Sekeko gaztetxearen bosgarren urteurrena ospatuko dute zapatuan

Iker Rincon Moreno 2015ko api. 30a, 16:00
Hainbat lagun Sekeko gaztetxearen aurreko urteurren bat ospatzen. © SOPELAKO UDALA

Daborduko bost urte igaro dira Sopelako hainbat gaztek Sekeko errota zaharra okupatu zutenetik, eta urtemuga hori ospatzeko asmoz, zapatu honetan, maiatzak 2, egun osoko jaialdia antolatu du bertako Gazte Asanbladak. 

Jarduerak goizeko 11:30ak aldera hasiko dira, Udaletxe plazan. Plazaratu elkarteak azoka jarriko du, eta bertan jaki ekologikoak eta eskuz egindako produktuak erosteko aukera egongo da. Azoka dagoen bitartean, umeentzako tailerrak antolatuko dituzte plazan bertan. 14:30ean Udaletxe plaza alboko berdegunean, talde-argazki erraldoia aterako dute.

Herri-bazkaria 15:00etan izango da, eta aurten menu berezia prestatuko dute: bazkari mexikarra. Txartelak aldez aurretik zazpi euroan erosi beharko dira, honako lekuetan: Irubide taberna (Larrabasterra), Laiak taberna, Sekeko gaztetxea eta Eztabaida-gunean (Algorta). Herri-bazkarira doazenek edalontzia eta sardexka etxetik eroan beharko dituzte, gazte asanbladak bazkarietan sortzen den hondakin-kopurua gutxitu gura duelako, SHK Sopelako Hondakinen Kontseiluagaz bat eginez.

Arrastian ere egongo da zer egin Sopelan. Bazkalostean ohitura bihurtu den bingoa egongo da, eta 18:00etan gazteak kalez kale ibiliko dira erdiguneko tabernetatik poteoan, txaranga baten laguntzaz. Egitaraua biribiltzeko, Udaletxe plazan egongo den agertokian kontzertuak egongo dira: Cacas Blancas, Joxe Replay eta Nebula Selektah taldeen emanaldiak.

Egitaraua:
Maiatzak 2, zapatua

11:30 Azoka, Plazaratu elkartearen ekimenez: produktu ekologikoak eta eskuz egindakoak.
12:00 Umeentzako jarduerak.
14:30 Argazki erraldoia.
15:00 Herri-bazkari mexikarra. Txartelak zazpi euroan salgai, Irubide, Laiak, Sekeko eta Eztabaidan.
18:00 Poteoa tabernaz taberna, txaranga bategaz lagunduta.
20:30 Kontzertuak: Cacas Blancas, Joxe Replay eta Nebula Selektah.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun