Kuadrilla Eguna egingo dute bihar Sopelan

Iker Rincon Moreno 2015ko mai. 15a, 17:55

Heldu da eguna! Sopelako kuadrillek euren egunik handiena ospatuko dute zapatu honetan, maiatzak 16, Sopelako Balea parkean. Azken urteetan, gero eta gehiago dira kuadrillen egunean parte hartzen duten gazteak. Ohi den legez, egun osoko egitaraua prestatu dute, baina, aurten, hainbat ekimen berri prestatuko dituzte, berbarako: ohiko herri-bazkaria antolatu beharrean, kuadrillek gazteen parte-hartzea bultzatu gura izan dute, pasta-lehiaketa baten bidez. 

Kuadrilla bakoitzak pasta-plater bat prestatu beharko du “askatasun osoz”, gura dituen osagaiak erabilita. 14:00etan epaileei pasta-platera entregatu beharko diete, eta, horren ostean, denek elkarregaz herri-bazkaria egingo dute Balea parkean.

Bapo bazkaldu eta gero, 17:00etan “Banderaren jokoa” etorriko da: kuadrillek bandera bana izango dute, eta bandera gehien lapurtzen dituen kuadrillak irabaziko du lehiaketa. Jokoa udaletxeko plazan egingo dute. Egunari txapela jartzeko, arrastiko 07:00etatik aurrera kuadrillek herriko tabernetatik koktel-poteoa egingo dute, tabernek edari bereziak prestatuko dituztelako egun horretarako.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun