"Euria" lana antzeztuko du Markeliñek, Sopelan

Iker Rincon Moreno 2017ko mar. 3a, 13:00
© MARKELIÑE

Markeliñe antzerki-taldeak "Euria" izenburuko ikuskizun familiarra eskainiko du, Kurtzio kultur etxean, domeka honetan, martxoaren 5ean. Emanaldia arrastiko 06:00etan izango da, eta sarrerak 3 euroan daude salgai umeentzat, ohiko lekuetan; helduek 5 euro ordaindu beharko dituzte.

Antzezlan honek "berba" egiten du zerbait maite eta galtzen dugunean gertatzen zaigunaren eta sentitzen dugunaren inguruan, eta, jakina, gainditzeko dugun gaitasunaren gainean.

Euria berbarik gabeko obra da, eta eszenak forma bisualetan oinarrituz kontatzen dira. Elkarren ondoan ipinitako lengoaia osagarriak izango dira antzerkia eta dantza, istorioaren esanetara, Markeliñe taldeko kideek zehaztu dutenez. Dantzatutako antzerki garbi horretan, protagonistak aterki bigaz daukan elkarbizitza berezia kontatzen digu. Ur-tantak daude, aterki biakaz bizi den pertsonaia, lanabes kaxa bat, gauzak eskegitzeko kakoak, plantxa ero bat, abesti triste baten gaineko keinu ederrak, berokia, kanpora ematen duen leiho bat, oroitzapenen iratzargailua, eta marraztutako eguzkia ere bai.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun