Politika 2007-11-11 22:02

Atentatuaren jomuga ertzainak zirela dio Herrizaingo Sailak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Eitb24 agerkari digitalak zabaldu bezala, prentsa ohar baten bidez salatu du Eusko Jaurlaritzak, gaur goizeko atentatu saikera eta "bakean uzteko" eskatu dio ETAri, "indarkeria ez baita inoiz izan eta ez baita inoiz izango gure arazo politikoak konpontzeko bidea". Joseba Azkarra Justizia sailburua, berriz, Batasunari zuzendu zaio, Getxoko epaitegitik bertatik, isiltasunak ez duela balio ohartaraziz eta, hortaz, helburu politikoak lortzeko ez dela indarkeria erabili behar aitortzeko eskatu dio. Bitartean, "bi lehergailuak indargabetu ondoren jasotako datuetan oinarrituta, paperontzian sartuta zegoena, bertan lanean ari ziren ertzainen aurkako tranpa" zela adierazi du Herrizaingo Sailak. Argazkian, Javier Balza Herrizaingo sailburua.
  Politika 2007-11-11 17:03

Bigarren lehergailu bat indargabetu dute Getxoko epaitegian

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Ertzaintzak segurtasun kordoia jarri behar izan du berriro, 13:30ak aldera, Getxoko Justizia Jauregiaren (argazkian) inguruan. ETBk jakinarazi duenez, epaitegiko zaintza bideokamerek grabatutako irudiak ikuskatzen ari zirela, ustezko bi etakideetatik batek inguruko paperontzi batean beste pakete bat sartu duela igarri dute polizia agenteek. Hori dela eta, berriro hurbildu behar izan dira bertara Ertzaintzaren Lehergailuak Indargabetzeko Unitatekoak. Bost eztanda txiki ere entzun dira, indargabetze lanen ondorioz. Bigarren lehergailu horrek hiru kilogramo kloratita zituen, polizia iturrien arabera. Bigarren lehergailua paperontzian ezkutatuta egotea "artezilariak zauritzeko asmoz jarritako tranpa" izan zitekeela aipatu dute horiek.
  Politika 2007-11-11 16:20

Herritarrak ETArekin "nazkatuta" daudela dio Getxoko alkateak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Imanol Landa alkatearen (argazkian) arabera, getxoztarrak "nazkatuta" daude ETAko "aberriaren salbatzaileek" udalerria "erabiltzen" dutelako ekintza terroristak burutzeko. Getxoko Justizia Jauregi inguruan bertan egin ditu adierazpenak udal agintariak. Landak atentatu saiakera gaitzetsi du "irmotasun handienarekin". ETA euskal herritarrekiko "erabateko banantzean" dagoela uste du berak. Marisa Arrue Getxoko PPko bozeramaileak, bere aldetik, ETAko "hiltzaileekin serio eta irmo" jarri dadin eskatu dio Espainiako Gobernuari. Zehazki, Jose Maria Aznarren Gobernuaren terrorismoaren aurkako politikara itzultzea eskatu dio, "emaitza onak ematen zituelako" eta "gaitz hori amaitzeko modu bakarra delako".
  Politika 2007-11-11 12:46

Lehergailu bat indargabetu dute Getxoko epaitegiaren ate parean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, Ertzaintzaren Lehergailuak Indargabetzeko Unitateak Getxoko Justizia Jauregiaren atean zegoen lehergailu bat kendu eta indargabetu du gaur goizeko lehen orduan. Polizia iturrien arabera, 6:15ak aldera, pertsona batek larrialdiei aurregiteko zerbitzura (112-SOS DEIAK) deitu du ETAren izenean, eta ordu erdian Getxoko epaitegian jarritako lehergailu batek eztanda egingo zuela ohartarazi du. Bertaratu diren Ertzaintzaren agenteek segurtasun kordoi bat jarri dute epaitegiaren inguruan eta bizkar-zorro bat aurkitu dute ate nagusiaren alboan. Lehergailuak Indargabetzeko Unitateak motxila miatu du; honek lehergaiak zituen eltze bat zuen barruan eta indargabetu egin dute. "ETAk erabiltzen dituen motakoa" zen lehergailuak bost kilogramo kloratita zituen, kordoi detonatzaile batekin eta tenporizadore batekin. Argazkian, hainbat ertzain auto, artxiboko irudi batean.
  Politika 2007-11-10 19:22

Anjel Figueroak atake epileptikoa izan zuen ostegun gauean Burgosen

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak jakinarazitakoaren arabera, Anjel Figueroa preso politiko algortarrak atzo arratsaldean bi minutuko telefono deia egin zuen etxera Valdemoroko (Madril) espetxetik. Berak azaldu zuenez, ostegun gauean Burgoseko espetxean lo egin zuen eta atake epileptiko bortitza izan zuen ziegan, beste preso batekin zegoela. "Preso horrek artatu zuen eta oraingoz hori da dakigun guztia", zehaztu du errepresioaren aurkako erakundeak. Figueroa ostegunean atera zuten Langraitzetik, Kordobako espetxera eramateko. Bere gaixotasuna kronikoa eta sendaezina dela jakinda, trasladoa "euskal preso politikoak hiltzeko borondate baten beste adierazpen bat" dela iritzi dio Askatasunak. Argazkian, atzo iluntzean 200 bat lagun manifestatu ziren, presoaren askatasuna aldarrikatzeko, Algortan.
  Politika 2007-11-09 20:46

Zigor Goikoetxea "Gorrion": "Ihes eginda daukadan anaia non dagoen jakitea besterik ez zuten buruan poliziek"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Ihes eginda dagoen Arkaitz bere anaia non dagoen jakiteko asmoz atxilotu zutela uste du Zigor Goikoetxea "Gorrion" Azkorri auzoko gazte getxoztarrak; Espainiako Poliziari dagokionez behintzat. Baltasar Garzon epaileak katenaria bati egindako erasoari buruz egin zizkion galderak. Auzitegi Nazionalera iritsi baino lehen, ordea, bestelakoak izan ziren poliziek egindakoak: "ez ninduten inolako kale borroka ekintzari buruz itaundu, baizik eta anaia non dagoen ia banekien, etakidea nintzen... ", azaldu dio UKBERRI.NETi Goikoetxeak. Alabaina, epailearen helburua zein den argi dauka getxoztarrak: "atxiloketen bitartez, beldurra sortarazi eta jendea paretik kentzea; herriari atzera eginaraztea, finean". Bada, "guztiok batera norabide berean arraun egiteko garaia" dela dio Goikoetxeak; "zintzotasunez eta tranparik gabe" baina.
  Politika 2007-11-08 21:13

Anjel Figueroa Kordobara eraman dute

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Anjel Figueroa preso politiko algortarra gaur goizean atera dute Langraitzetik eta Kordobako espetxera bidean da, Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak Etengabe bitakoraren bidez jakinarazi duenez. "Trasladoa Guardia Zibilaren kamioi zelular batean egiten da, 80x100 zentimetroko kaiola batean bi pertsona jesarrita, eskuburdinak lotuta. Baldintza horietan konduzioa espetxez espetxe joaten da eta Kordobara iristeko 20 egun inguru ere pasa daitezke, tartean hainbat espetxetan lo eginda, trantsitoko ziegetan", errepresioaren aurkako erakundeak ohartazi duenez. Figueroaren osasun egoera zein den ikusita -larriagotu egin zaio zeukan epilepsia gaitza-, "berarekin amaitu" nahi dutela salatu du AAMk. Hori dela eta, mobilizazioa deitu dute biharko, 20:00etan, Algortako Telletxe plazatik abiatuta. Argazkian, azken ostiral batean, Figueroaren askatasunaren aldeko aldarria / Etengabe.
  Politika 2007-11-08 20:29

Zigor Goikoetxeari egindako elkarrizketaren bigarren zatia bihar kaleratuko du UKBERRI.NETek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri UKBERRI.NETek atzo Zigor Goikoetxea "Gorrion" Azkorri auzoko gazte getxoztarrari egindako elkarrizketak askorako eman zuen. Azken asteotako mobilizazioetako balantzea egin eta iluntzeko herri batzarreko garrantziaz ohartarazi ez ezik, urriaren 18ko atxiloketaz ere luze aritu zen mutila. Poliziekin izandako gora beherak, komisaldegi eta Auzitegi Nazionalean izandakoak, eta beste hainbat gertaera. Gainontzeko atxilotuekin, Joseba Elorriaga "Peski", Mikel de Gregorio "Degre", Txomin Gezuraga, Lander Labajo, Aner Mimenza eta Josu Rodriguez "Nekora" gazteekin, berba egiteko aukera ere izan zuela adierazi zuen Goikoetxeak. Gaur goizean argitaratutakoa, beraz, elkarrizketaren atal bat besterik ez da. Bigarren zatia bihar egongo da irakurgai webgunean. Beraz, adi egon! Argazkian, Zigor Goikoetxea "Gorrion".
  Politika 2007-11-08 03:48

Zigor Goikoetxea "Gorrion": "Hauteskundeak iritsi bitartean atxilotuak 150 edo 160 izango ginela esan zidan polizietako batek"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Iluntzeko 7:30ean, Algortako Villamonte kaleko kultur etxean izango den herri batzarrari buruz galdetuta, "garai gogorrak" datozela aitortu dio UKBERRI.NETi Zigor Goikoetxea "Gorrion" Azkorri auzoko gazte getxoztarrak. Komisarian zegoela, martxoaren 9ko Espainiako hauteskundeak iritsi bitartean "150 edo 160 atxilotu" egongo direla bota zion polizietako batek, mutilak adierazitakoaren arabera. Beldurtzeko asmoz agian, baina ondoren etorri dira Donostiako joan den asteko eta atzoko atxiloketak. Goikoetxea urriaren 18an atxilotu zuten, Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak aginduta, Uribe Kosta eskualdean izandako polizia operazioaren barruan; eta hurrengo egunean aske utzi zuten, 6.000 euroko fidantzapean. Gaixotasun larria du gazteak. Urriaren 17an atzemandako Joseba Elorriaga "Peski", Mikel de Gregorio "Degre", Txomin Gezuraga, Lander Labajo, Aner Mimenza eta Josu Rodriguez "Nekora" espetxean jarraitzen dute.
  Politika 2007-11-06 21:22

Lidon epailea oroitzeko elkarretaratzea egingo dute bihar Deustun

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Sei urte beteko dira bihar, asteazkena, ETAk Jose Maria Lidon Bizkaiko Auzitegiko Bigarren Aretoko magistratua Algortako bere etxeko garajean hil zuenetik. Hori dela eta, Jose Maria Lidonen aldeko kontzentrazioa antolatu du biharko Deustuko Unibertsitateko Bakearen Aldeko Koordinakundeak. Omenaldia, goizeko hamaiketan hasiko da, Deustuko Unibertsitateko Eskola Komertzialaren aurrean eta hamar minutuko iraupena izango du. Lidonen hilketan lagundu zutelakoan, Orkatz Gallastegi berangoztarra zigortu zuten nahiz eta Amnistiaren Aldeko Mugimenduak hainbatetan salatu frogak eta epaiketak "muntaia" zirela, Estatuak "norbait" zigortu bide zuelako: "Orkatz hasieratik zegoen kondenatuta. Horretarako atxilotu zuten. Lidon ustez hil zutenak hilak ziren, eta errudun zuzenen bat behar zuten, bide batez, Lidonen familiarrek kasu hauetan errudunei aplikatzen zaien 'erantzukizun zibila' jasotzeko. Eta Orkatz kandidato ona zen Ertzaintzarentzat, Eusko Jaurlariarentzat. Eta hor dago, espetxean, Ertzaintzak, Eusko Jaurlaritzak, Espainiako auzitegiek, Espainiako Gobernuak, dirua legezko itxurak eginez kobratu beharrak, 'El Correo'k eta bestek kondenatuta". Urtzi Murueta leioaztarra ere auziperatuta dago kasu horregatik.
  Politika 2007-11-06 15:33

Senerrek eta beste euskal enpresa batzuek Iraken erantzukizuna dutela salatu dute

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Areetan egoitza duen Sener enpresa eta dirulaguntza publikoak jasotzen dituzten beste armagintzako enpresa batzuek Iraken herritarrak hiltzeagatik duten erantzukizuna salatu zuen atzo Kakitzat Bilbon. Eusko Jaurlaritzako Industria Sailak Bilbon duen ordezkaritzaraino joan ziren antimilitaristak, bertan misil bat utzi zuen Heriotza laguntzeko asmoz. "Euskal Herrian armak ekoiztu, Eusko Jaurlaritzak diruz lagundu eta herri irakiarrak pairatzen ditu" lelopeko pankarta zabalduta, Kakitzat koordinadora antimilitaristak salatu zuen Bizkaiko armagintza enpresek funts publikoak jasotzea eta nabarmendu zituen, bereziki, Areetako Sener, Zamudioko ITP eta Barakaldoko Precicast-en kasuak. Sener enpresak ingeniaritza militarrean dihardu eta Eurofighter europar konbate-hegazkiaren zein KEPD-350 Taurus Gurutzaldi-misilen osagaiak egiten ditu. Argazkian, ekimenaren irudi bat / Kakitzat.
  Politika 2007-11-06 13:26

Ynestrillasen aurka, 500 bat pertsona batu dira Gernikan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Ricardo Saenz de Ynestrillas ultra-eskuindar espainiarra Gernikako epaitegian da, Mungiako herriko tabernako langile bat erretenitu eta mehatxatzeagatik auziperatutako hiru militar espainiarren abokatu legez, 11etan hasi den epaiketan, "Busturialdeko Hitza"k jakinarazi duenez. Goizean zehar hainbat kontrol jarri du Ertzaintzak eta trafikoa geldiarazteaz gain, autobusak miatu, baita eskola garraioena ere, eta makina bat autori buelta ematea agindu diete. Dena den, Busturialdeko Gazte Antifaxistek elkarretaratzea egin dute goizeko 10:30ean eta bertan 500 bat pertsona agertu dira Ynestrillasen aurka. Politikari ultra-eskuindarra, baina, eskoltatuta iritsi da autoz epaitegiraino. 12:00etarako ere ekitaldia deitu dute eta Euskal Herriko Batasun Antifaxistak Ynestrillasi "mespretxua erakusteko" deia zabaldu du. Bestalde, oraingoz, talde ultraeskuindarrik ez da agertu Gernikako kaleetan. Europa Press-en arabera, "gazte abertzaleek" hainbat edukiontzi gurutzatu eta erre zein Ertzaintzaren autoak harrikatu dituzte. Albiste gehiago busturialdekohitza.info-n. Argazkian, eskuman, Ricardo Sainz de Ynestrillas eta ezkerrean bere aita ponte politikoa, Blas Piñar.
  Politika 2007-11-05 18:49

Txomin Gezuraga Soto del Realetik Navalcarnerora lekuz aldatu dute

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Pasa den urriaren 17an atxilotutako Txomin Gezuraga preso algortarra ostiralean eraman zuten Navalcarneroko espetxera, Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak Etengabe bitakoraren bidez jakinarazi duenez. Izan ere, pasa den larunbatean senideak Soto del Realera joan zitzaizkion bisitan Gezuragari, baina dagoeneko Txomin ez zegoen bertan eta Navalcarnerora aurreko egunean eraman zutela esan zioten familiari. Alabaina, igandean berarekin egon ahal izan zuten senideek. Presoak familiari esandakoaren arabera, trasladoan jarrera zuzena izan zen eta egun beste hiru euskal preso politikoekin batera dago Navalcarneroko moduluan. Urriaren 17ko sarekadaren beste bost lagunek Soto del Realen jarraitzen dute oraingoz: Mikel de Gregorio "Degre" eta Joseba Elorriaga "Peski" 3. moduluan, Lander Labajo eta Aner Mimenza 8. moduluan, eta Josu Rodriguez "Nekora" erizaindegian. Argazkian, sei presoak, tartean beheko lerroaren erdian, Txomin Geruzaga.
  Politika 2007-11-03 22:23

Azken hilabeteetako atxiloketek "gerra estrategiari" erantzuten diotela salatu du euskal gazte talde batek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri "Gazte ta aske" zioten kamisetak jantzita, azken hilabeteetan, Gasteizen, Nafarroa Beherean, Uribe Kosta eskualdean eta, aste honetan bertan, Donostian gertatutako atxiloketak salatu ditu gaur goizean euskal gazte talde batek. "Aurrerantzean ere antzekoak" izango direla ohartarazi dute eta Zapaterok, Ibarretxek eta Sarkozyk abiarazitako "gerra estrategiaren ondorio direla" esan dute, Donostian bertan. Hain zuzen, Lakua, Madril eta Parisko gobernuetako agintariak egin dituzte guzti horren erantzule. "Borrokan jarraitzeko deialdia" ere egin diote gazteriari. Arratsaldeko manifestazioan, berriz, ehunaka lagunek eskatu dute atxilotuen askatasuna, Gara.net-ek zabaldu duenez. Argazkian, ezkerretik hirugarrena behean, urriaren 18an atxilotu eta hurrengo egunean aske utzitako Zigor Goikoetxea "Gorrion" Azkorri auzoko gazte getxoztarra ere izan da agerraldian / Gaztesarea.
  Politika 2007-11-03 14:22

Eskualdeko azken atxiloketen gaineko herri batzarra egingo dute ostegunean Algortan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Ostegun honetan, azaroak 8, herri batzarra egingo da Algortan, urriaren 17an Uribe Kosta eskualdean izandako atxiloketen inguruan. Ekitaldia arratsaldeko 19:30ean izango da, Villamonteko kultur etxean. Bertan, atxilotuen abokatua, lagunak eta familiarrak izango dira eta, besteak beste, "atxiloketen gaineko informazioa, atxilotuen egoera eta aurrera begira zer egin daitekeen aztertuko da batzarrean", Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak zehaztu duenez. Bitartean, Soto del Realgo (Madril) espetxean preso jarraitzen dute Lander Labajo, Aner Mimenza, Mikel de Gregorio "Degre" (ezkerretik eskuinera, argazkiaren goikaldean), Josu Rodriguez "Nekora", Txomin Geruzaga eta Joseba Elorriaga "Peski" (behean). Azkenik, Labajok eta Mimenzak idatzitako gutuna plazaratu du Etengabek.