Kultura 2016-10-10 13:05

Nerea Falagan Martin: "Istorioak kontatu gura ditut, nire ikuspegitik ere bai"

Erabiltzailearen aurpegia Iker Rincon Moreno

Nerea Falagan Martin (Sopela, 1991) Getxophoto jaialdi artistikoan egon da beharrean, zazpigarrenez, produkzio lanetan. Ikus-entzunezkoetan lizentziatu ostean, argazki-zuzendaritza ikasi zuen Zinema Eskolan. Ordutik, hainbat proiektutan parte hartu du, alor ezberdinetan.

Getxophoto jaialdiari amaiera eman zenioten urriaren 2an. Zer deritzozu aurtengo edizioari?

Nire ustez oso ondo atera da. Aurten 10 urte bete ditu jaialdiak; hori dela-eta, oraingo komisarioa Jokin Aspuru izan da. Hasiera batean, aurreko edizioetan komisario lanak egin dituzten guztiek, denek batera, programazio artistikoa egitea zen ideia. Hala ere, azkenean, Jokin konbentzitu zuten eta berak hartu zuen behar hori. Oso lan ona egin du, oso programazio artistiko polita izan dugulako. Gainera, 10. edizioa izanda, nabaritu egin dugu jendearen fideltasuna. Izan ere, jendeak errepikatu egin du; ekintza batzuek oso ondo funtzionatzen dute.

Zein izan da zure ardura jaialdian?

Aurtengoa nire zazpigarren urtea izan da; hilabete eta erdiz egoten naiz lanean. Gero, batzuetan, urtean zehar ere, umeakaz beste hainbat tailer egiten ditut. Ni produkzio-taldean nago; horrez gainera, jaialdiak irauten duen bitartean, informazio-puntuan egoten naiz eta bisita gidatuak egiten ditut, aldi berean. Hori da gehien gustatzen zaidana; jendeagaz egoten naizelako, gurago dut jaialdian zehar egiten dudan lana, produkzioa baino gehiago. Asko gustatzen zait aurreko edizioetan ikusitako aurpegiak berriro ikustea, oso lan polita da. Gainera, argazkigintzari buruz ikasteko aukera ezin hobea da!

Aurreko edizioakaz alderatuta, zein berritasun izan dituzue aurtengoan?

Aurreko urtean Oheak ekintza egin genuen. Horretan, hainbat ohe jartzen ditugu Begoñako galerietan, jendeak pelikula bat ikusteko euren etxean egongo balira bezala. Iaz arrakasta izan zuen horrek, eta zerbait arrakastatsua denean errepikatu ohi dugu. Halaber, iaz umeakaz bisita gidatuak egin genituen, eta aurten ere errepikatu egin ditugu, egun bitan. Oso ondo atera da. Horrez gainera, programazioa apur bat moldatu dugu. Itxialdian, berbarako, diziplina ezberdinetako adituak etorri dira eta argazkigintzaren inguruan berba egiteaz gain, denboraren inguruan ere mintzatu dira, aurtengo gaia horixe zelako: Denbora. Halaber, aurten amaieran egin dugu, nolabait jaialdia ixteko, jaialdiaren hasieran egin beharrean. Gainera, Begoñako galerietan egin dugu, lekuz aldatzearren.

Zergatik da hain interesgarria Denbora gaia?

Nire ustez polita da gai irekiak lantzea. Azken finean, denborak gauza asko suposatzen ditu. Denborari buruz hitz egiten dugunean, denbora kosmikoaz mintza gaitezke, denbora pertsonalari buruz, memoriaren inguruan edo pertsonetan zein lekuetan utzitako aztarnez ere bai. Gai asko jorra daitezke gai horren inguruan, eta, argazkigintza, halabeharrez, denboragaz lotuta dago beti. Guztiz bateragarriak dira gai biak; hortaz, 10. edizio hau ospatzeko gai oso polita izan dela uste dut.

Aurkeztutako lan guzti-guztietatik zeintzuk nabarmenduko zenituzke?

Aurten gustatu zaizkidan proposamen gehienak asiarrak izan dira, agian sentsibilitate berezia daukatelako. Adibidez, asko gustatu zait Manabu Yamanaka argazkilari japoniarra. Horrek 89 eta 103 urteko andreak dokumentatu ditu; budismoan oinarritzen da eta, esan genezake, bere subjektuei duintasuna ematen diela irudi horiekaz. Askotan gizartean baztertuta dauden pertsonak izaten dira, eta berak ikusgarritasuna eta duintasuna ematen die nolabait. Beste alde batetik, Hego Koreako argazkilaria den Daesung Lee ere asko gustatu zait. Horrek oso modu originalean dokumentatu du Mongoliako nomaden egoera. Horiek arriskuan daude, lehorteengatik, eta Leek euren egoera kaskarra dokumentatu du museoetako sinbologia erabiliz. Hala, lan horregaz ikus dezakegu badirela dokumentalak lantzeko lengoaia berriak. Horiez biez gainera, zelan ez, Euskal Herriko lehenengo emakume argazkilariaren lana asko gustatu zait, Eulalia Abaituarena. Bere lanak ikusten ditugunean gure arbasoek eta familiakoek bizitako lekuak ikus ditzakegu, eta horrek asko hunkitu nau. Berak utzitako lana bikaina da!

Ikus-entzunezko lizentziatura egin zenuen EHUn; zerk eroan zintuen mundu horretan murgiltzera?

Betidanik gustatu zait artea eta kultura, eta ikus-entzunezkoak, batez ere. Hala, Arte Ederren ala Ikus-entzunezkoen artean erabakitzeko orduan, bigarrena aukeratu nuen. Egia esan, asko ikasi nuen karrera horretan, denetarik, baina ez nuen gai zehatz batean sakontzeko aukerarik izan. Hori dela-eta, hurrengo urteetan zerbaitetan espezializatzea erabaki eta zinemagintzaren mundutik abiatzea erabaki nuen. Banekien oso bide zaila zena hartu nuena, baina aurrera egiten saiatuko naiz. Nahiko borrokalaria eta burugogorra naiz, eta ahaleginduko naiz gustatzen zaidana egiten, nahiz eta erraza ez izan.
Hala, EHUko ikasketak amaitu ostean, Argazki-zuzendaritza ikasi zenuen Zinema Eskolan.
Argazkigintza asko gustatzen zait; baina, argazkilariaren lana oso indibiduala da, eta niri asko gustatzen zait jendeagaz lan egitea. Zinemagintzak hori eskatzen dizu: pertsona bakar batek ezin du film labur bat, dokumental bat edo bideoklip bat berak bakarrik aurrera eraman, talde baten beharra du, halabeharrez.

Zein da argazki-zuzendariaren egitekoa?

Gidoilariak edo zuzendariak ematen dion gidoi literarioa hartu eta bertan agertzen den istorioa modu bisualean garatu behar du. Bisualki istorioa kontatzeko estilorik onena zein den erabaki behar du. Horrez gainera, askotan, argazki-zuzendaria kamera-operadorea ere izaten da; niri hori da gehien gustatzen zaidana.

Argazkilaritzan eta bideogintzan murgilduta ematen dituzu ordu asko. Arlo horietatik bietatik zein duzu gustukoen? Zergatik?

Bideogintza, talde-lanagatik. Egia da argazkigintza asko gustatzen zaidala eta baditudala proiektu batzuk eskuartean, baina mugimendua asko gustatzen zait.

Getxophotoko produkzioan lan egiteaz gainera, beste hainbat proiektutan jardun duzu, ezta?

Bai. Berbarako, iaz, "Argi" filmean ibili nintzen. Elorrion filmatutako pelikula da, oso proiektu berezia. "Crowfunding" bidez garatu zen, eta bertan beharrean egon ginen gehienak Zinema Eskolakoak ginen. Film hori zapatuan, hilaren 8an, estreinatuko da, beraz, irrikan nago emaitza ikusteko. Lan horretan fokularia izan naiz, hau da, kamera-laguntzaile gisa jardun dut.

Halaber, film labur askotan ibili naiz, spotak egiten eta horrelako proiektuak garatzen; gehienak, tamalez, ezer ere ez kobratu barik. Nire lanik handiena, halaber, duela gutxi Nazca musika-taldearentzat grabatutako bideoklipa izan da. Hori ere laster estreinatuko dugu: urriaren 20an. Hortaz, estreinaldiz beteta heldu zait urria niri.

Modu berean, orain dela urte batzuk aurkezle jarduteko EITBko hautaketa-prozesu batean parte hartu zenuen. Zelan joan zen?

Kar kar. Aukerarik ez galtzeko egin nuen proba. Komunikatzaile-lana ere gustatzen zait, polita da. Hala, saiakera egin nuen eta fase guztiak gainditu nituen, baina hortxe gelditu zen kontua. Berez lan-poltsan nagoela uste dut, baina ez didate inoiz deitu, eta ez nago dei horren zain. Ni nire proiektuakaz aurrera egiten nabil, esperientzia lortzen.

Nazca musika-taldearen bideoklipa grabatzen ibili zara, zuzendari legez. Zelakoa izan da lana?

Oso proiektu interesgarria izan da. Eurak eta gu, ekipo teknikokook, maila berean geunden; hau da, beraiek euren proiektua hasi berri dute, eta guk gure ibilbide profesionala abiatu berri dugu. Ondorioz, oso aberasgarria izan da esperientzia. Taldeak berak eskatu zidan bideoklipa egitea; niretzat aukera paregabea izan zen nire proiektu bat garatzea ezerezetik hasita. Normalean ni laguntzailea izaten naiz, eta hemen ni izan naiz arduraduna, guztiaren erantzulea. Bai, oso polita izan da esperientzia hori bizitzea zuzendari legez. Lortu nuen proiektu honetarako biltzea 30 lagun baino gehiago, guztira; eta babes handia sentitu dut eurengandik. Ez genuen dirurik, eta inork ere ez du kobratu. Nazcakoek eman ziguten dirua bai, baina guk erabaki genuen diru hori materiala alokatzeko eta gauzatxoak erosteko erabiltzea; produkziorako, alegia.

Zelan ikusten duzu ikus-entzunezkoen arloa Euskal Herrian?

Tamalez, kultura eta artea beste maila batean daude. Askotan ezereztu egin dira, eta hori arazo bat da. Nik uste dut bere tokia berreskuratzen saiatu behar dugula. Ni hemen gelditu naiz hori delako nire erronka: Euskal Herrian zinemagintza egitea. Azken finean, denok bagoaz, zein egoeratan utziko dugu gure herria?

Hil honetan "Game of Thrones" telesaila grabatzen ibiliko dira Barrikan.  Halako "superprodukzio" batean lan egin gura izango zenuke?

Bai gustatuko litzaidake, nahiz eta peoi bat izan, asko ikasten duzulako horietan. Aukera izango banu, bai joango nintzateke, baina ez dit axola. Argi dudana da ezin dugula itxaron besteek gu deitu arte. Nire proiektu txikiak garatzen saiatuko naiz ni beti.

Etorkizunera begira, baduzu proiekturik buruan?

Filmetan parte hartzea gustatuko litzaidake, baita nire proiektutxoak aurrera eramatea ere. Azken finean, horrek ematen dizu aurrera egiteko motibazioa. Istorioak kontatu gura ditut, nire ikuspegitik. Hala bada, zergatik ez ditut neuk garatuko? Nahiz eta argazki-zuzendaritza ikasi, ez dut baztertzen zuzendari gisa errepikatzea. Izan ere, asko gustatu zitzaidan esperientzia hori.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa