Aratusteak 2016

Aratuste goiztiarrak ospatzeko prest daude Sopelan

Iker Rincon Moreno 2016ko ots. 4a, 15:45
Zapatuan, "Txanogorritxo" antzezlana eskainiko du Glu Glu konpainiak. © SOPELAKO UDALA

Aurten goiz heldu dira aratusteak, aste-akabu honetan ospatuko dugu urteko jairik zoroenetakoa. Sopelan, barikuan hasiko da festa, otsailaren 5ean. Meñakoz elkarteak eta Sopelako Panderojoleak taldeak kalejira egingo dute pilotalekutik abiatuta, 19:00etan. Mozorroetarako gaia librea da aurton; zer gura duzun, haxe jantzi eta irten kalera. 

Zapatuan, ostera, kultur etxean antzerki polita ikusteko aukera izango da: "Txanogorritxo", Glu Glu konpainiarena. Ipuin klasikoaren moldaketa da. Azpimarratzekoa da lanak izango duen ukitu musikala; dantzek eta abestiek Txanogorritxo lagunduko dute basoko bide ahaztezin, arriskutsu eta dibertigarrian. Izan ere, jolastea ezinbestekoa da, baina begiak adi edukitzea beharrezkoa da beti. Emanaldia 18:00etan hasiko da eta sarreren prezioa hau da: 3 euro (umeak) eta 5 euro (helduak).

Amaitzeko, domekan, inauteri-festa handia egingo dute Urko kiroldegian; musika, barreak eta dantza egongo dira. Mozorro-desfilea 18:00etatik 19:00etara bitartean egingo da, eta mozorrorik onenak sarituko dira, hainbat kategoriatan: 0-6 urte eta 7-12 urte bitarteko mailak (1. eta 2. sariak 40 euro, Ingenioso dendan erosteko). Taldeka, berriz, honela izango da: 1. saria, 160 euro; eta 2. saria, 100 euro. Desfilea Xaiborrek animatuko du, Euskal Zumba Festagaz. Gainera, tablet bat zozkatuko dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun