak alokatu zuela, besteak beste. Atentatuaren ondorioz, Espainiak bere estradizioa eskatu zion Gobernu frantsesari, baina Frantziak uko egin zion eskaerari. Hamarkada bat beranduago, 1984an, Ipar Euskal Herrian egindako sarekada batean harrapatu eta Parisera deportatu eta bertan konfinatu zuten, baina Larreategik uko egin zion ezarritako zigorrari. Handik aurrera, 1986an Poliziak ETAko nazioarteko arduraduna zela eta Aljerian eta Nikaraguan zebilela zabaldu zuen. 1993an, Nikaraguak Espainiaren esku utzi zuen eta hurrengo urtean, berriz, Espainiako Auzitegi Nazionalak epaitu eta errugabe jo zuen. Handik aurrera bizi zen Bilbon.
  Politika 2008-04-07 16:30

Bizi arteko zigorraren aurka kaleratu dira ehunaka lagun Plentzian

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri "Euskal Herriak askatasuna behar du" lelopean, Plentziako eta inguruko herrietako 300 bat auzokideek Fernando Etxegarai eta beste 26 presori "bizi arteko zigorra" ezarri dietela salatu zuten atzo Astillerotik abiatutako manifestazioan. Besteak beste, martxan ez ziren falta bilatu eta atxilotzeko agindua emanda duen Etxegarai auzokide eta preso ohiarekiko, epaituko dituzten Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren kideekiko zein Anjel Figueroa eta Jon Bilbao Moro presoekiko elkartasun adierazpenak. Era berean, Auzitegi Gorenaren 197/2006 epaia edo Parot doktrinaren eta errepresioaren aurkako mezuak zein amnistiaren aldeko leloak eta herritar, eragile eta erakundeei zuzendutako deiak entzun ziren, presoen eskubideen bermerako konpromisoak har ditzaten. Bere aldetik, Fernando Etxegaraik manifestazioan parte hartu zuen, agindu zuen bezala atxilotu arte bizitza normala egiten ari baita Auzitegi Nazionalak askatu eta hiru hilabetera espetxe zigor osoa betearazteko atxilotze agindua sinatuta duen arren. Martxa batzokitik igaro zenean krispazio uneak izan ziren, hainbat lagunek EAJri "espainiarra" izatea leporatu ziotenean. Argazkia: Askatu.org.
  Kirolak 2008-04-05 00:27

Ibilaldi neurtua egingo dute igandean Plentzian

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Igande honetan, hilak 6, goizeko 8:30etik aurrera Plentziako Astillero plazatik abiatuko da Gaminiz eta Txitxirripatxarra kultur taldeek eta Udalak antolatutako Plentziako ibilaldi neurtuaren XXI. edizioa. Ohikoa den bezala bikoteka egingo da martxa. Antolatzaileen arabera, proba 12:30ak aldera amaituko da Gane mendatea, Urduliz, Butroe eta Abanikoa atzean utzi eta hogei bat kilometro egin ostean. Butroen, gainera, jakiak, edariak eta indarrak hartzeko gunea izango da, horretarako parte-hartzaileek hogei minutu izango dituztela. Ibilbidea nagusiki asfaltotik igaroko da eta aldapa gora amaituko da. Haur eta gaztetxoen ibilaldia berriz, 10:00etan irtengo da, aurten burutuko den bigarren edizioan ia hamar kilometro zeharkatuko dituztela. Atal honetako parte-hartzaileek ezin izango dute 10 urte baino gehiago izan. Urtero legez, izen-ematea proba hasi baino lehen egin ahal izango da. Argazkian, Piruliko puntan dagoen Plentziako bandera.
  Politika 2008-04-03 20:41

"Euskal Herrian libre bizitzeko" duen eskubidea aldarrikatu du Fernando Etxegaraik

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Gaur goizean Donostian eskainitako prentsaurrekoan, PSOEk "euskal preso politikoak fisikoki akabatzeko apustua" egin duela salatu du Askatasunak eta EAJ eta NaBai bezalako alderdien "erantzunkizunak" mahai gainean jarri ditu, Askatu.org webguneak zabaldu duenez. "Preso politikoen kolektiboa zatitzea eta presoak suntsitzea helburu duten neurriak" hartzen ari direla salatu du errepresioaren aurkako erakundeak eta hor kokatu ditu, besteak beste, "bizi arteko zigorra" eta preso gaixoak espetxean mantentzea. Gaurko agerraldian, Fernando Etxegaraik ere parte hartu du. Plentziarra kartzelan 21 urte bete eta urtarrilean kaleratu ostean berriro atxilotu eta espetxeratzeko agindua eman dute. Parot doktrina gisa ezagutzen den 197/2006 jurisprudentzia ezarri nahi diote. Etxegaraik, baina, "Euskal Herrian libre bizitzeko" duen eskubidea aldarrikatu du eta hemendik aurrera horri lotuko zaiola adierazi du, bizitza normala egingo duelarik. Halaber, berak, eta euskal preso politikoek bizi dituzten "injustiziak" salatu ditu. Horrenbestez, egun hauetan izango diren mobilizazioetan parte hartzera deitu dituzte herritarrak. Uribe Kosta eta Erandiori dagokionez, ostiral honetan, apirilak 4, herri guztietan egingo dituzte mobilizazioak, 20:00etan. Igandean, berriz, 13:00etan, Plentziako Astillero plazan. Argazkian, Etxegarai gaurko prentsaurrekoan.
  Kirolak 2008-04-03 15:13

Mugarrarako mendi irteera antolatu du Matrako mendi taldeak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Joseba Sanchez "Matrako" oroitzen duen Matrako mendi taldeak Mañaria udalerri bizkaitarrean dagoen Mugarra mendirako (964 metro) irteera egingo du apirilaren 13an, igandearekin. Horrenbestez, txangoa goizeko 8:30ean hasteko asmoa daukate eta horretarako Plentziako metro geltokian jarri dute hitzordua. Txangoan parte hartzeko, Goñi Portal kultur etxean izena eman daiteke, hilaren 8a baino lehen. Ordutegia 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara da, eta telefonoa 946 775 541. Salneurriari dagokionez, 5 euro ordaindu beharko dira. Matrako mendi taldekoek adierazi dutenez, "jatetxea, aterpetxea, bidaia, eta horrelakoak aurretik hartzeko jarri ohi dugu apuntatzeko aldez aurreko epea". Hortaz, ordaintzea da txangora joan nahi direnek egin beharreko lehenengo gauza. Argazkian, Matrako Mendi Taldeko hainbat lagun Txindokin (Gipuzkoa).
  Politika 2008-03-30 13:05

Fernando Etxegarai: "Denok pentsatzen dugu irtengo garela kartzelatik, baina ziur nago asko ez direla aterako"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Fernando Etxegarai Gaztearena "Pinki" Barakaldon jaio eta Plentzian lekututako euskal preso politikoari egindako elkarrizketa argitaratu zuen atzo Gara egunkariak eta beste horrenbeste egin du gaur Berria kazetak. Plentziarrak bilatu, atxilotu eta espetxeratzeko agindua du. Zigor osoa bete zuelako aske utzi eta bi hilabetetara, Parot doktrina gisa ezagutzen den 197/2006 jurisprudentzia ezarri, eta beste lau urte eta hiru hilabete preso egin behar dituela jakinarazi diote. Agindua justiziaren kontrakoa dela ziur dagoen arren, ez du helegiteetan "esperantzarik txikiena ere". Nahasia du "perspektiba": "Edo beti ilunpean bizi edo kartzelan beste lau urtetik gora". Eta ez daki jasateko gai izango den. Azken urteetako neurriekin, espetxeetatik gertu sumatzen du heriotza. Euskal presoak "suntsitzeko" azken urrats gisa du 197/2006 doktrina plentziarrak. Aurrez ezarritako zigorrak egun batetik bestera urtetan luzatzen dituen erabakia "hiltzeko formula" bat gehiago dela sinetsita dago. Heriotzak ere eragingo dituela: "Gutako asko jende zaharra da jada. Urte luzetan bizi izan gara baldintza gogorrenetan. Asko gaixotuta daude. Eta denak pentsatzen dugu irtengo garela kartzelatik, baina ziur nago horietako asko ez direla aterako. Hori heriotz zigorra da. Garbi dago. 60 urte dituen pertsona bati, gaixotasunak dituenari esaten badiozu beste hamar urte egon behar duela bizi-baldintza berberetan, horri heriotz zigorra ezarri diozu. Dudarik ez dago". Argazkian, Etxegarai herritar batekin, Plentzian egin zioten ongi etorrian / Etengabe.
  Kultura 2008-03-21 14:28

Kontakizun laburren lehiaketa antolatu du Plentziako Araldi elkarteak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Plentziako Araldi emakumeen kultur elkarteak Kontakizun Laburren XI. Lehiaketa antolatu du, "literaturarekiko interesa duten guztiei bere ideiak, ametsak, bizipenak... kontakizun baten bidez islatzeko aukera emanez". Horrenbestez, 16 urtetik gorako lagunek izango dute euskaraz edo erdaraz idatzitako lana aurkezteko aukera, horretarako epe muga apirilaren 7a jarri dutela. Gehienez, alde bakarretik idatzitako 10 foliodun kontakizunak Araldik Plentziako Kristo plazan daukan egoitzan entregatu beharko dira. Behin epaimahaiak erabakia hartu ostean, maiatzaren 4ean egingo dute sari banaketa, 19:00etan, Goñi Portal kultur etxean. Lehenengo hirurek 375, 250 eta 190 euro irabaziko dituzte, hurrenez hurren. Aurkezpen moduari dagokionez, idatzi originala eta sinadurarik gabeko kopia bat entregatu beharko dira. Horrenbestez, lehendabiziko orrialdean idetifikatzeko balio izango duen lelo edota izenburua agertu beharko da. Aparteko gutunazal itxi batean, izenburu edo lelo berarekin, bere barnean, idazlearen izena, abizenak, helbidea eta telefonoa aurkeztu beharko dira, NANaren kopia batekin batera. Informazio gehiagorako 946 775 031 telefono zenbakia jarri dute eskura.
  Kultura 2008-03-21 13:35

Dagoeneko Herri Urrats eta Ibilaldirako autobusak antolatu dituzte Plentzian

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Plentziako Kultur Etxeak Ipar Euskal Herriko eta Bizkaiko ikastolen jaietara joateko autobus bana antolatua du jada. Ohi bezala, Senpereko aintziraren inguruan ospatuko dute Herri Urrats, maiatzaren 11n. Aurten, gainera, 25 urte beteko ditu euskararen aldeko zitak eta, hori dela eta, "Mende laurdena bide erdia..." jarri diote leloa. Egun horretan, goizeko 8:30ean abiatuko da autobusa Plentziako Charter supermerkatutik eta 21:30ean egongo da bueltan. Izena emateko, apirilaren 21era arte jarri dute epea eta 10 euro ordaindu beharko dira, Goñi Portal kultur etxean. Maiatzaren 25era begira, berriz, Zornotzako Andra Mari ikastolari egokitu zaio Ibilaldiaren 30. edizioa antolatzea. "Amore bi eta..." leloa aukeratu dute horretarako. Horrenbestez, goizeko 9etan aterako da Charterretik autobusa eta 21:30etarako izango dira Plentzian. 9 euro ordainduz, apirilaren 28ra arte egongo da izena emateko aukera, Goñi Portalen.
  Politika 2008-03-20 22:33

Etxean ospatuko du Aberri Eguna Plentziako EAJk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Igande honetarako, martxoak 23, Aberri Eguna ospatzeko hainbat ekitaldi antolatu du Plentziako Euzko Alderdi Jeltzaleak (EAJ). Euren bitakoran zabaldu dutenez, 12:30ean zendutako alderdikide guztiek aldeko meza izango dute Andre Maria Madalenako elizan. Ordu bete beranduago, berriz, ikurrinaren igoera eta ohorezko aurreskua egongo dira batzokian. Azkenik, 15:00etarako bazkaria egingo dute bertan. Jelkide plentziarrek gogoratu dutenez, egun horretan "oso importantea da ikurrinak gure etxean jartzea gure herriaren koloreak direlako". Bitartean, EAJk Bilboko Plaza Barrian deitu du Aberri Eguneko ekitaldi nagusia, Plentzian meza hasi eta ordu eta erdi lehenagorako. Bestalde, Eusko Alkartasunak dauka agerraldia Gernikako Merkatu plazan. Argazkian, Plentziako udaletxea –azken udal hauteskundeen ostean, independenteen eskuetan– eta Astillero plaza / Edonola.net.
  Politika 2008-03-18 20:17

Fernando Etxegarai plentziarra bilatu eta atxilotzeko agindua eman dute

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Fernando Etxegarai Plentziako preso politikoa urtarrilaren 4an atera zen Pontevedrako A Lamako espetxetik, zigor osoa beteta. Senideentzat ezustekoa izan zen, orain dela hilabeteak data horretan kaleratze eguna finkatuta izan arren, azken aldian horri buruzko berririk ez zutelako, baita egun horretarako bisita eman zietelako ere. Izan ere, beldur ziren azken hileotan hain zabalduta dagoen Parot doktrina plentziarrari ere ez ote zioten aplikatuko. Bada, Etxegarai bi hilabete eta erdi kalean eman ondoren, egi bihurtu dira familiakoen susmoak. Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak Etengabe bitakoraren bidez zabaldutakoaren arabera, plentziarra bilatu eta atxilotzeko agindua eman du Espainiako Auzitegi Nazionaleko 1. atalak, aske jartzea erabaki zuen sekzio berbera alegia. Argazkian, Etxegarai, eskuman, auzokide bat agurtzen urtarrilaren 20an Plentzian egin zioten ongi etorrian.
  Jendartea 2008-03-18 16:12

Itsas-ikerketarako zentroa egingo dute Plentziako eritetxe zaharrean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Egun hutsik dagoen Plentziako eritetxe zaharrean itsas-ingurumenaren osasuna eta ingurumenaren aldaketek gizakiengan duten eragina ikertzeko zentro bioteknologikoa altxatuko da 2011n. Horretarako hitzarmena sinatu dute gaur goizean Jose Luis Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiko diputatu nagusiak eta Juan Ignacio Perez Iglesias EHUko errektoreak. Bilbon sinaturiko akordioan jasotzen denez, Foru Aldundiak ia 7 milioi euro inbertituko ditu itsas-zentroan. Eritetxeak 2.500 bat metro koadro ditu hiru solairutan. Zentro berrian milaka litroko itsasoko ur tankeak jarriko dira, besteak beste, ikerlariek gaur egun ezinezkoak dituzten esperimentuak egin ahal ditzaten. Era berean, Foru Aldundiak beste 2 milioi euro inbertituko ditu Leioa eta Erandioko campuseko Arboretum parke botanikoa behingoz eraikitzeko. Parkeak 11 hektarea izango ditu, ospitale zaharreko lurren ondoan, Zientzia eta Teknologia Fakultatea eta Lertutxe urtegiaren artean.
  Politika 2008-03-10 01:13

Boto independentea leku guztietara joan da Plentzian

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Euzko Alderdi Jeltzalea nagusitu da berriz ere Plentzian, aspaldiko partez iaz udalerri horretan hauteskundeak galdu ostean. 1.116 botorekin, eta 2004tik hona 342 sufragio bidean utzi baditu ere, urte batean 62 aitaren etxera bueltatzea lortu du. Bestalde, Hego Euskal Herri osoan bezala, abstentzioa zabaldu egin da, ohiko abstentzionistaz gain eta ezker abertzalearen ohiko bozkatzaileez haratago, %13,46 gehiago hazi duela. Baina etxean gelditu diren 1.054 plentziar horietaz aparte, aldaketa franko izan dira udalerrian. Boro espainiarzalea dezente igo da, PSE-EE 429tik 263ra eta PPk 279tik 304ra igaro baitira. Uneren batean alderdi horien jarraitzaileek udal hauteskundeetan hautua bera eginez gero, litekeena litzateke Plentziako Independeteenak egitea. EA, EB eta Aralarrek boto galeari segida eman diote. Bestalde UPDk 15 babes jaso ditu eta eskuin muturrekoek 5. Hauteskundeen emaitzak eskualdean (pdf). Argazkian, Piruliko puntan dagoen Plentziako bandera.
  Politika 2008-03-09 19:39

Plentzian atxilotuak dagoeneko kalean daude

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Eguerdian abstentzioaren aldeko kontzentrazio batean parte hartzen ari zirela Ertzaintzak Plentzian atxilotutako bederatzi pertsonak askatu dituzte jada, Askatasunak prentsa ohar baten bidez jakinarazi duenez. Errepresioaren aurkako erakunde ilegalizatuak azaldutakoaren arabera, Plentziako auzokideak Neguriko ertzain-etxean izan dituzte ordu hauetan eta "autoritateari desobedientzia larria" egitea leporatu diete. Gara.net-en arabera, gainera, "hauteskunde delitua" ere egotzi diete. Bestalde, Ertzaintzak, Espainiako Polizia Nazionalak, tokiko udaltzainek eta Nafarroako Foru Poliziak ezker abertzaleko kideen aurka erabilitako errepresioaren balantzea egin du Askatasunak. Besteak beste, Arrosadian pertsona bat atxilotu dute bart; Azpeitian hainbat pertsonaren aurka oldartu eta alkatea ezkutuarekin birritan jo dute aurpegian; Atarrabian eta Txantrean ere kargatu dute; 80 pertsona baino gehiago identifikatu dituzte eta hainbat prozedura zabaldu dituzte isunak jartzeko eta hauteskunde delituak egozteko. Argazkian, goizeko atxiloketaren irudi bat.
  Politika 2008-03-09 14:58

Ertzaintzak 9 lagun atxilotu ditu Plentzian, abstentzioaren aldeko kontzentrazio batean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Ertzaintzak bederatzi pertsona atxilotu ditu Plentziako Jai Alai frontoiaren alboan goizeko 12ak pasatuta. Hautes-zentro horren ondoan deituta zuen Plentziako ezker abertzaleak abstentzioaren aldeko elkarretaratzea baina pankarta zabaldu eta gutxira dozena bat ertzain baino gehiagok pankarta kendu eta bertan zeuden lagunei identifikazioa eskatu diete. Horiek ukatzean atxilotzeari ekin diote. Ondoren, esku bilurrak jarri eta laupabost autotan Polizia-zentroren batera eraman dituzte. Herrizaingo Sailak atxilotuen kopurua baieztatu eta "desobedientzia larria" leporatuko zaiela adierazi du. Atxilotuak preso non dauzkaten, ordea, ez dute zabaldu nahi eta Neguriko ertzain-etxean daudenetz ez dute argitu. Bestalde, ertzainek UKBERRI.NETeko argazkilariari mehatxu egin eta hainbat argazki ezabatu dizkiote, "diktadura batean bizi gara" edota "argazkiak ateratzen jarraituz gero oso-oso txarto bukatuko zara" bezalakoak esan ostean. Azkenik, "gaizkileei nahi beste argazki" ateratzeko baina "Ertzaintzak jendea atxilotzen duela erakusten duten argazkirik ez" dituztela nahi esan dute polizia autonomikoek. Argazkiak Euskal Herria Indymedian ikus daitezke.
  Gazteok 2008-03-05 20:57

Gazte Plana lantzeko batzar irekia izango da bihar Plentzian

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Plentziako Udaleko Gazteria Arloak ostegun honetan, martxoak 6, izango den batzarrera deitu ditu 14 eta 30 urte bitarteko neska-mutilak, Gazte Plana lantzeko asmoz. Tokiko arduradunek adierazi dutenez, "gazteriarentzat berebizikoak diren gaietan zuzenean zein zeharka eragitea" du helburu garatu nahi duten plangintza berriak. "Horrenbestez, bi ildo jarraituko ditugu: batetik, zer egiten ari garen ondo edo zertan hobe dezakegun eta, bestetik, ahal den neurrian, gazteen bizi kalitatea hobetzeko guztion artean zer egin dezakegun", azaldu dute udal arduradunek. Hori dela eta, "guztiz beharrezkoa" jotzen dute neska-mutil plentziarren parte hartzea: "ezin dugu zugatik erabaki", diotenez. Biharko bilera, beraz, 18:30ean izango da, Goñi Portal kultur etxean. Argazkian, Plentziako udaletxea eta Astillero plaza / Edonola.net.
  Jendartea 2008-03-05 15:43

Plentziako San Balentin dikea sendotzeko proiektua abiatu du Eusko Jaurlaritzak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Plentziako portua eta itsasadarra (argazkian) babesten dituen San Balentin dikea sendotzeko proiektua abiatu du gaur Eusko Jaurlaritzako Garraio eta Herri Lan Sailak. Izan ere, gaur bertan egitasmoaren erredakzioa egiteko aholkularitza eta laguntza kontratua esleitzeko lehiaketa argitaratu dute EHAA aldizkari ofizialean. Proiektua diseinatzeko, 278.400 euroko aurrekontua bideratu dute. Epeari dagokionez, enpresek hilaren 31era arte aurkeztu ahal izango dituzte beren eskaintza tekniko eta ekonomikoak eta apirilaren 16an aukeratuko du Garraio eta Herri Lan Sailak proiektua nork idatziko duen. Behin kontratua sinatuta enpresak zazpi hilabete izango ditu lana amaitzeko. Aurretik, bi zaharberritze lan handiak izan dira San Balentinen. Lehenengoan 1995 eta 1996an egindakoak, 295.000 bat euroko kostearekin eta 1999koak, ekaitzaldiaren ostean milioi bat eurotik gorako inbertsioa egin zenean.
  Kirolak 2008-02-28 17:23

Butroe itsasadarrak emakumeen piragua estropada hartuko du martxoaren 8an

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Barrika Piragua Taldeak eta Plentzia Piraguismo Klubak Emakumeen I. Estropada antolatu dute martxoaren 8rako. Izan ere, Emakumeen Nazioarteko Eguna da aipatu eguna eta, hori deta eta, kirol askotako lehiaketaren lehenengo edizioa antotatu du emakumezkoentzat Uribe Kostako Mankomunitateak. Proba 11:30ean hasiko da eta Butroe itsadarretik joango dira. Bi maila bereiztuko dira: batetik, ohiko piraguistak direnak eta, bestetik, esku hartu nahi duten emakume guztientzat (batean zein bestean K1 eta K2 kategorietan lehiatuko dira). Estropada andra, gazte eta neskato guztiei zuzenduta dago. Interesatuek helbide elektronikoz (blogbpt[abildua]telefonica.net) zein telefonoz (605 717 152 eta 675 006 253) izena eman dezakete martxoaren 6ra arte. Proba bukatzerakoan sariak banatuko dira eta askari bat eskainiko da. Argazkian, otsailaren 17an Plentzian jokatu zen Bizkaiko Neguko Txapelketaren probetako bat.
  Kirolak 2008-02-15 12:07

Itsas kirolek hartuko dute asteburuan Plentzia

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Larunbat goizean bertan emango zaie hasiera kirol ekitaldiei Plentziako itsasadarrean: 11:30etik aurrera, Jai Alai pilotalekua eta errota arteko joan-etorria egin beharko dute batelek. Izan ere, Bizkaiko ligako bigarren jardunaldia jokatuko da bertan, kategoria guztietako 80 bat ontzik parte hartuko dutela. Biharamunean, berriz, piraguen Bizkaiko Neguko Txapelketa izango da, Plentzia Piraguismo Klubak antolatuta. Horrenbestez, igandean, 15:00etatik aurrera, kategoria guztietako piraguistak lehiatuko dira, Butroi itsasadarrean barrena, Jai Alai pilotalekuan hasi eta bukatzeko. Talde bizkaitarrak ez ezik, Barrikakoa eta Plentziakoa tartean, piraguista gipuzkoarrak ere nor baino gehiago ikusteko aukera egongo da. Azkenik, etzi ere, Arkote Arraun Taldearen gaineko mahaingurua egongo da, 12:00etatik aurrera, Goñi Portal kultur etxean. Argazkian, Barrika Piragua Taldeko lagunak.
  Kirolak 2008-02-06 13:04

Arrauna izango dute hizpide otsailaren 17an Plentzian

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Arkote Arraun Taldearen 50. urteurrena ospatzeko iaz abiatutako ekitaldiekin jarraituz, otsailaren 17an, igandearekin, 12:00etatik aurrera, solasaldia egingo dute Plentziako Goñi Portal kultur etxean. Horrenbestez, mahai baten inguruan eseriko dira Jose Bergaretxe Arkoteko lehendakari ohia, Patxi Aranzabal kitol-medikua, Jose Ramon Mendizabal “Mendi” Zarautz Arraun Elkarteko entrenatzailea, Agustin Kintana Bizkaiko Arraun Federazioko presidentea eta Izortz Zabala arraunlaria. Besteak beste, arraun munduaren egungo egoeraz eta Plentziako taldearen 50 urtetako ibilbideaz arituko dira, moderatzaile lanetan Jose Angel Peña kazetaria dutela. Mahainguruaren aurretik, Txetxu Laraudogoitia Arkoteko sortzaileetako batek esango ditu hitz batzuk. Argazkian, Arkoteko arraunlariak.

Nabarmenak

Zorion agurrak