Politika 2004-04-22 20:16

Espainiako Kongresuko kultura eta kirol idazkaria izango da Marisa Arrue

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Leopoldo Barreda Bizkaiko PPko lehendakariak gaur jakinarazi duenez, Espainiako Diputatuen Kongresuko Kultura eta Kirol Batzordeko idazkaria izango da Marisa Arrue Getxoko popularren bozeramalea. Madrilen bigarren legegintzaldia egingo du horrela eta, aldi berean, diputatu eta udalerriko zinegotzi izateko asmoa dauka Arruek. Barredak nabarmendu duenez, "egindako izendapenei esker, garrantzi handia hartzen ari da Bizkaiko PP Eusko Legebiltzarrean eta Kongresua osatzeko orduan".
  Politika 2004-04-20 23:58

Algeciraseko espetxera autobusa Algortatik

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Apirilaren 24an (larunbata) Algeciras eta Bapaumeko espetxeetara martxa nazionala antolatu du Amnistiaren Aldeko Mugimenduak, Espainian eta Frantzian Euskal Herritik urrunen dauden espetxeetara alegia. Algortatik ere autobusak egongo dira: besteak beste, Faduratik abiatuko dira 23an eta hurrengo egunean, 24an, elkarretaratzea egingo da, eguerdiak aldera, Algeciraseko espetxearen aurrean. Autobusa bueltan izango da Algortan igande goizalderako. Algortako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak adierazi duenez, lehenbailehen eman behar da izena autobusen plazak zehaztu ahal izateko.

Informazio gehiago:

Algortako Amnistiaren Aldeko Mugimendua
oihua@kaixo.com

Algortako Amnistia Taberna
Gorrondatxe Herriko Taberna
  Politika 2004-04-09 22:25

Aberri Eguna 2004

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Hainbat eragilek eskaera hori plazaratu duten arren, aurten ere Aberri Eguna ez da bateratua izango. Izan ere, ekitaldi propioak antolatu dituzte igande honetarako (apirilaren 11a) hainbat alderdik, EAJk, EAk eta ABk, besteak beste; eta erakunde zenbaitek: hala nola, Nazio Eztabaidaguneak eta ezker abertzaleko zein EAJ-EAren Udalbiltzek. Batasunak ez du ekitaldi propiorik egingo eta Udalbiltzak eta Nazio Eztabaidaguneak antolatutako ekitaldietara joateko deia egin du. Aralarrek, berriz, Nazio Eztabaidagunekoarekin eta ABrenarekin bat egin du.

Beste alde batetik, Aberri Eguna herriz herri egitera ezker abertzaleko udal hautetziek egindako deialdiaren barruan, bi ekitaldi daude deituta Uribe Kosta eskualdean; bata Plentzian eta bestea Erandion. Azkeneko hau udaletxe aurrean izango da 12:00etatik aurrera.
  Politika 2004-04-06 22:41

Lehergailua zirudien maleta indargabetu dute Tamarisesetik hurbil

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Ustez barruan lehergailua zeraman maleta indargabetu du eguerdian Ertzaintzak, Algortako Ereaga hondartza parean dagoen Tamarises hotelaren ondoan. Polizia autonomikoak bertatik paseatzen zebilen lagun baten deia jaso du, 12:30ak aldera, Tamarisesetik metro gutxira dagoen lorategi txiki batean, maleta susmagarria zegoela jakitera emanez. Aipatutako hotelan eta beste alboan dagoen Igeretxen zegoen jendea irtenarazi eta Ereagara sartzeko eta Portu Zaharrera biderako errepidea moztu du, denbora gutxira, Ertzaintzak. 14:15ak aldera, lehergailuak indargabetzeko robotak eztanda kontrolatua burutu ostean, telefono mugikorra, kableak eta hutsik zegoen bonboi-kaxa bat baino ez zeudela barruan egiaztatu ahal izan dute artezilariek, baina leherkaririk ez.
  Politika 2004-04-05 23:00

BBBrako hautagai izateko, Getxoko udal batzarren sostengua ez du lortu Zarraoak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri EAJko Bizkai Buru Batzarreko lehendakaria aukeratzeko hautes-prozesuaren lehen itzuliaren bozka zenbaketa atzo amaitu ostean, 94 udal batzordeen sostengua lortu du gaur egun lurraldeko exekutibako buru den Iñigo Urkulluk. Iñaki Zarraoa Getxoko alkateak, berriz, 14 udal erakundetan lortu du irabaztea. Besteak beste, Bilboko 12 udal batzarretatik hamarretan gailendu da Urkullu, baita Zarraoa alkate den udalerriko Getxo, Ondarreta eta Algortakoan ere. Eta Ezkerraldeko guztietan, eta Bermeo, Galdakao, Basauri, Gernika edota Durangon ere bai.
  Politika 2004-04-03 00:15

M-11, zerbitzu sekretuek egin eta Espainiako komunikabideek erabili eta isildu

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Xarlo Etchezaharreta askatzeko eskatu dute Kalegorriako kideek

Kalegorria aldizkariak "11-M. La CIA proporcionó a la Ser y a ‘El País’ datos clave que negó al juez Ruiz de Polanco para su investigación sobre Al Qaeda" izeneko ikerkuntza gaia argitaratu du apirilean zehar plazaratuko den 27. zenbakian. Gaur Bilboko La Bolsa zentro zibikoan emandako aurrerapenean, agerkari horretako eta IPES-GITEko kideek adierazi dutenez, iragan martxoaren 11an, Madrilen izan ziren atentatuen ondotik, "informazio interesatuak besterik ez dira izan komunikabide gehienetan. Boterearen helburu bakarra, ustezko egileen inguruan informazio trakestuak ematea izan da". Izan ere, "aurrez jakin eta ezkutatu ziren informazioak edo atzerriko zein Estatuko zerbitzu sekretuek gertaera latz horretan izan duten parte hartzea edo utzikeria" jarri nahi dute mahai gainean Kalegorriakoek.
  Politika 2004-04-02 22:40

Algortako gazteen kartzel arriskuaren aurrean, enplazamendua Getxoko alderdiei

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Ainara Gorostiaga, Mikel Soto, Jorge Txokarro eta Aurken Sola gazte nafarrek, torturatu eta inputazio faltsuen ondorioz, kartzelan bi urte egin izanak hautsak harrotu ditu inguru politikoan. Hori dela eta, Algortako hainbat gaztek sufritzen ari diren egoera salatu eta esku-hartzeko enplazamendua egin nahi die Getxoko EAJ, EA, IU-EB eta Aralar alderdiei, Algortako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak. Kepa Saratxagak, Arkaitz Goikoetxeak eta Endika Lejarzegik "Ertzaintzak torturatu eta inputazio faltsuez espetxeratuta", fiskalak eskatzen dien 22na urteko espetxe zigorrari aurre egin beharko diote "egin ez duten kale borroka ekintzagatik", erakundekoek adierazi dutenez.
  Politika 2004-04-02 22:40

Getxoko presoen senitartekoei laguntzak bertan behera utzi ditu epaileak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri PPk horren kontra jarritako helegitea ebatzi artean, Getxoko Udalak herriko preso politikoen senitartekoei ematen dien dirulaguntzak bertan behera utzi ditu epaileak, Algortako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak jakinarazi duenez. EAJ, EA eta IU-EB alderdiek osatzen duten Udal Gobernuak gai honen inguruan politika kritikatzearekin batera, PPk eta PSE-EEk diru laguntza horien kontra egiten ari diren kanpainia salatu dute.
  Politika 2004-03-27 21:31

Zure irrifarretik sortzen zaigu guri indarra

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Omenaldia Xabier Galdeanori - martxoak 29 - astelehena - 20:00 - Telletxe (metro geltokiaren aurrean) - Algorta

(Argazkia: Herri Urratsean, Carmen alabarekin.)

Xabier Galdeano 1985eko martxoaren 30ean hil zuten Espainiako indarrek GAL izena erabiliz Donibane-Lohitzunen. Bere oroimena oso bizia dago Algortan Xabier ezagutu zutenen artean. Bere izena aipatzea nahikoa da utzi duen oroimenaren goxoa nabaritzeko. (http://epeh.galeon.com)
  Politika 2004-03-26 21:49

Soto del Realetik Burgosera eraman dute Txapi

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Bi urtez luzatu dute Txetxu Fernandezen espetxe zigorra

Soto del Realetik Burgosera eraman dute, aste honetan, Galder Bilbao "Txapi" (Algorta), ustez diligentzia judizialetarako. Algortako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak jakitera eman duenez, bisita egiteko deitu zuenean jakin zuen bere aitak espetxez aldatu zutela. "Ohi bezala ez zioten esan nora eraman zuten, eta ia aste oso bat egin du bere familiak Galder non zegoen jakin gabe", gaineratu dute. Azkenean, presoak berak deitu behar izan zuen telefonoz Burgosen zegoela esateko.
  Politika 2004-03-26 21:49

Algortako hiru gazte inputatu gisa deklaratzera deitu ditu Getxoko epaitegiak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Zigor Goikoetxea, Endika Lejarzegi eta Borja Gutierrez inputatu gisa deklaratzera deitu ditu Getxoko epaitegiak, "autoritatearen agenteei erresistentzia eta lesioak" kaeguak egotzita. Getxo udalerrian 2002an ospatu zen Ibilaldian txosna bat jartzea galerazi zien herriko gazteei Ertzaintzak, eta "euren jarkiera pasiboa zigortu nahi dute orain, polizia autonomikoak berak jarritako salaketaren bidez", Algortako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak deitoratu duenez.
  Politika 2004-03-26 21:49

Herriko preso politikoen trasladoak salatu ditu gaurko udalbatzan Getxo Biziak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Getxo Bizia plataformak udalerriko preso politikoen lekualdatzeak salatu ditu gaur egin den udal osoko bilkuran. Izan ere, azken hilabete honetan Anjel Figueroa Palentziatik Kordobara eraman dute, Jagoba Terrones Madriletik Jaenera, Orkatz Gallastegi Madriletik Castellora eta Martin Etxegarai Madriletik Albazetera.
  Politika 2004-03-25 22:54

Euskal presoen aldeko elkarretaratzea Algortan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri "Euskal Presoak Euskal Herrira" lelopean, hilaren azken ostiraleko elkarretaratzea ostiralean (martxoak 26), 20:00etatik aurrera,- Telletxen (metro geltokiaren aurrean)

Hilero azken ostiraletan Etxerat elkarteak deitutako elkarretaratzea dagoeneko erreferentzia bat da "Euskal Presoak Euskal Herrira" aldarrikapenaren inguruan. Denon Artean Euskal Presoak Euskal Herrira lemapean herriko sektore guztiaren adierazpenaren bilgunea izan nahi du elkarretaratze hau. Ez dago aitzakirik, Getxon 14 preso ditugunean, eta presoak Euskal Herrian biltzeak gatazkaren konponbidean aurrera egitea denean, aldarrikapen hau ez babesteko.
  Politika 2004-03-23 22:37

Bizkai Buru Batzarrerako hautagai izango da Zarraoa

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri EAJko Bizkai Buru Batzarreko lehendakaria aukeratzeko hauteskundeetara aurkeztuko da Iñaki Zarraoa Getxoko alkatea, atzo "El Correo Digital"-ak jakitera eman zuenez. Aste honetan bertan emango zaio hasiera lurralde ezberdinetako zuzendaritzak berritzeko barne prozesuari. Apirilaren 4an egingo den lehen itzulian, BBBko lehendakaritzarako eta bestelako zuzendaritza postuetarako hautagaiak aukeratuko dituzte lurraldeko 124 udal batzarrek. Hain zuzen ere, gutxienez, erakunde horietako biren babesa eduki beharko dute, hautagai izendatuak izan eta bigarren itzulira pasatzeko, BBBrako hauteskundeetan lehiatu nahi direnek.
  Politika 2004-03-23 22:37

Bakea eta Tolerantziaren aldeko usoa aurkeztuko dute, gaur asteazkena, Sopelan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Udaletxeko hallean, “Bakea eta Tolerantziaren aldeko Usoaren” aurkezpena burutuko da 19:00etatik aurrera. Sopelako Institutoko ikasleek margozturik eta beraien irakasleek koordinaturik, Roberto Zalbidea artistak egin du usoaren diseinua. Beiraz egindako eskultura, herriko jendeari aurkeztuko diote biharko ekitaldian. Usoak askatu eta lunch-a ere egongo da bertan. Udalak sopeloztar guztiak gonbidatzen ditu ekitaldira.