Politika 2007-10-22 12:53

PSE-EEren egotzaren aurkakoa bezalako erasoekin "asper-asper eginda" dagoela dio Getxoko alkateak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri “Benetan asper-asper eginda gaude indarkeria adierazpen hauek ikustean, ez dute inolako justifikaziorik eta, gainera, Getxoko auzokideen gehiengoak errefusatu egiten ditu”, azpimarratu zuen Imanol Landa alkateak (argazkian) larunbat goizean egindako adierazpenetan, PSE-EEk Areetako Ibaigane kalean duen egoitzari egindako erasoa gaitzezteko. Udal agintaria ostiral gauean izan zen bertan eta elkartasuna adierazi zien zauritutako 62 urteko emakumeari eta Alderdi Sozialistaren militantei. Getxoko alkateak gaineratu zuen "kontradikzioa eta koherentzia falta izugarria" dutela pertsona horiek (erasoaren egileei zuzenduz), "ustezko eskubide batzuk defendatzen dituzten bitartean pertsonen oinarrizko-eskubideak urratzen dituztelako, biolentzia, indarkeria, mehatxua eta gogorkeria erabiliz".
  Politika 2007-10-22 12:22

Azken atxiloketen erantzuntzat bere gain hartu dute Areetako PSE-EEren egoitzaren aurkako erasoa

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri "Gara" egunkariak atzo plazaratutakoaren arabera, Uribe Kosta eskualdean izandako atxiloketen "erantzun zuzentzat" jo du ezezagun batek, ostiral gauerdian Areetako PSE-EEren egoitzaren aurka bi "molotov" koktelekin egindako erasoa. Garak larunbatean jazotako deiaren bitartez, aipatu ekintza bere gain hartu eta "Espainiako Gobernuko alderdia den PSOE" egin zuen atxiloketen erantzule lagunak. Horrekin batera, "borroka bidea" dela aldarrikatu eta espetxeratutako sei gazteen askatasuna exijitu zuen. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak adierazitakoaren arabera, gaueko 12ak jota gertatu zen erasoa PSE-EEren egoitza barruan 30 bat lagun zeudela. Koktelak sozialisten egoitzan sartu ez ziren arren, 62 urteko emakume bat zauritu zen eta erredura bat du lepoan. Osasun zerbitzuek jazoera izandako tokian artatu zuten, nahiz eta zauri arinak izan. Argazkian, 2005ean Sopelako PSE-EEko egoitzak jazo zuen erasoa.
  Politika 2007-10-20 08:17

Josu Rodriguez "Nekora" Soto del Realgo erizaindegira eraman dute

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko 5. Epaitegiko epaileak presondegira bidalitako sei gazteak (autoa (doc) irakurtzeko sakatu hemen), Madrilgo Soto del Realgo espetxean daude informazio iturri ezberdinek jakinarazi dutenez. Lander Labajo, Josu Rodriguez "Nekora", Txomin Geruzaga, Joseba Elorriaga "Peski", Mikel de Gregorio "Degre" eta Aner Mimenza sei ordutako deklarazio egin ostean eraman ditzute presondegira. Josu Rodriguez "Nekora"ren kasuan, Baltasar Garzonek agindu du espetxeko erizaindegira eramatea "baldintza egokietan" egon dadin, mutikoak pairatzen dituen arazo psikiatrikoak direla eta. Dena den, deklarazioa inkomunikazio egoeran egin behar izan zuen. Bestalde, Askatasunak salatu du Baltasar Garzonek agindutako protokoloaren ezarpena ezerezean gelditu dela. Izan ere, konfidantzako medikuek behin baino ez dute atxilotuak bisitatzeko aukera izan eta abokatuei ez dizkiete erakutsi kalabozoetan grabatu omen diren bideoak. Gainera, atxilotuek beren senideei baieztatu diete torturatuak izan direla. Argazkian, atzo atxilotuen egoeraren berri emateko Algortan egindako asanblada.
  Politika 2007-10-20 06:40

Emakume bat zauritu da Areetako PSE-EEren egoitzaren aurkako eraso batean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Emakume bat zauriturik irten da gauerdian Areetako PSE-EEren egoitzaren aurka bi "molotov" koktelekin egindako erasoan. Ertzaintzaren iturriak aipatuz, eitb24.com-ek zabaldu duenez, gaueko 12ak jota gertatu da jazoera. Ezezagun talde batek Areetako Ibaigane kalean PSE-EEk duen egoitzaren atzeko aldearen aurka "molotov" koktel bi bota ditu. Koktelak sozialisten egoitzan sartu ez diren arren, 62 urteko emakume bat zauritu da eta erredura bat du lepoan. Osasun zerbitzuek jazoera izandako tokian artatu dute, nahiz eta zauri arinak izan. Tabernaren horma belztuta gelditu da. Ertzaintza erasoa gertatutako tokira bertaratu da, eta lekukoei erasoari buruzko aitorpena hartuz, gertatutakoa argitzeko ikerketa zabaldu du. Argazkian, 2005ean erre zuten Sopelako PSE-EEko egoitza.
  Politika 2007-10-20 02:06

Goizeko 3:30etik aurrera helduko da Algortara Zigor Goikoetxea "Gorrion"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Aurretik Zigor Goikoetxea "Gorrion" gaztea fidantzapean aske gelditu ondoren ospitalera joan dela esan bada ere, Goikoetxearen lagunek UKBERRI.NETi zehaztu diotenez, Azkorrikoak uko egin dio osasun egoitza batera joateari eta, forentsearen aurretik 20:30ak aldera pasatu ostean, Euskal Herrirako bidea hartu du, zain zituen senide eta lagunekin. Lagunek gaueko ordubaterako itxaroten zuten Algortako Amnistia tabernan, baina Zigorren aitak 00:45ak aldera jakinarazi dienez, ordu horretan Gaztelako Boceguillas herrian zegoen. Hortaz litekeena da Goikoetxea 3:30ak edo 4:00ak arte ez heltzea Algortara. Bestalde, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak zabaldu berri du operazioan atxilotutako guztiek ukatu egin dituztela Garzonek leporatutako kale borrokako hainbat ekintzatan parte hartu izana eta baita erakunde armatu baten kideak izatea. Gainera, zuzenean atxilotuek senideei hitz egiteko aukera izan dute eta, AAMk jakinarazi duenez, "egurra ondo eman dietela, batez ere Madrilerako trasladoan" adierazi diete baita "guztia Poliziaren muntaia besterik ez dela". AAMk salatu du "El Correo Español"en eta beste hedabideen jokabidea gartzeleratuei Poliziak esandako ekintzak besterik gabe leporatzeagatik. Argazkian, atzo Zazpi Kaleetako auzokideek Goikoetxearen atxiloketa salatzeko egindako protesta.
  Politika 2007-10-20 00:19

Asteazkenean atxilotutako sei gazteak espetxeratu dituzte

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Arratsaldeko 8etan Algortako Telletxe plazatik abiatutako manifestazioa (argazkian) bukatu eta berehala jakin berri du, Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak, Baltasar Garzon epaileak Joseba Elorriaga "Peski", Mikel de Gregorio "Degre", Txomin Gezuraga, Lander Labajo, Aner Mimenza eta Josu Rodriguez "Nekora" baldintzarik gabe espetxeratzea erabaki duela; eta horrela jakinarazi die bertan bildutako 900 bat lagunei. Zigor Goikoetxea "Gorrion", berriz, ospitalera eraman dute, 6.000 euroko fidantzapeko askatasuna ezarri ostean: "kimioterapia ematen ari zaizkio eta larria da bere osasun egoera. Hala ere, egurtu egin dute", salatu du errepresioaren aurkako erakundeak. Gainontzeko seiak ere "torturatuak" izan direla baieztatu du AAMk, senide eta lagunek emandako informazioan oinarrituta.
  Politika 2007-10-19 22:03

Zigor Goikoetxea fidantzapean askatzea erabaki dute

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Gainontzeko sei gazteekin zer egin erabaki bitartean, Zigor Goikoetxeari 6.000 euroko fidantzapean askatzea erabaki du Baltasar Garzon epaileak, Gara.net-ek jakinarazi duenez. 13:00etan hasita eta arratsalde osoan zehar, konfidantzazko abokatuak bertan zirela deklaratu dute Joseba Elorriaga "Peski", Mikel de Gregorio "Degre", Txomin Gezuraga, Lander Labajo, Aner Mimenza eta Goikoetxeak berak. Josu Rodriguez "Nekora" gazteak, ordea, inkomunikaziopean egin du, Askatasunak salatu duenez.
  Politika 2007-10-19 19:49

Zigor Goikoetxeak gaur bertan deklaratuko du

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Abokatu iturriak aipatuz Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak jakinarazi duenez, gaur arratsaldean bertan deklaratuko du Baltasar Garzon epailearen aurrean Zigor Goikoetxea "Gorrion", asteazkenean atxilotutako beste seiak deklaratu ostean. Bestalde, atzo iluntzean, Goikoetxea bizi den Bilboko Atxuri auzoko etxea miatzen bukatu ostean, Espainiako Poliziak bertan bildutakoei oldartu zitzaiela adierazi dute hainbat lagunek, hainbat karga eginez. "Gutxienez hiru pertsona zaurituta utzi zituzten, horien artean Gorrionen beraren neskalaguna", zehaztu du Gorka izeneko auzokide batek Etengaben. Ondoren, kontzentrazioa egin zuten dozenaka lagunek Zazpi Kaleetako Unamuno plazan, azken atxiloketak salatzeko. Argazkia: Gaztesarea.
  Politika 2007-10-19 17:51

AAMren ustez atxilotuak "torturatu eta autoinkulpazioak egitera behartu" dituzte

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak Etengabe bitakoraren bidez salatu duenez, asteazkenean atxilotutako sei gazteak inkomunikatuta ari dira deklaratzen Espainiako Auztegi nazionalean. Joseba Elorriaga "Peski", Mikel de Gregorio "Degre", Txomin Gezuraga, Lander Labajo, Aner Mimenza eta Josu Rodriguez "Nekora" oraindik ez dute izan abokatuekin zein senideekin egoteko aukerarik. Horregatik, eta Espainiako Barne Ministerioak zabaldutako oharrean atxilotuek hainbat kale ekintzetan parte hartu dutela esateagatik, AAMk asteazkenean atxilotuak torturatuak izan direla salatu du: "Zantzu guztien arabera, eta oraindik ez abokatuarekin ez familiarrekin izan gabe, torturatu eta autoinkulpazioak egitera behartu dituztela esan dezakegu". Bestalde, AAMk zalantzan jarri du atzo topatutako zuloa (argazkiak) benetakoa ote zen. Azkenik, atxilotu guztien askatasuna aldarrikatu eta gaur 20:00etan Algortako Telletxe plazan mobilizatzera deitu dute. Argazkian, gaur egindako miaketa bat / Etengabe.
  Politika 2007-10-19 17:31

Lander Labajoren senide eta lagunek istripua izan dute Madrilen

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Alain eta Iratxe Labajo, Espainiako Poliziak asteazkenean atxilotutako Lander Labajoren (argazkian) anai-arrebak, eta Landerren hiru lagunek istripua izan dute gaur goizean Espainiako Auzitegi Nazionalerako bidean. Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak Etengabe bitakoraren bidez jakinarazi duenez, istripua Madrilgo sarreretako batean izan dute, "atzean zuten kamioi batek beraien autoaren aurka jo ostean. Zauritu larririk izan ez den arren, atzean zihoazen hiru lagunek min hartu dute, eta atxilotuen deklarazioak amaitu ondoren hospitalera hurbiltzekotan dira". Bestalde, Askatasunak salatu duenez, "senide edo lagun bat atxilotua izateak suposatzen duen tentsioak, eta tentsio horrekin ehunaka kilometro egin beharrak era honetako istripuei bide ematen diela salatu nahi dugu Askatasunetik. Ehunaka euskal herritar Auzitegi Nazionalera hurbildu beharrean izaten dira afera ezberdinak medio, eta errepideak dituen arriskuak pairatu behar izaten dituzte. Sakabanaketa politikak erasaten dien modu berean erasaten die Auzitegi Nazionalerako joan-etorriek senide eta lagunei".
  Politika 2007-10-19 17:14

Atxilotuek 11 sabotaje aitortu dituztela dio Espainiako Barne Ministerioak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Europa Press-ek jakitera emandako albistearen arabera, azken egunotan Uribe Kostan atxilotutako gazteek hamaika sabotajetan parte hartu izana aitortu dutela zabaldu du Espainiako Barne Ministerioak. Gainera, zabalik dagoen operazio hau dela medio, Uribe Kosta eskualdeko "Y taldeetako" bat ia desantolatuta dagoela esanez harrotu egin dira Ministerioko iturriak. Hasieran 2005eko uztailetik 2007ko uztailera bitarteko hainbat ekintza leporatzen bazieten ere, orain balizko aitorpen horietan atxilotuek 2004tik aurrerako 11 ekintza onartu ei dituzte. Ministerioak zabaldutako ekintzen artean dago Batasunaren aldeko protestekin lotu duen metroaren katenariaren aurkako balizko eraso bat. Ministerioaren arabera, atxilotuek aitortu dute pasa den urriaren 4an metroaren katenariari sabotajea egin izana Algortan, baina data horretan ez zen publiko egin horrelako gertaerarik. Erasoa, berbera izatekotan, aste bat beranduago izan zen eta sare elektrikoaren aurka. Era berean, atxilotuen ahotan jarri dute, besteak beste, edukiontziak erre, Mapfre, BBK eta BBVA erakundeei, Algortako batzokiari eta "molotov" koktelen bidez eraso egin, Joseba Markaida PSE-EEko zinegotziaren etxearen aurkako erasoa planifikatu, zein Algortako jaietan Ertzaintzaren aurkako "ETA hil itzazu" leloko pankarta jarri izana. Argazkian, Algortako Mapfreko bulegoak jaso zituen kalte batzuk.
  Politika 2007-10-19 16:29

Erika Bilbaorentzat zortzi urteko zigor eskaera berretsi du fiskalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Atzo amaitu zuen Espainiako Auzitegi Nazionalean Erika Bilbao eta beste zortzi gazteren aurkako epaiketa, "'Zutabe'en auzia" bezala ezaguna dena. Amaierako txandan, fiskalak berretsi zuen auziperatu guztien aurka urriaren 3an eskatutako zigorrak. Egun horretan, Olga Sanchez fiskalak seina urteko zigor eskaerak aldatu eta batzuentzat talde armatuko ustezko kidetzagatik zortzina urte (Erika Bilbao, Ibon Goitia, Iker Legarra eta Mikeldi Zenigaonandiarentzat) eta besteentzat ustezko kolaboraziogatik bosna urte (Mitxel Zenarruzabeitia, Xabier Erkiaga, Jon Akarregi, Gaizka Liona eta Urtzi Etxebarriarentzat) eskatu zituen. Defentsako abokatuek, berriz, guztien absoluzioa eskatu zuten. Askatasunak salatu du epaiketa honek tortura duela oinarri, "akusatuetako bi atxilotu zituzten momentutik bortizki torturatuak izan zirelako Guardia Zibilaren eskuetan. Eta hor ematen da operazio polizialaren abiapuntua".
  Politika 2007-10-19 13:44

Polizia Mikel Rekarte eta Jon Rosalesen atzetik dabilela baieztatu du AAMk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Espainiako Poliziak asteazkenean abiatutako operazioa ez du etenik: gaur goizaldean beste bi gazteren etxeak miatu dituzte. Dagoeneko horien izenak baieztatu ditu Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak. Etengabe bitakorak zabaldutakoaren arabera, Jon Rosales eta Mikel Rekarte "Txikerra" algortarren bila ibili dira poliziak. Halabaina, gazteak ez zeuden bertan eta dena miatu eta ordenadoreak eta hainbat kutxa atera dituzte etxeetatik. Bestalde, goizean ere nabarmena izaten ari da poliziaren presentzia Getxo udalerriko hainbat kaleetan, errepresioaren aurkako erakundeak salatu duenez. Bestalde, asteazkenean atxilotutako Joseba Elorriaga "Peski", Mikel de Gregorio "Degre", Txomin Gezuraga, Lander Labajo, Aner Mimenza eta Josu Rodriguez "Nekora" gazteen familiarrak Madrilera joan dira, gaur eguerdian epaitegitik pasako direla esan dietelako. Atzo atzemandako Zigor Goikoetxearen egoeraren berririk, ordea, ez dauka oraingoz AAMk. Inkomunikatuta dago polizien eskuetan. Atxiloketak salatzeko mobilizazioa deitu dute, 20:00etarako, Algortako Telletxe plazan. Argazkian, atzoko manifestazioa Algortan.
  Politika 2007-10-19 12:48

Espainiako Poliziak bi etxebizitza miatu ditu goizaldean Getxon

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Azken bi egunotan Espainiako Poliziak Uribe Kostan egin dituen zazpi atxiloketen harira, gaur goizaldean bi etxebizitza miatu dituzte Getxon, baina ez da atxiloketarik egon, Gara.net-ek zabaldu duenez. Polizia iturrien arabera, gaur goizaldean burututako operazioan material ugari eraman dute arakatutako etxeetatik, ordenagailu bat tartean. Askatasunak adierazi duenez, Polizia Jon Rosales atxilotzera joan da. "El Correo Español"-en arabera, berriz, bi dira Polizia bila joan zaizkien lagunak (ez dute izenik eman), halabaina, ez dituzte etxean aurkitu.
  Politika 2007-10-19 01:47

Poliziak Larrañazubin zulo bat topatu duela diote hainbat hedabidek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Algortako Larrañazubi auzoko "zonalde menditsuan" Espainiako Poliziak zulo bat topatu duela zabaldu dute hainbat albiste-agentziek. "El Correo Español"-ek jasotako bertsioaren arabera, arratsaldean Espainiako Poliziako agenteak Larrañazubira gerturatu dira, Josu Rodriguez "Nekora" atxilotua beraiekin eramaten zutela. Bizkaiko egunkariaren arabera, Rodriguez mutikoak gidatu ditu poliziak zuloraino. Bertan, ontziak, likido erregaiak eta bestelako etxe-tresnak topatu ei dituzte. Horiek "sabotajeak egiteko" zein "'molotov' koktelak egiteko" erabili dituztela adierazi du Poliziak. Gainera, iturri berberen arabera, zulotik metro batzuetara, sasi batzuen atzean "nahasketa esplosiboak" lortzeko oliontziak aurkitu omen dituzte. Iturri polizialekin jarraituz, Rodriguez izan da Informazio Komisaria Nagusitik irten den gazte bakarra. Etengabe bitakoraren arabera, berriz, 19:30ean Algortako Redentor elizaren pareko lurraldean 30 bat polizia ibili da "sastraka artean zuloak egiten. Alde egin dutenean bizilagunek ikusi dute botilak eta bestelako material zaharrak utzi dituztela bertan". Bestalde, asteazkenean atxilotutako sei kideak Garzonen aurretik bihar, ostirala, zein etzi pasa daitezkeela zabaldu dute iturri polizialetatik edaten duten hedabideek. Argazkian, atzo atxilotuen alde egindako mobilizazioaren irudi bat.