Politika 2007-10-18 15:00

Canillas polizia eremuan inkomunikatuta jarraitzen dute sei gazteak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Polizia iturrien arabera, Joseba Elorriaga "Peski", Mikel de Gregorio "Degre", Txomin Gezuraga, Lander Labajo, Aner Mimenza eta Josu Rodriguez "Nekora" Madrilgo Canillas polizia eremuan bide daude. Horrela adierazi du Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak Etengabe bitakoraren bitartez. Hainbat komunikabideetan esandakoaren arabera, baliteke bihar bertan epailearen aurrera pasatzea. Bestalde, sei gazteak "torturatuak izateko arriskuaz" ohartarazi du errepresioaren aurkako erakundeak. Argazkian, atzo bezala gaur ere manifestazioa deitu dute 20:00etarako Algortako Telletxe plazan. Algortan mila bat eta Berangon 50 lagun inguru elkartu ziren bart, atxilotutako sei lagunen askatasuna aldarrikatzeko.
  Politika 2007-10-17 23:44

Bart atxilotutako seiak askatzea aldarrikatu dute ehunaka pertsonek Algortan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Ehunaka eta ehunaka pertsonek, gehienak gazteak, Telletxe plaza hartu dute gaur iluntzean, goizeko ordu txikietan atxilotutako sei lagunen askatasuna aldarrikatzeko. Bertan bildutako mila bat auzokide manifestazioa egiten saiatu da baina 50 bat metro egin ondoren, Ertzaintzako 20 bat poliziek bidea moztu diete, antza Baltasar Garzonek erabakitako debekua betearazten. Azken bolada honetan egindako protestarik handiena, baina, ez da hor gelditu eta ertzain-buruarekin negoziatu ostean, manifestazioan zihoazenak Telletxe eta Algortako etorbidearen gurutzeko espaloi guztietan elkarretaratzea burutu dute, lanegunetan Etxeratek egiten duen kontzentraziora gehituz. Ertzaintza uneoro zelatatzen izan dutela, auzokideek Joseba Elorriaga "Peski", Mikel de Gregorio "Degre", Txomin Gezuraga, Lander Labajo, Aner Mimenza eta Josu Rodriguez "Nekora"ren askatasuna aldarrikatu eta torturaren, Espainiako Poliziaren, EAJren eta Ertzaintzaren aurkako leloak oihukatu dituzte. 20:30ean, Etxeraten kontzentrazioaren baimena bukatu den orduan, disolbatu da elkarretaratzea. Ertzaintzak bi pertsona identifikatu ditu eta Amnistiaren Aldeko Mugimenduko kideek Algortako Telletxen egunero 20:00etan mobilizatzera deitu dute, atxilotuen inkomunikazioa altxatu arte. Argazkian, ertzain bat pilota-jaurtigailua kargatzen manifestazioa gelditzean.
  Politika 2007-10-17 18:57

Sei gazte atxilotu dituzte Getxon, Algortan eta Berangon

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Espainiako Polizia Nazionalaren Bilboko Informazio Brigada Probintzalak sei lagun atxilotu ditu bart Algortan, Getxon eta Berangon, kale erasoak egotzita, Baltasar Garzon epailearen aginduz. Atxilotuak Joseba Elorriaga "Peski", Mikel de Gregorio "Degre", Txomin Gezuraga, Lander Labajo, Aner Mimenza eta Josu Rodriguez "Nekora" dira, Askatasunak zabaldu duenez. Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko 5. Aretoko epaileak Uribe Kostan 2005etik 2007ra bitartean izandako kale erasoetan parte hartu izana leporatu die, 2005ean hasitako diligentzia batzuetan oinarrituta. Oraindik zabalik dagoen operazioan, Poliziak sei gazteen etxeetan miaketak egin ditu, eta guztietan ordenagailuak eraman ditu. Askatasunak salatu du atxiloketa batzuk "oso bortitzak" izan direla: "Lander Labajoren baserrian GEO taldekoak sartu dira atea leherrarazi ondoren. Mikel de Gregorioren etxean, berriz, aita eta anaia esku-burdinez eduki dituzte etxeko eskaileretan". Poliziaren arabera, Bilbora eraman dituzte seiak, Indautxuko polizia-etxera, baina senideak hara joan direnean, atxilotuak dagoeneko Madrilerako bidean zeuden. Egunean zehar, Koska irratiak atxiloketen inguruko programazio berezia egiten ari da eta iluntzeko 8etarako mobilizazioa dago deituta Algortako Telletxe kalean. Argazkian, Lander Labajo Andra Mari auzo elkarteko bozeramailea LZPren aurka egindako manifestazioan.
  Politika 2007-10-15 17:23

Batasuneko Mahai Nazionaleko beste kide bat atxilotu dute

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Asier Imaz Batasuneko Mahai Nazionaleko kidea atxilotu dute gaur goizean Beasainen. Berria.info-k zabaldutakoaren arabera, kalez jantzitako zortzi polizik hartu dute preso etxeko atarian, 11:30ak aldera. Hilaren 4an Espainiako Polizia Nazionalak 23 lagun atxilotu zituzten Seguran, Batasuneko batzar batean, Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduak jarraikiz. Hurrengo egunetan, "ETAren kideak" izatea leporatuta, magistratuak espetxera bidali zituen atxilotuetako 17, eta besteak libre utzi zituen, haietako batzuk fidantzapean. Dena den, Batasunaren aurkako operazioa irekita zegoela nabarmendu zuen. Argazkian, azken atxiloketen aurka Leioako campusean egindako mobilizazioetariko bat.
  Politika 2007-10-15 15:47

Erandioztar bat beatifikatuko dute Vatikanon hilaren 28an

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Pedro Artolozaga Mellique apaiz erandioztarra beatifikatuko dute Vatikanon hilaren 28an. Espainiako Kongresuak erabakitzen dabilen Memoria Historikoaren Legearen bide paraleloa eginez, Espainiako Gotzainen Batzarraren ekimenez, 1934ko, 1936ko eta 1937ko Espainiako II. Errepublikan "martirioan" hildako 498 elizgizon, moja eta fededun beatifikatuko dituzte Vatikanon, tartean 19 bizkaitar. Haietako bat da Artolozaga salesianoa, 1913ko urtarrilaren 31n Astrabuduan jaiotakoa. Artolozagak Astudillo-n, Palentziako elizbarrutian, ikasi zuen, Don Boscoren Salesianoen kongregazioan sartuz. Gerra Zibilean hil zen 23 urtez, Caranbanchel-en, Madrildik Andaluziara doan errepidean, 1936ko urriaren 1ean fusilatu baitzuten. Ricardo Blazquez Bilboko Elizbarrutiaren gotzainak iragarri duenez, beatifikazioen egunean liturgia bereziak egingo dira Bizkaiko elizetan eta azaroaren 3an, berriz, eskerrak emateko eukaristia egingo dute Bilboko Santiago katedralean.
  Politika 2007-10-12 01:58

Bihar Donostian Falangeri aurre egitera deitu dute dozenaka erakundek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Falange alderdiak bihar Donostiako Boulevardean 17:00etan egingo duen manifestazioari aurre egitera deitu dute azken asteotan dozenaka erakundek. Besteak beste, EAE, CNT, LAB, IA, Segi, Iratzarri, EHGAM, Bilgune Feminista, Askatasuna, Batasuna, HNT, Sare Antifaxista, Gazte Komunistak eta hainbat gazte asanbladek deitu dute Boulevarda hartzera, arratsaldeko 15:00etatik aurrera. Bertan, "Herri bat garelako, faxistak Euskal Herritik kanpora!" omenaldia egingo diete faxismoak eraildakoaei. Era berean, makina jarduera antolatu dute: kontzertua Arrasateko Deskontrol eta Herrialde Katalanetako Inser Show taldeekin, bideo proiekzioak, graffitilariak, kale animazioa, buruhandi eta erraldoiak, kale animazioa, trikitilariak, txorizoa, sagardoa eta abar. Argazkian, ekimena iragartzeko taldeek emandako prentsaurrekoa / Gaztesarea.
  Politika 2007-10-12 00:50

Iluntzean ere ehunaka auzokide kaleratu da Batasunaren alde

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Pasa den urriaren 4an atxilotutako Batasuneko kideen askatasuna, errepresioaren amaiera eta Euskal Herriarentzako demokrazia eskatu dute eskualdeko kaleetan ehunaka auzokidek, gaur LAB sindikatuak deitutako mobilizazio egunari erantzuten. Goizean, 500 baino gehiago izan dira protestetan bildu direnak eta arratsaldean egindakoetan beste 300 bat batu dira. Algortan 140 bat pertsonek parte hartu dute udaltzainen atzean ibili den manifestazioan (argazkian), Ertzaintzak urrunetik zelatatzen zuen bitartean. Bukaeran bide mozketa egin dute eta biharko Eusko Abertzale Ekintzak Iruñean deituriko manifestazioan parte hartzera deitu dute. Itzubaltzeta / Romon, berriz, 50 bat lagun izan dira bertako kaleak zeharkatu dituen manifestazioan. Martxa Areetako Xake plazan amaitu dute, Espainiako Enpleguaren Institutuaren aurrean bide mozketa batekin. Azkenik, Leioan 80 pertsonek eskatu dute independentziari ateak irekitzea.
  Politika 2007-10-11 19:41

Ehunaka pertsonek parte hartu dute Batasuna eta atxilotuen aldeko goizeko protestetan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri LAB sindikatuak deitutako mobilizazio egunaren harira, Uribe Kostako ehunaka ikaslek eta langilek kaleratu dira gaur goizean Batasuneko kideen atxiloketaren aurka eta Euskal Herriari marko demokratiko bat onartzearen alde. Besteak beste, 400 bat behargin eta ikaslek izan dira Leioa eta Erandioko campusean burutu duten "Independentziari ateak ireki! Gora Euskal Herria askatuta!" lelopeko manifestazioan, LABek deitutako kontzentrazioan 80 bat lagun izan ostean; Erandion, LABek eskualdeko kontzentrazioa egin du bertako metroaren aurrean, 75 pertsona batu direla; Itzubaltzeta / Romoko Romo-Artatza institutuan eta Erandioko Lanbide Heziketan, berriz, hamabosna lagunek kontzentrazioak egin dituzte. Horretaz, gain hainbat denda, taberna eta enpresatan lanuzte partzialak izan dira. Iluntzerako mobilizazio gehiago deitu dituzte, besteak beste Itzubaltzeta / Romoko Kolas plazan 19:30ean, Leioako Boulevardean 20:00etan eta Algortako Telletxe plazan 20:00etan. Argazkian, Leioa eta Erandioko campusean egindako manifestazioa / PAT.
  Politika 2007-10-11 01:00

Presoen Aldeko Taldeek biharko mobilizazioetan parte hartzera deitu dute

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Euskal unibertsitateetako Presoen Aldeko Taldeek dei publikoa egin dute bihar burutuko diren Batasunaren Mahai nazionalaren aurkako operazioa salatzeko ekimenetan parte hartzeko. Ikasle presoez arduratzen diren talde horiek, tartean Leioa eta Erandioko campusekoa, "Aski da! Hau ez da demokrazia!" lelopean deitu du biharko Mobilizazio Egunaren baitan burutuko diren protestetara gehitzera. PATen arabera, atxiloketek Batasunak sostengatzen duen "proposamen politikoari ezetz esan eta honen aurkako gerra estrategia bat abiarazi" dute. Era berean, taldeak kritikak izan ditu PSOE zein EAJrentzat eta haien arteko diferentzien hausnarketa egiten badu ere, bere iritziz biek "proiektu independentistari gerra deklaratu diote". Argazkian, PATek kaleratutako kartelaren irudi bat.
  Politika 2007-10-11 00:28

Batasuneko kideen atxiloketa salatzeko mobilizazioak egingo dituzte bihar Itzubaltzetan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Itzubaltzeta / Romoko ezker abertzaleak deituta, bi mobilizazio izango dira bihar, osteguna, herri horretan. Alde batetik, goizeko 11:15ean kontzentrazioa egingo dute Romo-Artatza institutuaren aurrean. Beste aldetik, arratsaldeko 19:30ean, Kolas plazatik aterako dira manifestazioan. Biak ala biak helburu bera izango dute: "azken atxiloketa politikoak salatzeko eta egoera honi irtenbide demokratikoa eman behar zaiola aldarrikatzeko" ekimenak izango baitira, Segi gazte erakunde ilegalizatuak adierazitakoaren arabera. Protestak LAB sindikatuak "Errepresiorik ez! Euskal Herriak hitza eta erabakia" deitutako mobilizazio egunean kokatzen dira. Argazkian, 2006ko abenduaren 1ean, Romo-Artatza institutuaren aurrean egindako kontzentrazioa, Jarrai-Haika-Segi auzia salatzeko.
  Politika 2007-10-10 23:54

Uribe Kostako IAk bost herri eskola egingo ditu etzi egutegi propioaren alde

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Uribe Kostako Ikasle Abertzaleak taldeak bost herri eskola antolatu ditu eskualdean etzirako, ostirala, urriak 12 edota Hispanitatearen Eguna, alegia. Ikasleek egutegi propioa eskuratzera deitu eta ostiralean "Espainia inperialistak" ospatuko duen data Ameriketen "arpilatze eta sarraskia hasi zeneko eguna" izatea salatu dute. Era berean gogoratu dute, "euskal ikasleok ozen esan nahi dugula ez dugula ezer ospatzeko Ameriketen konkista eta genozidioaren egunaren urteurrenean!". Hortaz, "Hego Euskal Herrian jai egun inposatu" horren aurrean altxatu eta "jarrera intsumisoa" izatera deitu dute, baita baliabideak eman ere: Sopelako Ander Deuna ikastolan eta Erandioko, Getxoko Aixerrota, Pinuetako Romo-Artatza eta Leioako Barandiaran institutuetan herri eskolak antolatuz. Aipatu eskola guztiak goizeko 10etan hasiko dira eta haietan Abiadura handiko Trena, sexualitatea, "Hezkuntza herrien motore" bideoa, ikasle mugimenduaren historia edota Hispanitatearen Egun bera bezalako gaiak jorratuko dituzte.
  Politika 2007-10-09 20:38

Bihar udaletxeen aurrean elkarretaratzera deitu du Eudelek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Galdakaoko PSE-EEko zinegotzi baten bizkartzainak gaur pairatu duen atentatuaren aurka agertzera deitu du Eudelek. Horretarako, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako udalen elkarteak bihar eguerdiko 12etan udaletxeen aurrean burutuko diren elkarretaratzeetan parte hartzera gonbidatu ditu EAEko herritarrak. Karmelo Sainz de la Maza ordezkatu ondoren, Jokin Bildarratzek gidatzen duen erakundeak gaitzetsi du segurtasun enpresa pribatu bateko Gabriel de Giner bizkartzainaren aurka izandako atentatua eta Herrizaingo Sailak egin bezala, ETAri leporatu dio horren egilea izatea. Eudelek "ETA soberan" dagoela eta "bakea demokraziatik eta bizitzari errespetzetik baino ez da lortuko" adierazi du. Argazkian, hainbat zinegotzi Getxoko udaletxe aurrean, T-4ko atentatuaren aurkako kontzentrazioan parte hartzen, urtarrilaren 4an.
  Politika 2007-10-06 01:20

Ehunaka pertsonek parte hartu dute Batasuna eta atxilotuen aldeko protestetan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Atzo atxilotutako 23 Batasuneko kideen askatasuna, errepresioaren amaiera eta Euskal Herriarentzako demokrazia eskatu dute eskualdeko kaleetan ehunaka auzokidek. Izan ere, Algortako manifestazioa (argazkian) Telletxe plazan hasi baino lehen bertako ezker abertzaleko kideek nabarmendu dutenaren arabera, Batasuneko militanteak "Euskal Herriarentzako marko demokratiko baten alde lan egiteagatik" hartu dituzte preso, eta egoera horretan "herria haserre dago". Haserrealdiak, baina, nagusi izan dira Areetan, PSOEren egoitzaren aurrean 60 bat herritarrek eta ertzainek izandako bultzakadetan. Istiluak, baina, artez hasi eta bukatu dituzte ertzainek: manifestazioari pankarta kenduz, bi lagun identifikatuz eta haietariko bat atxilotzearekin mehatxatuz, beti ere pilota-jaurtigailuak eskuan izan dituztela. Besteak beste, manifestazio jendetsuena Algortakoa izan da 190 lagunekin, Leioan, berriz, 130 auzokide izan direla.
  Politika 2007-10-05 12:55

Mobilizazioak deitu dituzte Batasuneko 23 kideren atxiloketa salatzeko

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri "Atxilotuak askatu! Aski da! Errepresiorik ez! Erabakitzeko eskubidea errespetatu!" leloen pean hainbat mobilizazio deitu dituzte Euskal Herrian zehar gaurko, bart Batasuneko buruzagitzaren aurka egindako sarekada salatzeko. Uribe Kostari dagokionez, oraingoz, hiru mobilizazio iragarrita daude. Lehenengoa Algortako Telletxe kalean 20:00etan, Etengabe Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren bitakorak jakinarazi duenez. Ordu berean ere protestak izango dira Leioako Boulevardean eta Itzubaltzeta / Romoko ezker abertzaleak Kolas plazan deitutakoa. Bart, Baltasar Garzon epailearen aginduz, Espainiako Polizia Nazionalak Batasuneko 23 kide atxilotu ditu Seguran, tartean Joseba Permach (argazkian), Juan Kruz Aldasoro, Rufi Etxeberria, Juan Joxe Petrikorena, Ibon Arbulu, Imanol Iparragirre, Jon Garai, Patxi Urrutia, Aner Petralanda, Ana Lizarralde, Arantza Santesteban eta Mikel Zubimendi, Espainiako Auzitegi Nazionalak zabaldutakoaren arabera. Bestalde, atxilotuen artean, ez dago Marije Fullaondo algortarra, nahiz eta hainbat komunikabidek horrela adierazi. Garak jakinarazi duenez, mahaikideak berak ezeztatu du bere atxiloketa. Goizean, EHAKren Donostiako egoitzan sartu da Polizia.
  Politika 2007-09-28 21:58

Herri kontsulta 2008ko urriaren 25ean egingo duela esan du Ibarretxek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Herri galdeketa egingo da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan 2008ko urriaren 25ean, Espainiarekin adostutako balizko “itun politikoa” berresteko edo egoeraren “blokeoa gainditzeko". Hori agindu du gaur Juan Jose Ibarretxe lehendakariak Gasteizko Legebiltzarrean egindako osoko bilkuran, berria.infok jakinarazi duenez. Ibarretxek "aro berri baterako" bidean azaldu dituen asmo eta egutegien arabera, hemendik eta 2008ko ekainera arte Espainiako Gobernuarekin indarkeria albo batera uztearen eta erabaki eskubidearen inguruan ituna eskuratzea saiatuko litzateke. Akordioarekin zein akordio ezean, 2008ko ekainean Gasteizko Legebiltzarrari eskatuko lioke herri kontsulta egiteko baimea. Ganberak ukatzekotan, hauteskundeak aurreratuko lituzke gehiengo berriak kontsulta ahalbidetzeko asmoz. Hortaz, 2008ko urriaren 25ean, “proposamen zehatza, argia eta adornurik gabekoa” egingo lieke EAEko biztanleei akordioa berretsi edo egoera desblokeatzeko. Hortik aurrera, galdeketaren emaitza aldekoa izatekotan, "ETA behartua legoke indarkeriari uko egiteko, eta alderdi politiko guzti-guztiak negoziazio politikorako mahaia abian jartzeko". "Prozesuari amaiera emateko", 2010ean erreferendum "erabakigarria" egitea proposatu du.