Sopelako Udaltzaingoak alkohol-tasa laukoizten zuen gidari bat harrapatu du

Iker Rincon Moreno 2017ko ots. 15a, 10:45
Sopelako Udaltzaingoaren patruila-auto bat. © SOPELAKO UDALA

Etxebarriko 56 urteko bizilagun baten aurkako eginbidea zabaldu du Sopelako Udaltzaingoak, aurreko barikuan, otsailak 10, autoa gidatzen zebilela baimendutako alkohol-tasa laukoiztea egotzita.

Urduliztik Sopelarako bidean, sigi-saga zebilen auto baten berri izan zuen joan den barikuan, 16:15 aldera, Sopelako Udaltzaingoak. Patruila bat bertara gerturatu zen eta Olabide kalean aurkitu zuen Bilborako bidean zihoan kotxea, oso motel eta esemeseka. Udaltzainek, autoa gelditu zuten eta gidariak edari alkoholdunen eraginpean zegoenaren zeinu nabarmenak zituela ikusi zuten, udal-iturriek diotenez.

Alkoholemia-probak egin ostean, baimendutako alkohol-tasa lau aldiz biderkatzen omen zuen. Hala, gidaria epailearen esku utzi zuten, trafiko-segurtasunaren aurkako delitu bat egin izana egotzita.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun